Albistea entzun

Ahomentan

HUMORIS CAUSA

Egia da heziketa ez dela txantxetako gauza. Irribarre batek bizitzako ikasgai latzenak ere goza ditzakeela beste. Joxe Mari Agirretxe 'Porrotx'-ek bizibide bihurtua du irri gozoa. Iñaki Goirizelaiak irauteko erabili izan du, besteak beste. Eguneroko lezioez, etorkizunerako irakaspenez aritu dira biak. Heziketaren eta umorearen amoreagatik.
ARGAZKIAK: LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS

Amagoia Iban -

2015eko uztailak 26 - Leioa

Irakasletza ez zuten hemen irakasten, baina ikasle garaian etorria naiz hona». EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Leioako campusean. Joxe Mari Agirretxe errektoretzako igogailuan. Oporretan da; ezagun du aurpegian. «Bibotea moztu dut. Porrotxekin batera bueltatuko da, bakazioak bukatzean».

Oporrik ez oraindik Iñaki Goirizelaiarentzat. Lanaldi beteko egunak ditu. «Ikerketa, argitalpen, matrikulazio sasoia dugu, eta lan asko ematen du horrek».

Bostekoa luzatu diote elkarri. «Bi musu emango dizkizut, aizu!», Agirretxek. Irribarre eta besarkada elkarri. Errektorearen birrete beltza atera du kaxatik Goirizelaiak; pailazo oinetako erraldoi eta koloretsuak Agirretxek. «Hauekin bai, hauekin golak sar daitezke», errektoreak.

Biak elkartu dira hezkuntzaz, heziketaz, kulturaz, umoreaz hitz egiteko. Eta argazkilaria, bere lana egin nahian. «Sudurra, sudur gorri bat bazenuela esan duzu, ezta?», pailazoari. Badu, bai. Jeansetako eskuin patrikatik atera du, puntu gorri bat errektorearen aurpegira bidean, birretea pailazoaren buru gainera. «Aitona omen zara jada», Agirretxek Goirizelaiari. «Bai. Bi aste ditu». Manex duela izena. Ederra dela. Ez direla gauza bera aita izatea eta aitaita izatea. Ezta ikasle izatea eta irakasle izatea ere.

JOXE MARI AGIRRETXE: Filosofia ikasten hasi nintzen ni, askotan gertatzen den bezala, institutuan eduki nuelako...

IÑAKI GOIRIZELAIA: Irakasle ona, ezta?

J.M.A.: Bai, oso. Galo Martinez de Lapera izena zuen, eta harekin liluratuta hasi nintzen filosofia ikasten. Irakasle Eskolara pasatu nintzen gero. Bietan batera eman nuen izena, baina gaztea nintzen orduan, oso saltseroa, eta ikasteko denbora askorik ez nuen hartzen. Garai hartan prozesu bat bazen martxan hemengo estatutuak onartzeko.

I.G.: Akordatzen naiz, bai.

J.M.A.: Bagenuen «sektore kritikoa» deitzen zen talde bat, eta han ibiltzen nintzen. Hona etortzen ginen, Leioara, batzarretara eta. Hiruzpalau egunetan onartu ziren estatutuak.

I.G.: Goio Monreal zen errektorea. Ikasleen ordezkaria nintzen, eta prozesu horretan parte hartu nuen nik ere. Begira, hemen ibili ginen biok elkarrekin eta jakin barik! [barreak] Estatutu haiek garatzeko, alde guztietatik geneukan onena ipini genuen, eta estatutu haiek ahalbidetu zuten gaur egungo EHU. Gero gauza asko aldatu da; orain estatutu berriak ditugu, baina nik uste dut oinarrizko filosofia hor dagoela oraindik. Oso momentu berezia izan zen hori.

J.M.A.: Saltsak saltsa, azkenean irakasle bihurtu ginen, eta gogoan dut praktiketan hasi nintzenean dardarka sartzen nintzela gelara, haurrengana. Gauzak orain aldatuko ziren noski, baina gure garaian haurrekiko harremanean nahiko motzak ginen. Jardunean ikasten zenuen. Orokorra iruditzen zait hezkuntza munduan txikitatik, haurrekin, gaztetxoekin-eta, pertsonaren alde afektiboa, pertsona osotasun gisa lantzeko gabezia.

