Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Ekonomia ETORKIZUNA ASETZEA XEDE

Publizitatea

Ekonomia

Elikagai industria Euskal Herrian. Bilakaera eta erronkak

ETORKIZUNA ASETZEA XEDE

Garai oparoan dago Euskal Herriko elikagai industria. Krisian mila lanpostu desagertu badira ere, inoizko fakturaziorik hoberena izan du 2015ean, eta 2008tik bikoiztu egin ditu esportazioak. Hala ere, kontsumo joerak aldatzen ari dira, eta erantzuteko ahalmenak baldintzatuko du haren bilakaera.
Infografia: BERRIA

2017-06-18 / Joxerra Senar

Andonik presa dauka. Bart nekatuegi zegoen biharamuneko bazkaria prestatzeko, eta orain ez du denbora nahikorik etxera joan eta ezer egiteko. Lanera itzuli beharra dauka. Jatetxean menua bazkal dezake, baina supermerkatura jotzea hobetsi du. Entsalada oso bat kinoarekin, piper beteak bakailaoarekin, sagar ekologiko bat eta freskagarria erosi ditu. Telefonoaren QR kodearekin ezaugarriak irakurri, eta zenbat gantz, azukre eta kilokaloria jango dituen kontsultatu ditu. Egarri da. Zukuak zenbat fruitu duen begiratu ostean, ireki eta tragoxka jo du. Behin irekita, edalontziak ohartarazi dio edariak zehazki zenbat iraungo dion. Zertxobait aurreztea lortu du, gainera.

Ez da zientzia fikzioa. Supermerkatuetako apaletara jo besterik ez dago badatorren errealitate horretaz jabetzeko. Barazki eta arrain kontserbak elikagai industriaren produktu tradizionalak dira jadanik. Gero eta eskaintza zabalagoa eta konplexuagoa dago bezeroaren eskura. Gaur-gaurkoz, gutxik kontsultatzen dituzte elikagaien ezaugarriak QR kode bidez, eta ontzi adimendunak arraroak dira oraindik; baina, aldi berean, gardentasun handiagoa nahi du erosleak. Etorkizuna ate joka du industriak. Baita Euskal Herrikoak ere.

Izan ere, gero eta garrantzi handiagoa hartu du. Nafarroan sektore ekonomiko nagusietan bigarrena da, eta hori bada zerbait, autogintzak eta bereziki Volkswagenek duten itzal handia kontuan hartuta. Nafarroako Gobernuak sektore estrategiko izendatu du. «Beste sektoreak baino azkarrago ari dira hazten, eta gehiago inbertitzen, ikertzen eta kontratatzen ari dira. Besteek baino gehiago esportatzen dute», azaldu du Izaskun Goñi Nafarroako Gobernuko Politika Ekonomikoko zuzendari nagusiak.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan industriako beste alorrek indar handiagoa badute ere, Jaurlaritzak ere sektore estrategikotzat izendatu du. Iparraldean, berriz, enpresa handirik ez dago, baina sektoreak pisu handia du gizartean eta ekonomian.

Hiru eremuetan klusterrak sortu dituzte. Izan ere, enpresen %97 enpresa txiki eta ertainak dira, eta sektorearen erronketako bat enpresen arteko lankidetza bultzatzea da. Nafarroakoa, esate baterako, iaz sortu zen, eta martxoan Sandra Agirre izendatu zuten zuzendari. Haren hitzetan, enpresa handi zein txikiei erreminta teknologiko bat eskaini nahi diete lehiakortasuna hobetu dezaten eta elkarren arteko konfiantzaren bitartez ideia berriak garatu ditzaten. «Kluster bat katalizatzaile bat da: berrikuntza azeleratu behar du. Ezinbestekoa da ideiak estrategia bihurtzea eta ondoren proiektu operatiboak gauzatzea, elikagai sektorearen kate osoa berritzeko: produkzioa, gestioa, merkaturatzea, zerbitzuak, nazioarteratzea... Guk eragileak eta aukerak elkartzen ditugu, eta lehen kilometroak haiekin egiten ditugu. Ondoren, bere bidea egiten dute».