I.G.: Nik uste dut hori ere landu behar dugula. Eta ez da bakarrik unibertsitatean garatu beharreko gauza bat. Alde afektibo hori desagertzen da askotan gure eguneroko zereginetan murgiltzen garenean, eta gauzak asko zailtzen dira. Hezkuntza gaur egun zentzu erabat utilitarioan ulertzen ote den? Unibertsitatean ematen dugun hezkuntzaren helburua, behintzat, ez da utilitarioa izan behar. Hemen pertsona kritikoak sortu behar ditugu. 300.000 pertsonatik gora pasatu dira hemendik EHU ofizialki sortu zenetik. Milaka pertsona horiek instituzioetan parte hartzen dute, enpresetan, gobernuz kanpoko erakundeetan, literaturan, dantzan, pailazo dira... eta gai dira aldaketak ekartzeko dauden arloetan.

J.M.A.: Afektibitatearen kontu hori ez nuen aipatzen hainbeste unibertsitateari buruz, baizik eta bizitzaren etapa guztietan presente izan behar dugun zerbait gisa, txiki-txikitatik. Nik bere osotasunean ulertzen dut pertsona, eta hor bai sumatzen dut —eta neu ere irakasle izanda eta parte sentituta— ez dugula izan prestakuntza pertsonen arteko harremanak kudeatzeko eta lantzeko. Hori inportantea da. Orain aitaita zara. Zure bilobaren sexualitatea hasi da jada, esaterako —baliteke jaio aurretik hasi izana—, eta ibilbide guztian kontuan hartu behar genukeen zerbait da.

I.G.: Hezkuntza, alde guztietatik hartuta —afektibitatea, sexualitatea, arrazoinamendua egiteko gaitasuna, lehen aipatzen nuen espiritu kritikoa...—, prozesu luze bat da, baina prozesu luze horrek egonkortasuna ere eskatzen du. Hori sumatzen dut faltan nik: hezkuntzaren inguruko adostasuna eta egonkortasuna. Zure alaba, adibidez, orain sartuko da unibertsitatean, eta lau urte ditu aurrean. Gero, agian, nahiko du master bat egin —doktorea izatea ere oso inportantea da; herri honetan ez diogu eman oraindik daukan balioa doktore izateari—. Eta begiratzen duzu, eta akaso hamar urte beharko ditu guztira dena bukatzerako. Hamar urte horietan, hamaika aldaketa izan daitezke hezkuntza sistema osoan. Guk azken boladan ministro asko ezagutu ditugu, eta bakoitzak bere aldaketak egin ditu. Egonkortasuna eta oinarrizko ituna behar dira gizartean. Horretarako ere baditugu alderdi politikoak.

J.M.A.: Finlandian bada adostasun hori. Maiatzean, Herri Hezitzailea, Eskola Herritarra jardunaldiak izan ditugu Donostiako Kursaalean, eta hango eredua izan genuen hizpide. Finlandiako irakasle eta aditu bat izan zen horretaz hizketan. Hark esan zuenez, ezkerreko alderdietatik hasi eta eskuinekoetaraino, denak datoz bat han hezkuntzak duen garrantzian. Bat datoz, era berean, hezkuntzaren inbertsioetan eta deszentralizazioan.

I.G.: Garbi daukat gaur egun daukagun lege marko honen barruan ezin dela garatu buruan daukadan unibertsitatea. Finlandiako hezkuntza sistema eredu da. Badakit oso urrun gaudela eta zaila dela hango sistema hemen ezartzea, baina apurka-apurka urratsak egitea garrantzitsua da. Adibidez, han hezkuntzan daude profesionalik onenak. Hasteko, soldata egokiak daudelako. Eta hezkuntzan lanean aritzeak gizartean prestigio handia dauka. Hori hemen ez da gertatzen. Uste dut hemen ere posible litzatekeela adostasuna. Beti izaten naiz baikorra, eta uste dut posible dela. Landu behar den gauza bat da, eta batzuetan lidergoa falta da. Herri honek badauka ibilbide bat; itunen ibilbidea egina daukagu.

J.M.A.: Finlandian deszentralizazioa ere oso garrantzitsua da. Lau lerro nagusi-edo markatzen dira, eta gero herrietan udala, ikastetxea, gurasoak, irakasleak dira lerrook nola bideratu, zer irakatsi eta abar adosten dutenak. Behetik gora egiten da plangintza. Pertsonaren inguruarekin, herriarekin, munduarekin harremantzeko gaitasuna oso garrantzitsua iruditzen zait. Garai batean, dena buruz ikasten zen. Guk Lasarte-Oriako mugan badugu artzain bat, gaztak egiten dituena: liburuetan agertzen den lehen sektorea da. Eta badaukagu lantegi handi bat: bigarren sektorea. Eta badaukagu merkataritza gune handi bat: hirugarren sektorea. Dena herrian daukagu, baina inor ez da joaten haiekin hitz egitera. Liburuei eta ordenagailuei begira gaude, eta akaso bada garaia leihoak eta ateak ireki eta ikasleak hara taldean bidaltzeko.

I.G.: Hau beti da baliabideen kontua. Horixe da daukagun arazoa. Zuk hezkuntzaren alde benetako apustua egiten baduzu eta baliabideak horretara bideratzen badituzu, gauza berriak egiteko aukera daukazu. Umeak hartu eta kanpora ateratzea oso erakargarria egiten zait, baina nola egiten duzu hori? Egia da hezkuntza aldatu behar dela, eta unibertsitatean ere eredu pedagogikoa aldatu dugu, baina asko kostatzen da. Bost mila irakasle ditugu, eta ez da egun batetik bestera egiten den kontua. Hor gaude, prozesu horretan. Ez pentsatu erraza denik.

J.M.A.: Ni kontziente naiz hori ez dela erraza. Estrategia eta plangintza aldatuta ere, ez da erraza. Azkenean, luzerako apustuak eta aldaketa estrukturalak eskatzen ditu horrek. Denbora ere beharko da. Ni bat nator zurekin esan dituzun gauza gehienetan, eta gazteak, batez ere, prestatuta ikusten ditut.

I.G.: Nik gazteak beste modu batean ikusten ditut orain. Duela 20-25 urte, unibertsitatean beste jarrera bat zegoen ikasleen aldetik. Ikasle gehienek helburu bakarra daukate orain: batez ere, formakuntza lortzea eta tituluak ematen duen aukerez baliatzea. Badaude aktibitate desberdinak antolatzen dituzten talde batzuk, modu kritikoan jarduten direnak, beste filosofia bat daukatenak unibertsitate barruan. Uste dut gutxiago direla duela 30 urte baino. Ez dakit non dagoen horren esplikazioa. Hau guztia diot zurekin bat egiten dudalako formakuntzaren ikuspuntutik. Oso formakuntza ona daukate. Baina batzuetan pentsatzen dut, atzera begira nagoenean: «Unibertsitatean egon behar da mugimendu pixka bat». Errektorearentzat ondo, aizu, lasai bizi naiz, baina ez dakit... Krisiak ere eragingo zuen hor. Ez dakit; ikasleek beste sentsazio bat dute unibertsitatean.

J.M.A.: Parte hartzearen garrantziarekin lotuta, lehen aipatu dut Eskola Herritarra, Herri Hezitzailea. Mugimendu bat sortzen ari da orain. Parte hartzea sustatzen ari gara; txikitatik sustatu beharrekoa dela uste dugu. Estamenduek —erakunde politikoak, hezkuntza mundua, herrigintza, familia eta kalea— bakoitzak bere aldetik funtzionatzen dute, eta guk ikusten dugu beharrezkoa dela gehiago elkartzea, gaur egun dauden mugak malgutzea eta eztabaidak eta erabakiak denen artean partekatzea. Haurrak txikitatik kultura horretan heztea, haztea. Denean ez, baina haurrek ere txikitatik erabaki dezakete zenbait arlotan. Hirigintzan, esaterako. Ez al zaizu iruditzen, Iñaki, gaur egun dena politikariek erabakitzen dutela? Ez al genuke beste kultura politiko batera joan behar, non dena denona ere baden eta hausnarketarako eta erabakitzeko esparruak izango diren? Demokraziaren beste kontzeptu bat litzateke.

I.G.: Bueno... ez dakit. Unibertsitatea gobernatzeko ereduaz ere hitz egin behar genuke agian. Gaur egun dauzkagun egitura eta antolaketa parte hartzaileak eta oso demokratikoak dira. Deszentralizatua, gainera. Beste kontu bat da toki guztietan pertsona bereziak daudela. Hemen ere bai. Hau oso handia da: 50.000 ikasle, 5.000 irakasle eta 2.000 administrazio eta zerbitzu langile ditugu hemen. Beti daukagu kritika bat, baina: organoetan ikasleek ordezkaritza, parte hartze handiagoa behar dutela. Aztertu beharreko gaia da, baina egia da, era berean, ikasleak hemen lau urte egiten dituela eta badoala, eta unibertsitate honek hemen segitzen duela.

J.M.A.: Lehen aipatu dizut sektore kritikokoa nintzela gazte garai haietan [barreak]. Beti egon izan naiz halakoetan, batzuetan pankartatik edo aldarrikapenetik, baina eraiki ere eraiki beharra dago, eta batzuetan pentsatzen duzu: «Nora doa mundu hau?». Gure erabakietatik ere ari gara mundua egiten. Hor bi eredu ikusten ditut: bata, mundua badoala eta mundu horretan nola koka gaitezkeen pentsatzen duena; eta bestea, mundua guk ere, gure txikitasunetik, egiten dugula pentsatzen duena. Nork agintzen du, aizu? Interes orokorrak? Interes ekonomikoek? Unibertsitateak, hezkuntza sistemak oro har, guk, barneratuta al daukagu geuk aldatu behar dugula mundu hobea, geuk sortu behar dugula gure eredua? Rol horretan al dago unibertsitatea, mundu hobeago baten alde geuretik abiatuta egiten? Aitaita izan berri zara. Zure bilobak jasoko duen mundua irudikatzeak beldurra ematen du batzuetan, ez?

I.G.: Kezka hori denok daukagu. Askotan esan izan dut herri batek zerbait egin nahi badu unibertsitate egokia behar duela. Unibertsitatea gakoa da edozein herriren garapenean, eta unibertsitateak markatuko du herri honen etorkizuna. Kezkatuta nago, noski. Horregatik nago hemen. Noski, zuk galdera planteatzen duzu jarrera batzuetatik. Sektore kritikokoa zinela esan duzu...

J.M.A.: Bueno, orain ere banaiz. [barreak]. Bizitzan daude polit fasea eta interesante fasea. Gu biok interesante fasean gaude [barreak]. Ez da zuria edo beltza, koloretakoa baizik.

I.G.: Interesante fasea aitatzen duzula, lagun batek Gauza Interesanteen Teorema asmatu zuen, eta oso sinplea da: beti dago zerbait interesantea egiteko. Egia da. Teorema hori existitzen den legez, pertsona batek asmatu zuelako, orain gainera jakin dut interesante fasean nagoela... perfekto! [barreka]

J.M.A.: Lehen sektore kritikoa ginen. Orain geure buruarekin ere kritiko gara...

I.G.: Ni beti izan naiz oso kritikoa. Neure buruarekin, egiten ditudan gauzekin, bai hemen bai hemendik kanpo. Uste dut hori oso ona dela. Eta horrek ere ekarri dit askotan arazoren bat. Unibertsitate honetan argi dago sektore asko dagoela. Sektore kritikoa badago. Beste aldean ere...

J.M.A.: Beste aldean ere kritikoak badaude. [barre txikiarekin]

I.G.: Eta erdian ere bai. Askotan esaten dut unibertsitate hau Euskal Herriaren laborategi txiki bat dela. Euskal Herrian gertatzen den guztia hemen gertatzen da. Batzuetan, arinago. Hori dela eta, ehuGune deitzen diogun foroa sortu dugu, hainbat gai hartu eta parte hartzea bultzatzeko. Energia, independentzia, denetarik lantzen dugu. Ikastaroetan, graduetan, graduondokoetan. Sektore askotan ikusten da hori. Energia, garapen iraunkorra... orain dela 10-15 urte agian ez zegoen kezka hori, baina orain bai. Euskararekin gauza bera.

Ezin dugu ahaztu, hala ere, hemen dena aztertu behar dugula zientifikoki. Energia nuklearra, esaterako. Eta transgenikoak ere bai. Hemen badaude pertsona batzuk nuklearraren eta transgenikoen aldekoak. Horiek egindako ekarpenak oso garrantzitsuak dira. Beste aldetik esatekoak ere garrantzitsuak diren bezalaxe. Erabakitzeko eskubidearen inguruan, gauza bera: aldekoak eta kontrakoak dauzkagu. Behar den ezagutzarekin erabakitzeko, batzuen eta besteen ekarpenak ezagutu behar ditugu.

Kezka sentitu. Pentsatu. Ekin. Euskal kulturara jauzi egin du errektore dantzariak: «Unibertsitate honetan kezka handia daukagu euskal kulturarekin. Hogeita hamar urte barru, etorkinak orain baino gehiago direnean, haiek euskal kulturatik integratzen asmatu beharko dugu». Atzetik joan zaio bizi-bizi irakasle izan eta herria euskalduntzeko pailazo bihurtu zenak: «Gu pailazogintzan duela ia 28 urte hasi ginen, euskara taldetik». Espainia aldetik etorritakoak ziren orduan migrante gehienak, dioenez. «Egun, herrian 70 herrialdetako pertsonak bizi gara». Egiteko asko dagoela. Eta ari direla.

J.M.A.: Euskal kultura aipatu duzu, eta, niretzat, elementu eraldatzailea da, integratzailea. Lasarte-Orian, adibidez, sekulako indarra izan du. Eta hortik bai etorri da beste herri bat. Euskal kulturaz hizketan hasi zarenean, Maialen Lujanbiok unibertsitatean [EHUren Udako Ikastaroen inaugurazioan] eman zuen hitzaldia etorri zait burura. Eta Dantzerti bat ere sortu da [datorren ikasturtean irekiko ditu ateak Jaurlaritzaren Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Mailako Eskolak], eta badago jakintza tituludun sistema bat hor, baina Lujanbiok ahozkotasuna aipatu zuen, beste jakinduria klase batzuk, paperetan jasota ez dagoen hori. Eta Euskal Herrian, gaur egun, antzerki abangoardiak euskaraz egiten du; dantza abangoardiak ere bai. Badaude bi jakintza klase, azken batean: bata formala, nolabait esatearren; eta hortik kanpokoa bestea. Bien artean harreman bat egotea eta lankidetza sustatzea oso garrantzitsua da. Orain, Dantzerti sortu denean, ez dakit nortzuk diren irakasle bertan, baina badakit hor zer erakutsia badaukaten batzuk ez direla izango.

I.G.: Nik uste dut Maialenek oso ondo esan zuela gauza batek ez duela bestea kentzen, eta besteak ez duela bata kentzen. Bat egiten dut horrekin. Dantza egin izan dut Jon Maiarekin. Dantza mundua oso ondo ezagutzen dut, eta burutik beti pasatu izan zait hemen unibertsitate mailako tituluren bat eman behar genukeela zuk aipatu duzun profil horretako profesionalak sortzeko. Unibertsitate mailako formakuntzaz ari naiz, akademian sartzeaz. Herri kulturako adierazpideak baztertu gabe. Niri zer pentsatu handia eman dit Maialenek; oraindik ere ez zait kendu burutik. Zer egin dezakegun mundu bi horiek uztartzeko, bakoitzaren zentzua galdu gabe.

J.M.A.: Lehen aipatzen nituen eskola, erakundea eta herria. Hor beharrezkoa da hain zurruna ez izatea, bakoitza berean egon gabe elkarren bila joatea.

I.G.: Gauza berriak egiteko formakuntza klasikoa eta garaikidea ez baduzu, ezin duzu ekarpenik egin. Nik ere nire gauzak egiten ditut dantza munduan. Formakuntza bat daukadalako. Hori unibertsitateak eman behar du? Agian bai. Ni beti oso kritiko izan naiz txapelketekin. Dantza ikuskizuna bihurtu da, baina ez parte hartzeko ezer. Eta ikuskizun horietako birtuosismoa ikusita, erraza da jendeak pentsatzea bera ez dela gauza izango inoiz horrela dantzatzeko.

J.M.A.: Horregatik ez ditugu gauzak perfekto egiten. Behin, Kuban, egin genuen saio bat, eta saltsa musika jarri zuten ondoren. Ni hasi nintzen, besteei begira, eta ume txiki bat etorri zitzaidan. «¿Qué pasa, Porrotx, que tú no haces el amol o qué?» [Zer da, Porrotx, maitasunik ez al duzu egiten, ala?], galdetu zidan. Orduan esan nion neure buruari: «Ez ezazu kopiatu. Egin ezazu zaren bezala, natural» [barreak]. Horregatik gara interesante gutako bakoitza. Eduardo Apodaka EHUko irakaslea ere oso interesantea da. Aurrekoan UEUn euskararen inguruko ikastaro bat izan zen, eta han hitz egin zuen. Errepublika txikiak aipatu zituen. Askotan aldaketa handiak eskatzen ditugu, eta inportantea da unibertsitatetik, eskoletatik eta etxetik, hazten ari diren haur eta gazte horiek laguntzea, gaitasuna ere izan dezaten, deialdi edo oposizioren baten zain egon gabe —horietara ere aurkeztuko gara— bakoitza beretik bere errepublikatxoa —eta ez Ikearena— sortzen joateko, denon arteko mundu berri bat eraikitzeko.

I.G.: Hori gure helburu bat da, bai. Espiritu hori beti eduki dugu Euskal Herrian, gauza berriak sortzeko. Hemen ere hori lantzen dugu. Ahaleginak egiten ditugu.

J.M.A.: DBH 1 eta 2n, irakasleak Irakasle Eskolatik datoz; 3 eta 4n lizentziadunak, eta askotan ez dute loturarik herri jakintzarekin. Kultura hori ere unibertsitatean txertatuz gero, formakuntza osoagoa eman dezake komunikatzeko, harremantzeko. Hori oso inportantea da unibertsitatean ere. Errepublikatxo bat egin dezakegu nahasketa horretan ere. Osotasun bat lortuko genuke transmisiorako eta partekatzeko.

Idazkaria ate-joka. Azken galderak. CSICeko zuzendaria zain du errektoreak. Umoretsu, baina umorea aipatu gabe joan da elkarrizketa ia osoa. Umorearen ukendu lana aipatzeko tartea, Pirritx, Porrotx eta Marimotots taldeak minbizia duten haurrekin egiten duen lana eta Goirizelaiak berak minbizi bat gainditu zuela gogora ekarrita.

J.M.A.: Umorea txiste batekin lotzen da askotan, edo algara batekin. Zerbait ikasi badugu bizitzan, hori da umorea jarrera bat dela. Guri tokatu izan zaigu hainbat elkarterekin lan egitea, gaixotasunekin, eta ikasi dugu bizitza bizitzeko jarrera eraikitzaile eta baikorra dela umorea. Beste mundu bat amestea ere umorea da. Koloreak ere bai. Jarrera hori da umorea. Eta garrantzitsua da irakaskuntzan.

I.G.: Bai, inportantea da, baina ez bakarrik irakaskuntzan. Jendeak askotan beltzez jantzita eta birretearekin ikusten nau, eta hor ematen dugun irudia seriotasunarena da. Denok gara pertsonak hemen, eta umorea, niretzat, soluzio oso polita da askotan arazoak dauden momentuan. Eztabaida gogor batean, esaterako, umore puntu bat agertzean, gauzak beste modu batean ikusten dira bat-batean. Umorea erabiltzen dut, eta baten batek umorea erabiltzen duenean niri buruz zerbait esateko, gustuko dut. Umorez egindako edozein kritika ondo hartzen dut.

J.M.A.: Errespetuz eginak badira, eta eraikitzaileak.

I.G.: Aizu, ba, niretzat oso konplikatua da pailazoena. Opera baten dramarekin lotzen dut beti, «egizu barre, pailazoa!» esaldiarekin, apurtutako pertsona batekin [Ruggiero Leoncavalloren Pagliacci operako ariari buruz ari da]. Beti pentsatzen dut agertokian umoretsu dagoen pailazo horrek, etxera doanean, zer.

J.M.A.: Ni zu bezalakoxea naiz, normala. [barre txikia elkarri]

I.G.: Nik umorearekin egin nion aurre minbizia neukala esan zidatenean jaso nuen kolpeari. Minbizia gainditu behar izan nuen aspaldi; bihotzeko bat ere bai, duela ez hainbeste. Ez dakit estresagatik izan zen azken hori. Tokatzen zaizu, eta erantzun egin behar duzu.

J.M.A.: Asko ikasten da hortik.

I.G.: Bai. Umorea ere hor dago. 35 urte nituen minbizia diagnostikatu zidatenean, eta medikuak esandako guztia egingo nuela erabaki nuen. Oso diziplinatua naiz, eta bete egin nuen hitza. Horrez gain, nire hausnarketa ere egin nuen, gaixotasunari aurre egiteko zer egin nezakeen eta beste. Nire estrategiak antolatu, eta gainditu nuen. Tokatu zitzaidan umeak ikustea minbiziarekin, eta hori bai dela oso gogorra. Pailazoen mundutik laguntza ematea, oso garrantzitsua iruditzen zait.

J.M.A.: Guretzat ere oso garrantzitsua izan da. Mugarri bat izan da. Ane ezagutu genuen; Ane Pirata pertsonaia bihurtu genuen. Eta benetan diogu bizitzako pozak eta tristurak goxoagoak direla beti partekatzen direnean. Urteak betetzea bezain inportantea da bizitzan minutu bakoitza abentura bihurtzea. Baikortasunez, umorez bizitzea da garrantzitsua.

I.G.: Unibertsitate umoretsu bat behar dugu.

J.M.A.: Sudur gorri bat.

Mahai gainean dagoen sudur gorria jasotzeko tartea. Birretea kaxa beltzera bueltatu da. Poltsa urdinetik atera ditu pailazoak bi panpina: «Pupu eta Lore dira hauek, gure umeak. Zure Manexentzat. Diskoren bat eta liburua ere ekarri dizkizut. Zuk irakurri beharko diozu oraingoz. Gozatu». Eskerrak, irribarrea, besarkada, «plazera izan da» elkarri.

Umore hitza kazetariaren gogora. Aldartea, jarrera. Umore hitzaren etimologia segidan: humor, humoris. Latina. Likidoa, hezetasuna. Oso gertuko beste hitz bat: humus, humi. Lurra. Badauka umore doktore bi hauen solasaldirako izenburua: Humoris causa.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Herritar batzuk osasun zentrora bidean, Donostian ©Maialen Andres / FOKU

Astebetean %52 handitu da positibo kopurua Hego Euskal Herrian

Irati Urdalleta Lete

27 herritar hil dira COVID-19ak jota, iragan astean baino hiru gehiago. Orotara, 445 gaixo daude Hego Euskal Herriko ospitaleetan.

Manifestazio jendetsua egin du gaur EHEk Durangon. ©Jaizki Fontaneda / Foku

«Hizkuntza politika burujabea» aldarrikatu du EHEk Durangon

Maite Asensio Lozano

Ehunka lagun bildu dira Euskal Herrian Euskaraz taldeak egindako manifestazioan. Euskara «prozesu subiranistaren erdigunean» jartzera deitu ditu independentistak, eta euskararen aldeko borroka «berpiztea» galdegin die euskaltzaleei eta euskalgintzari.

Moderna txertoaren bi bial. ©Guillaume Fauveau

Moderna txertoa baizik ez dute jarriko Iparraldeko txertaketa guneetan

Oihana Teyseyre Koskarat

Eskualdeko Osasun Agentziak erran du «dosien kontserbazioagatik» hartu duela erabakia. Pfizer txertoaren dosi bat jarri behar dutenek eta 30 urtetik beherako herritarrek osasun langile independenteengana jo beharko dute hemendik aitzina.

Ziburun hildako hiru migranteen heriotzak salatzeko protesta ©Guillaume Fauveau

Ziburun trenak harrapatuta zaurituriko etorkinak eta hiru elkartek salaketa jarri dute

Oihana Teyseyre Koskarat

Nahi gabeko hilketagatik, bizia arriskuan jartzeagatik, nahi gabeko zauriengatik, eta pozoitzeagatik jarri dute salaketa Cimade, Anafe, eta Gisti elkarteek, istriputik zauriturik atera zen etorkinarekin batera.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.