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan aurreratuago daude norabide horretan, duela zortzi urte sortu baitzuten klusterra. Jon Ander Egaña EAEko klusterreko zuzendariaren arabera, prestakuntza duen jendea behar du sektoreak, bai berrikuntza teknologikorako, bai merkaturatzeko. Alde horretatik, EAEko klusterra plan bat lantzen ari da enpresen beharrak lanbide heziketako zentroen eskaintzarekin uztartzeko.

Krisia atzean utzi du

Mugaren bi aldeetan, garai oparoan dago sektorea. Krisia nabaritu dute, baina 2013tik gorantz dator. Iaz inoiz baino gehiago fakturatu zuten, eta azken hamar urteetan %20 handitu dira salmentak. «Gutxika-gutxika, igoz doa fakturazioa; ez da bat-bateko gorakada. Guk 2012an nabaritu genuen krisia, BEZa igo zenean. Sektorean gauzak txarto doazenean, ez dira salmentak bat-batean jausten. Jendeak beti jan behar du», azaldu du Egañak. Hala ere, Jose Ignacio Calleja Consebroko zuzendari nagusiaren hitzetan, krisiak «gogoeta estrategikoa egiteko, sendotzeko eta berrikuntza garatzeko» balio izan die.

Sendotzeko bidean, irtenbideetako bat kanpo merkataritza izan da. 2008tik, esportazioak ia bikoiztu egin dira. «Sektorea garai onean badago, neurri handi batean izan da esportazioen bidez aurre egin izan diolako krisiari», esan du Hector Barbarin CNTA Elikagai Segurtasuneko Zentro Teknologikoko zuzendariak. Consebrok, Ebro ibarreko enpresak biltzen dituen elkarteak, 1981ean bultzatu zuen CNTA, eta, besteak beste, nazioartera hedatzen laguntzen die enpresa bazkideei. Adibidez, Estatu Batuetara. «Europaren ostean, merkatu nagusia da, baina ezaugarri eta arautegi propioak ditu. Gure lana ezinbestekoa da, AEBetako agentziek ezarritako irizpide tekniko eta administratiboak bete behar baitituzte enpresek».

Dena den, sektoreak argi du esportazioen bidean sendotu beharra duela ezinbestean. Donald Trump Etxe Zurira ailegatu izanak oraingoz ez die galgarik ezarri esportazioei. Iragan astean, Izaskun Goñi AEBetan izan zen bidaia komertzial batean, eta kezka hori denen ahotan zegoen. Gobernu federaleko ordezkariek aurreratu zieten merkataritza arloko desorekak dituzten herrialdeekin hartuko dituztela neurriak; trukea «orekatua» den kasuetan, berriz, egoerak berdin segituko du.

Goñik «oso joera interesgarriak» antzeman ditu Estatu Batuetan. Adibidez, koxer edo lege juduaren arabera ekoitzitako produktuen ziurtagiria eman ohi duen erakunde nagusiarekin egon dira. «Gure enpresa batzuek koxer ziurtagiria dute produktuak juduei saltzeko, baina, gure harrigarri, jakin dugu modan dagoela, batez ere New Yorken. Joera hori kostaldeko beste hirietara zabaldu daiteke. Iruditzen zaie koxer produktuak osasungarriak direla». Era berean, produktu ekologikoen inportazioa 1,3 bilioi dolarrekoa da AEBetan, eta, erosleen erdiak gazteak direnez, gorantz egingo du. «Estatu Batuetako merkatua oso handia da, eta batez besteko errenta oso handia da. Desabantaila da mundu osoarekin lehiatu behar dela, baina zirrikitu bat ireki eta sartzea lortuz gero, aukera handia da hemengo enpresa txiki edo ertain batentzat», dio Goñik.

Dena den, Jon Ander Egañaren ustez, enpresek ideiak argi eduki behar dituzte kanpora hedatzerakoan. «Enpresei lagundu behar zaie estrategia bat garatzen. Esportatzea ez da azoka batera joan eta palet bat saltzea. Zure estrategiaren barruan egon behar du, eta dirua, denbora eta gaitasuna duten pertsonak behar dituzu». Eta hain zuzen, Egañak uste du zenbaitetan ez dutela estrategia argirik. «Ez dute argi nora jo».

Beste gabezia bat ere antzeman du Egañak. Elikagai merkatua munduan gainezka dago, eta bereiztea giltzarri da. «Istorio bat kontatzen duten produktuak bilatzen ditu jendeak. Guk dauzkagun markak oso egokiak dira horretarako. Merkatuak ulertu egiten du produktu batek prezio bat daukala atzean kalitate bat, istorio bat daukalako; saltzeko amu bat da. Beste kontu bat da jakitea hori guztia kontatzen. Beharbada, daukagunarekin, beste herrialde batzuek urrea aterako lukete. Gurean ez da dena txarra, baina hobetu behar dugu».

Kontsumo joerak

Merkatuaren aldaketetara azkar egokitzeko ahalmena erakutsi du industriak, baina aurrean duen erronka ez da makala. Kontsumo joera berriak indarra hartzen ari dira, eta, guztien artean, osasunaren gaineko kezka nagusitzen da. «Kontsumitzailea jabetu da osasunaren eta elikaduraren arteko erlazioaz. Produktu osasungarriagoak eta naturalagoak nahi ditu, prozesatu gabeak eta gehigarririk gabeak. Gluten, gantz, azukre, gatz eta laktosa gabeko produktuek gora egin dute. Eta gero eta gehiago dira barazki jaleak edo beganoak», azaldu du Barbarinek. Horri lotuta, dieta pertsonalizatuak indarra hartzen ari dira. Bataren alergiak direla edo bestearen nahiak direla, etxeetan gero eta joera handiago dago bakoitzari egokitutako jana egiteko.

Beste joera plater prestatuak dira. «Lau afaritik hiru etxean egiten dira, baina janaria azkar prestatzeko joera nagusitu da. Ia ez dago denborarik sukaldean aritzeko, eta errezeta errazak orokortu dira. Gainera, eramateko zerbitzuak gero eta gehiago erabiltzen dira, baina erositakoa kalitatezkoa izatea eta osagai osasungarriak izatea nahi du jendeak», dio Jose Ignacio Callejak.

Haren esanetan, 20 eta 35 urte arteko belaunaldiari adi erreparatzen dio industriak: «Ondo informatuak egon nahi dute, eta elikagai bakoitzaren atzean zer dagoen jakin nahi dute. Era berean, marka batekiko leial izateko aukera gutxiago dute». Erosleak zehazki zer jaten ari den eta nondik datorren jakin nahi ditu. Era berean, etorkizunean kontsumitzaileak erreminta digitalak gero eta gehiago erabiliko ditu bai informazioa jasotzeko, bai erosteko. Gardentasuna eta merkataritza elektronikoa enpresen hiztegian sartu beharko dira.

Fabrika adimenduna

Horrek guztiak industria eraldatzea dakar. Gainerako sektoreetan bezala, elikagai enpresek 4.0 industria edo fabrika adimendunaren erronkari aurre egin beharko diote. Kontzeptu zabala da; lehengaiaren ekoizpenetik eroslearen eskuetara iritsi arteko prozesu osoa har dezake: produktuak nola dauden zehatzago jakiteko sentsoreak, ekoizpen prozesuen digitalizazioa eta errobotizazioa, logistika hobetzeko sistemak, jakien segurtasuna...

Enpresa bakoitzak ikusi behar du zein teknologia egokitzen den hobeto beharretara, baina, Callejaren ustez, batik bat segurtasuna hobetuko du, informazioa azkarrago izango duelako konpainiak. «Bere helburua izango da kontrol handiagoa ezartzea eta alerta egoerak azkarrago atzematea». «Berehalako kontrola ezarriko du», gaineratu du Barbarinek: «Erronka da kontrolak eta analitika ekoizpen linean eta modu iraunkorrean egitea, datuak unean bertan jasotzeko. Erantzunak bizkorrago har daitezke, eta prozesu eraginkorragoak lortu».

Hobetzeko beste esparru bat ontziak dira. «Bi joera antzematen ditugu. Batetik, ontzi aktiboek elikagaiaren ezaugarri batzuk hobetu ditzakete: adibidez, ontzi batzuek oxigenoa gorde eta oxidazioa atzeratzen dute. Bestetik, ontzi adimendunek informazio gehigarria ematen dute. Kolorea aldatuz, kontsumitzaileari ohartarazten diote hotz katea hautsi den edo produktua zer egoeratan dagoen», zehaztu du Barbarinek.

Publizitatea

Sortu kontua
Joxerra Senar Joxerra Senar

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak