Albistea entzun

Ahomentan

Grazian haziak

Belaunaldiak eta inguruneak bereizten duena kanturako senak ezkontzen du. Berantiar izanik ere jendaurreko emarian, kantua dute «oso barrenekoa den» zerbait horren transmisio lanabesa; kantuak ditu osatzen, asetzen eta batzen.
Maddi Oihenart eta Maite Larburu, basoan, Itsasun.
Maddi Oihenart eta Maite Larburu, basoan, Itsasun. ARGAZKIAK: BOB EDME

Gorka Erostarbe -

2015eko abuztuak 2 - Itsasu

Frontoietako jolasek badute musikarekin zerikusirik. Biek dute erritmo eta tempo jakin bat. Hala azaldu izan du behin baino gehiagotan Beñat Axiari kantari eta musikari donapaleutarrak. Maite Larbururi gustatzen zaio frontoian palaz jolastea. Sandaliak ditu oinetakotzat, eta babak sortzeko arriskua bere eginda, gozatu egin du Itsasuko frontoi ageri politean. Ibon Rodriguez musikari (Eten, Xabier Montoia, Manett...) eta ahozko kantu nahiz inprobisazioen zale nahiz ikertzailea, eta kazetaria bera izan ditu jolaskide, apur bat lehentxeago egindako elkarrizketa solasaldian bezalaxe. Besteak beste Beñat Axiarik berak antolatu ohi duen Errobiko jaialdia egiten ari dira Itsasun; osteguna da, eta iluntzean Maddi Oihenartek kontzertua eskainiko du Julen Axiarirekin eta Romain Baudoinekin batera. Elkarrizketaren eta kontzertuaren arteko arrats ordu gozoak hartu ditu pala jokoak. Eta umorerako tarteak, eta musika nahiz kanturako hizketaldiek. Beti kantua. Atharri frontoiaren ondoko bazkaltokian izan da bi kantarien arteko solasaldia, arratseko lehen orduan, eguraldi eguzkitsu sanoa lagun, mendi magalak parez pare... eta kantua mintzagai. Beti kantua. Elkar ezagutu dute Maddi Oihenartek (Barkoxe, Zuberoa, 1956) eta Maite Larburuk (Hernani, 1979). Larburuk Josh Cheatham gitarra jotzailearekin batera osaturiko Neighbor bikotearen Ura patrikan diskoko Nunzare kantua jarri dio entzungai Oihenarti, aurrez entzun gabea baitzen lan hori.

Maddi, zer ekarri dizu gogora Maiteren kantuak?

MADDI OIHENART (M. O.): Lehen itxuran, Brasilgo euskalduntsa baten kantu bat. Baina euskaraz. Nigandik urrun den mundu bat, hori bai.

Hain urrunekoa egiten zaizu zuri bere mundua, Maite?

MAITE LARBURU (M. L.): Bueno, hain urrunekoa ez, baina desberdina bai.

Biek baduzue puntu komun bat, behintzat. Biak zarete kantari berantiar samarrak.

M. O.: Bai, eta, egia esan, oraindik ere ez naiz usu publikoan aritzen. Kosta egiten zait, depende zer egiten dugun eta...

Errespetua ematen dizu publikoak?

M. O.: Nik neure burua ez dut kantari bezala sentitzen, baizik eta gauza baten transmisore bakarrik. Adibidez, aste honetan izan gara irakasle batekin hemen Itsasun, eta entsegu bat egin ondotik galdetzen zidan: «Ondo sentitzen zara?». Eta nire erantzuna: «Ez». Ez da nire lekua. Gure kantagintza lehen ez baitzen horrela; orain bai akaso, geroz eta gehiago, baina lehen zen elkarrekin egindako gauza bat, elkartzen gintuen gauza bat, eta orain beste gauza bat da, oso diferentea. Oholtza batean jartzea, aitzinean jendea duzularik. Performancearen ideia hori... ni ez naiz sentitzen horretan.

Zure osotasuna kantuan, beraz, ostatuetan edo lagunartean lortzen duzu, eta ez jendaurrean?

M. O.: Batez ere lagunartean, baina kontzertu batzuetan ere bai. Orain urte batzuk kontzertu batzuk egiten genituen hirukote moduan, eta gozamena izaten zen. Bakarrik beste gauza bat da... eta hori da ni ez naizelako segur neure buruarekin.

Noiz eskatu zizun zuri barrenak, Maite, kantatu ere egin nahi zenuela?

M. L.: Ez dakit barrenak eskatu zidan, edo pixka bat gertatu egin zen. Nolabait ere eskatuko zidan barrenak; Josh [Cheatham] eta biok kantuak sortzean, hasiera batean ez nuen diskoa egiteko ideia, baina gero kaleratuko zen edo ez erabakitzean galdetu behar izan nion neure buruari ea nahi nuen jendeak ni kantatzen entzutea. Hori pentsatzean ikara handia sentitu nuen, baina aurrera egin nuen.

Nola gainditu zenuen ikara hori?

M. L.: Norbaitek esan zidan ez zela nire gauza bakarrik, entzuten ari zena ere sartzen dela kantuaren barruan. Kantuan ari zena ni nintzela baina aldi berean ez nintzela ni, eta kantuak ez zirela nireak, puntu batera arte bai, baina hortik aurrera ez. Horrek eman zidan distantzia moduko bat, eta «ez naiz ni» horrek lasaitzen nau; une batetik aurrera entzuten duenak berak entzuten duela eta jasotzen duenak jasotzen duela eta hortik aurrerakoa ez dela nire eginkizuna.

Etxean asko kantatutakoa zara, Maddi?

M. O.: Nahi duzu egia? Etxean ez naiz inoiz kantatzen ari. Etxetik atera, bidexka bat hartu eta hor bai, edo autoan ere bai, baina etxean bertan ez.

Baina haur zinela etxean bazenuten kantatzeko ohiturarik?

M. O.: Bai, bagenuen. Bai, bereziki egun osoan lan egin ondoren denak etxeratzen ginenean; saldo handi bat ginen, eta denok kantuz sartzen ginen etxera. Gure lana ondo egina zela eta kantua etortzen zen horren aurkezteko edo omentzeko.

M. L.: Guk ere ohitura bagenuen. Aita kantu zalea da, asko gustatzen zaio kantatzea, eta autoan ere guk asko kantatzen genuen. Polita da Maddik esan duena, zelebratzeko erabiltzea kantua, zerbait ospatzeko.

Kanturako tradizioa galtzen ari dela iruditzen zaizue?

M. O.: Gure eskualdean bai, eta oraindik, hala ere, bizirik da. Gazteak biltzen dira, eta maite dute kantuz aritzea, baina lehenago askoz ere gehiago. Lehen ez genituen orain diren kirol guztiak eta ezta beste ez dakit zenbat gauza egiteko moduak ere. Lehen genuen dantza, kantua, batzuek musika, gutxik hala ere, eta hori zen genuena bakarrik, eta asko zaintzen zen.

M. L. Lehen, gogoratzen naiz, gurasoak lagunekin elkartzen zirenean, afalostean kantatu egiten zuten. Oraindik beraiek egiten dute pixka bat, baina gure belaunaldiak hori gutxi egin du. Nik idealizatua daukat Iparraldea, eta pentsatzen dut Iparraldean hori gehiago mantentzen dela Hegoaldean baino...

M. O.: Niri ez zait gustatzen mitifikazio hori. Nik uste dut gauzak naturaltasunez egiten zirela eta oraindik ere egiten direla; seguru izan direla urte edo mende batzuk kantari oso on batzuk izan direnak Iparraldean, ahots eder baten jabe, jakintsuak ere bai, kantu asko ikasi zuten... eta mitifikazio bat egin dugu, baina kantuan egiteko modu bat baino ez da...

M. L.: Beti iritsi izan zaigu, ez dakit mitifikazioagatik, Iparraldeko kantariak oso onak eta ahots ederrekoak izan direla. Mitifikazio horren errudunak ziur asko Hegoaldekoak gara, baina uste dut badela arrazoirik ere esateko kantari apartak direla. Hegoaldean ere badira kantari ederrak, jakina. Nik entzun dut jendea oso ederki kantuan inguruan, baina kantatzeko modua bada desberdina. Akaso zuena guretzat da berezia, eta zuentzat Hegoaldekoena da berezia.

Zein da desberdintasuna?

M. L.: Euskalkia, ahoskatzeko modua, eta ahotsak egiteko edo a capella egiteko moduak ere...

M. O.: Asko dira desberdintasunak. Nik uste dut ingurumenak sortzen duela izaera eta sortzen duela ahotsa ere. Bakoitza desberdin gara hasteko, bakoitzak lantzen du bere eremua, gustatzen zaion horren arabera. Eragin asko daude. Gipuzkoan eragin asko daude, Bizkaian beste horrenbeste, Nafarroan beste batzuk... azkenean bakoitzak daukagu gure gauzatxo hori, gure aurpegi hori. Nik pentsatzen dut gipuzkoarrak zein bizkaitarrak, esaterako, gu bezainbeste direla... oso aberatsa da bakoitzarena, nahiz izan diferentea. Nik lan egin izan banu lantegi batean, zaratez inguraturik, ba akaso rocka kantatuko nuen... ez dakit. Aldiz, oihanaz inguraturik bizi izan gara, eta horrek erakartzen gaitu baita ere. Nik ez nuen pentsatzen gaztetan inoiz kantatzen ariko nintzela, baina natura da neure soinu oinarrizkoa, sakonekoa; naturaren hotsak eta soinuak, kantua bera baino gehiago. Gainera, orain bereziki daukagu aukera entzuteko munduko edozein lekutako gauzak, Internet dela...

M. L.: Askotan galdetzen didate zein den nire estiloa, eta ez dakit erantzuten. Maddik lehen esan bezala, Nunzare kantuak izan dezake Brasilgo ahairea, baina hori, esaterako, Joshek eman zion, gitarra jotzaileak. Nik grabatu nuen ezer gabe, eta ziur asko askoz ere melodia goibelagoa izango zukeen nik musikatu banu. Eraginak asko izango ditugu, bereak, nireak, eta nigan daudenak baina ezagutzen ez ditudan hainbeste eragin... nik atzeman ezin ditudanak. Herri kantagintzan ez naiz oso jantzia, baina egongo dira eraginak. Intuitiboki ateratzen zaidana da.

M. O.: Nire ardatza herri kantua da bereziki, eta beti ingurune horri lotua. Gero musikari batzuk izan ditut aldamenean jazzaren ingurukoak, baina nik ez dakit oraindik jazza zer den xuxen. Musikariek eman didate jazz kolore hori, baina ni ez nintzen batere horretan. Oraindik ere arrotza zait. Hemen, Itsasun, egunotan egon dira musikari batzuk jazz gaualdia prestatzen, eta nik ezin nuen jarraitu, ez baitut ulertzen. Ez da nire mundua. Bai, edozein kontzertutara joango nintzateke, baina gero hor parte hartzea beste gauza bat da.

Ingurumena aipatu duzue. Naturarekin zein harreman du zuen kantaerak?

M. O.: Nik bereziki Zuberoako kantariak ezagutzen ditut; oraindik ere badira naturarekin bat bizi direnak. Nik ez dut dudarik ingurumen horrek bai ahotsa eta baita pertsona lantzen duela, nonbait moldatzen duela, eta, era berean, ikasi ere egin litezke beste molde batzuk; irekia da prozesua.

M. L.: Natura gara.

M. O.: Hori da, gure baitakoa da.

M. L.: Nire kasuan diskoan bereziki nabaritu da naturarekiko harremana, azken bolada luzean hirian bizi izan naizelako, Amsterdamen. Faltan eduki dudalako eta nire irudimena horretara joaten delako, naturara. Udan perretxikoak biltzera joaten gara, eta hirian zaudenean horren falta sumatzen duzu.

Gustua eta afinazioa, bietarik duzue. Zenbateraino da teknika, eta zenbateraino barruan duzuen ahots horri bide ematea modu aske batean?

M. O.: Nik teknikarik ez dut inoiz jaso. Aste honetan hemen, Itsasun, izan dut ikastaro bat, eta poz handi batekin jaso dut. Hatsa hartzeko, airearen erabiltzeko kantuaren barnean... hori ikasten ari izan gara, Beñat Axiari eta bere lagun David Goldsworthyrekin. Inoiz ez nuen horrelakorik jaso. Ez dakit jarraituko dudan lantzen, azkenean lan bat baita.

Dena irabaziko zenuke ala galdu ere bai teknika lantzearekin?

M. O.: Ez dakit hori, baina, edonola ere, laguntzen du.

M. L.: Teknika guztiok dugu; kantatzeko moduan teknika bat edo beste beti dago. Akaso biolin jotzailea naizelako, teknika izan da niretzat eguneroko diziplina, orduak eta orduak, eta kontserbatoriotik pasatzea eta azterketak egitea... oso bide gogorra eta zorrotza. Kantuan saiatu naiz berriro diziplina horretatik ez pasatzen, ez dudalako pasatu nahi izan berriro biolinarekin pasatu nuen zirkuitu horretatik, eta kantatu nahi dudalako ateratzen den moduan, nahiz eta igual ia niretzat ezinezkoa den, eskola batetik pasatutakoa naizelako. Ez nuen kantatu nahi ikasitako modu batean, baizik eta nik kantatzen dudan moduan.

M. O.: Baina ez duzu uste, hala ere, zuk egindako ikasketa guztiak erakutsi dizula zure gorputza erabiltzen, adibidez?

M. L.: Bai, horregatik esaten dut nik hor dudala teknika bat... Amsterdamgo kontserbatorioan hasi nintzen kantua ikasten jazz departamentuan, baina uztea erabaki nuen klase batzuk hartu eta gero. Amsterdamgoa oso eskola tradizionala da, eta uztea erabaki nuen; ez nuen berriro hortik pasatu nahi. Edo kantatuko dut nik kantatzen dudan bezala, edo ez dut kantatuko, pentsatu nuen.

Instrumentazio soila erabiltzen duzue biek oro har, eta sekzio erritmikorik ez. Horrek zaildu egiten du kantaera?

M. O.: Niri erraztu. Musikariak moldatzen dira nire kantura; nik ez dakit moldatzen beraien tempora. Ia-ia ez dut entzuten beraiena, eta ez dut ia entzun nahi ere, horrek askatasun handiagoa ematen dit eta. Zuberoako kantuak fluktuatzaileak dira, malguak. Nik ere nota batzuk egiten ditut tarte berezi batzuetan, niri horrela gustatzen zaidalako. Eta beraientzat, musikarientzat, oso zaila da. Esan izan didate: «Nondik dator nota alu hori?». Nik ez dut xerkatu inoiz instrumentazio bat edo beste; besteak etorri dira nigana. Soinu batzuk asko gustatzen zaizkit, adibidez klarinetea. Ez dakit den naturarekin, giza ahotsarekin antzekotasuna duelako edo...

M. L.: Kantuan aritu naizenean ez dut izan musika tresna askorik inguruan konparatzeko... baina ahotsa da hain gauza oinarrizko eta naturala. Ahotsarekin dena dator ondo, ezer ez ere bai. Ahotsa da lehendabizikoa.

Hitzetarako zure lagun idazleengana jo duzu batez ere, Maddi; eta zuk zeureak idatzi dituzu, Maite.

M. O.: Bai, eta eskerrak hor diren. Oso inportanteak dira hitzak, hortik hasten bainaiz kantua egiten; hortik nireganatzen ditut gauzak. Poetengandik hartzen dugu, eta batzuetan sortzen da zerbait.

Zer bilatzen duzu besteen hitzetan?

M.O.: Nihaurk esan ezin ditudan gauzak. Itxaro Bordak, esaterako, asko ezagutu du gure mundua; Zuberoan bizi izan da, eta nik irakurtzen ditut bizi izan ditudan gauzak bere idatzietan; hurbila sentitzen dut, bai, baina izan daiteke besterik ere, edo munduko poesia itzulpenak.

M.L.: Nik neuk idatzi ditut orain artekoak, eta adieraztea da bilatzen dudana... Niri oso barrura iristen zaizkidan gauzetan jartzen dut arreta, nire egunerokoan, nire barruan dabiltzan zalantzak, ardurak... Nireak, batez ere, bai. Batzuetan euskaraz idatzi ditut, besteetan ingelesez. Kantuaren gaiaren arabera askotan, eta ez naizelako ni bakarrik, Josh ere hor dagoelako, eta berak ez du ez euskaraz ez gaztelaniaz hitz egiten. Igual horregatik, eta baita ere hizkuntza desberdinetan pertsona desberdina naizelako. Batzuetan gauza batzuk hizkuntza batean edo bestean esatea errazagoa gertatzen zaidalako. Prozesu horretan konturatu naiz bihotzeko kontuak euskaraz esatea askoz ere gehiago kostatzen zaidala. Benetan euskara delako nire lehenbiziko hizkuntza, eta gaztelaniaz eta ingelesez distantzia gehiago hartzen dut, eta errazagoa egiten zait zenbait gauza esatea. Ni naiz, baina beste ni bat.

M. O.: Nik kantuaren bidez berreskuratu nuen euskara, eta ikasi ere bai asko. Oraindik ere ikasten ari naiz. Mundua asko ireki zait kantuaren bidez. Nik kanturen bat edo beste ingelesez egin nezake, baina ez gehiago, eta ikasi egin beharko nuke, ez modu naturalean. Juantxok [Zeberio] beti esaten zidan frantsesez egin behar nukeela kantu bat, baina esaten nion, zein, zein?

Esanahiaz harago, hitzen soinua dago...

M. O: Hitzaren soinua da oso garrantzitsua; silaba kopuruak, luzerak, bokalak edo kontsonanteak diren... hor aldi oro sortzen dira musikak. Melodia sortu nahi duzunean hitzak nolako soinua duen da garrantzitsua. Horrek zaitu eramaten beste melodia batera, eta, alderantziz, lehenik melodia egindakoan oso zaila egiten zait hor hitzak jartzea, hitzak beste melodia bat sortzen baitu.

M. L.: Nire kezka ere izan zen hori, baina hitza ere abstraktua da azkenean, eta iruditzen zait zuretzako hitz batek esan nahi duenak ez duela gauza bera esan nahi beste batentzat, eta horrek eman zidan niri askatasun handia, ze niretzat kantu bat izan liteke gauza bat eta beste batentzat beste bat, eta azkenean musika abstraktua, baina hitzak ere bai. Hitzek azkenean seinalatu egiten dute bidea, baina bidea zabala da. Asko gustatu zait Maddik esan duena, hitzaren doinu propioarena, iruditzen zaidalako askotan ez zaiola horri garrantzi nahikoa ematen, eta hori oso inportantea iruditzen zait, hitzaren azentua, bere gorputza bere, kokalekua... Hitzak bere musika du. Hori mundu klasikoan, kantu klasikoan asko zaintzen den gauza da, nola esan, nola ahoskatzen den. Iruditzen zait mundu ez hain klasikoan ez dela zaintzen hori...

Hitzak ez dira gauza itxiak hortaz; eta kantuak? Egitura itxitzat dituzue, edo eman ahala aldatzen doan kontu bat...

M. L.: Niretzat, puntu bat iristen da non kantua bukatu den. Kantua bukatu da. Akaso hainbat urte igaro ostean, berriro atzera egin, eta aldatzeko bidea egon liteke. Beti alda liteke, bai, baina kantu bat sortzen denean iristen da momentu bat zeinetan kantua amaitu den.

Noiz jakiten duzu momentu hori iritsi dela? Noiz esaten duzu «kantu hau balekoa da»?

M. L.: Ba, sentitzen dudalako bere lekua hartu duela, izaki bizidun dela jada...

Zer da kantua bizirik mantentzen duena, zerk ematen dio bizitasun hori?

M. L.: Kantatzeak, kantatu egin behar da kantua bizirik mantentzeko.

M. O.: Behin egin nuen elkarrizketa bat, eta azkenengo galdera izan zen: «Zeinengandik ikasi duzu?». Bada, entzun ditudan guztiengandik ikasi dut. Ez da bat bakarrik izan, eta gizonezkoak gehienak, nola guk ez ditugun ezagutu emakume kantariak... Nik entzun ditut munduko disko batzuk, baina oso gutxi eta oso berandu. Eta nik hautatu dudana izan da beti herri kantua. Nik egiten dudana herri kantua baita; ez gara eskapatzen hortik. Hala ere, hartzen dugu guri oihartzun egiten digun horretatik beti.

Baina kantu horrek etorkizunerako proiekzioa izatea bilatzen duzue?

M. O.: Nahi nuke. Aspaldiko kantu horiek guganaino ekarri dituzte bakarrik memoriaren bitartez. Orain dugun tresneria ezin sinetsizkoa da, eta, hala ere, galtzera uzten ditugu hainbat eta hainbat kantu, guk. Kantua berritzen da beti. Eman dezagun Bereterretxeren kantua, XV. mendekoa, oraindik biziarazten ahal dugu beste 500 urtez. Baina egia da, Euskal Herrian ez dugu behar bezala zaindu gure ondarea. Nahiago dugu mistifikazioa... misterioa nonbait. Eta ni ez naiz horretan, ez du horrela izan behar.

Badago Zuberoan kontserbazionismorako joerarik?

M. O.: Bai, badago, bistan da, baina badago aurrera egiten duenik ere, eta bietarik behar da. Bakarrik egin bageneza aitzina ibiltze hori, gal dezakegu. Grabaketak-eta baditugu, eta dugun xantza handi bat da hori; lehenagoko kantariena, hori beti izango da iturria edozeinendako.

Kantuak bere bidea egiten du. Aipatu duzu, Maddi, eroso sentitzen zarela lagunartean. Zer sentitzen duzu zure kantu bat telebistan iragarki instituzional batean entzuten duzunean?

M. O.: Egia esan, ni ez naiz sobera konturatu horretaz; badakit pasatu zela, baina nik ez nuen ia entzun ere, eta ez dakit horren eragina zein izan den. Ikusiko dira berriz kantu hori bereziki hautatu nuen Itxaroren [Borda] hitz oso baikorrak zirelako. Oso esperantzazko kantu bat, bakeari buruz. Pentsatzen dudalako erabiltzen ditugun hitzek ere eragiten dutela bizitzan. Ez da ezer galtzen, dena birsortzen da. Eta horrelako kantu bat egoki ikusten nuen; ez bakarrik kantatzea errepresioen kontra, edo negarrez kantatzen direnak... Zuberoan asko kantatzen ditugu-eta horrela. Kantuen testu asko ere halakoak dira, eta ikustean esperantzazko hitz batzuk, pentsatu nuen kantu bat egin behar zela horrekin. Horrek ekarri zuen kantua, eta gero etorri zen telebistarena... baina ni ez nintzen sobera konturatu horretaz.

Kantariak emakumeak zaretenean normalean nabarmendu egiten da emakume zaretela. «Zein emakumezko ahots eder» esaten da...

M. O.: Oso gai minbera da hori. Ni ibiltzen naiz adineko jendea elkarrizketatzen, eta nire galdera beti zera izaten da. «Zeinekin ikasi zenuen kantatzen?». Eta, gehienetan, erantzuna izaten da: «Nire amatxik, nire amak...» Eta batzuk: «Nire aitak», baina askoz ere gutxiagok. Eta emakume horien ahotsak ez ditugu grabaturik inon. Heldu direnak gizonezkoenak dira. Errobiko jaialdi honetan proposatu zidaten behin Zuberoako sehaska kantuak bildu eta kantatzeko, eta ez nuen bilatzerik izan. Galdu ditugu ia denak. Bakarrik gizonen kantuak ematen ditugu, eta haiek igaro dira belaunaldiz belaunaldi. Oraintsu, gizon bat etorri zitzaidan, eta esan zidan: «Zuek emakumeok ez dituzue kantatzen ahal kantu hauek...». Orduan zer, horrek zer esan nahi du, isilik egon behar dugula guk? Ezinezkoa da hori...

Etxean ezagutu dituzu emakumeak kantari?

M. O.: Bai, naturalki eta kezkarik gabe. Eta gizon hauek ere entzun dituzte emakumeak kantari. Agertokietan, pastoraletan edo maskaradetan hautatzen ziren kantari hoberenak, bistan da. Nahiko goi mailakoak bakarrik entzuten ziren, eta horrek ekarri du emazterik apenas entzutea; ezin dugu gizonen pare kantatu. Hori ustekeria bat da, ez da erreala. Gaur Julenekin [Axiari] kantatuko dugu. Bera gizona da, gaztea, eta ez dago arazorik. Nik ez dut uste baden ezinezkorik. Nik ez dut inoiz esango kantatzen dudala gizonezko hauek kantatzen zuten bezala. Gizonezkoen mundu horretan, gainera, lehia azaltzen zen, hau bestea baino hobea zela, edo bestea hau baino hobea. Denak kantuz sartzen ahal gara, bakoitza bere erara.

M. L: Oraindik musikaren mundua edo musikaren munduetako asko gizonen munduak dira. Hori horrela da.

M. O.: Horrela da, eta ez. Benito Lertxundik behin kontatu zigun gazte zelarik etorri zela Larrainera, han kantari oso famatu bat zela-eta, izugarriko ahots ederra zeukana, gizonezkoa. Lo egiteko leku bila galdezka ari zela, pasatu zen jatetxe bateko sukaldetik, eta entzun zuen horko emazte zaharra, bere sukaldean lanean zena eta kantuz, eta harritu zen nolako aberatsa zen bere kantu modua. Hori entzun niolarik zer plazera! Ez dugu esaten, ez dugu kontatzen halakorik, eta lekua egiten da esanez, eginez...

M. L.: Oraintsu Eslovakian egon naiz disko bat grabatzen, antzinako musikaren inguruan. Grabatu duguna izan da XVII-XVIII. mendeko musika judua. Nire lagun batek aurkitu ditu eskuizkribuak eta egin ditu konponketak. Bazeuden kantu batzuk emakumeek kantatu behar zituztenak, eta nik kantatu ditut. Bat zen liturgia barruan kantatzen zena; emakume juduak mundu ortodoxoaren barruan ezin du kantatu, debekatua dauka, baina egun batean liturgiaren barruan kanta dezake, eta hori da justu grabatu duguna. Kuriosoa izan da hori egitea; alde batetik sentitzen bainuen «ba, ez, ez dut kantatu horrelako zerbait!». Amsterdamen egon zen hitzaldi bat gizon estatubatuar batek emana garai bertsuan; bere ama eta bere amona izan ziren AEBetara hara joandako emigrante juduak eta kantatzen zutenak. Eta kontatu zuen, esaterako, emakume batek nola esaten zuen: «Kantatzen hasten nintzenean nire anaia ere joan egiten zen, baina ez zen oso urrutira joaten». Eta hori da gure historia ere. «Guk emakume hauen kantatzeko moduarekin disfrutatzen dugu, baina ez diegu esango eta ez dugu onartuko», izan dute gizonezkoek buruan. Eta horrek egiten duena da ezabatzea eta galtzea. Denok ikasi dugu kantuetatik, bai emakume eta baita gizonezkoek ere; biak gara, ez gara bat edo bestea; ez da ze emakumezko kantari ederra edo gizonezkoa; biak gara bietatik, ezin ditugu bereizi.

Kontzertua duzu geroxeago, Maddi. Nola sentitzen zara orain?

M. O.: Usaian nahiko urduri jartzen naiz, baina, aldi honetan, astelehen goizetik naiz hemen, Itsasun, eta egunero jende berarekin, eta familian bezala gaude. Akaso azken momentuan jarriko naiz, baina... Baina normalean nahiko urduri egoten naiz; pixka bat ere behar da, horrek ematen baitu indar bat ere.

M. L.: Ulertzen dut nola sentitzen zaren, Maddi, neu ere urduri egoten naiz kontzertu aurreetan.

Zer galdetuko zeniokete batak besteari?

M. L.: Maddi, zer moduz zaude?

M. O.: Kar, kar, kar... Batzuetan oso ondo, beste batzuetan gutxiago. Denak bezala. Nik, serioski, ez nuen sekula pentsatuko kantuz ariko nintzenik, eta nire adinean orain sorpresa bat bezala izaten da. Duela urtebete, adibidez, etorri zen Julen [Axiari] Zuberoako kantuak ikasi nahi zituela esanik. Aspalditik ezagutzen dut Julen, eta bai, erakutsiko nizkiola, eta plazerez, eta niretzat hori da biziaren opari bat. Etorri izan da lan egiten dudan Su Azia elkartera; entzuten ditugu kantuak ordenagailuan, eta hasten gara kantuz. Eta hor pentsatzen dut: zeinek dauka horrelako oparirik? Grazia momentuak dira horiek, eta oso inportanteak dira. Horrek salbatzen nau. Maite, zuretzat galdera: Zerk eraman zintuen hastapenean biolina ikastera? Bazenekien lan handia izango zela, eta, hala ere, egin duzu.

M. L.: Ez nekien lan handia izango zenik, ez nuen imajinatzen. Nik hasieran ez nekien azaltzen zergatik zen, zergatik nahi nuen musika ikasi, baina zuk esandako grazia horrengatik zen. Biolina jo baino lehen kantatu egiten nuen, eta gero hautatu nuen biolina. Hasi nintzen jotzen, eta asko haserretzen nintzen amak esaten zidalako «ikasi egin behar duzu, praktikatu egin behar duzu»... nahiago nuen jolastu, eta haserretzen nintzen, baina haserre horren ondoren bazegoen zerbait nolabait musika tresna horrekin kanpora ateratzen zena eta lotzen ninduena; ez nuen ulertzen zer zen, baina grazia hori zen; beti horrek jarraiarazi dit, grazia horrek elkartzen gaitu, nahiz eta hasiera batean esan duen Maddik urruneko proposamenak direla gureak. Grazia horrek elkartzen gaitu, eta ez bakarrik musikariak, baizik eta denok.

M. O.: Bai, entzuleak, jendea... Kantuak biltzen gaitu, elkartu.

Gaurkoan ere kantuak elkartu ditu biak. Umetan gurasoei tonu minorrean kantatutakoak entzun orduko malkotan hasten zena, eta aita behin eta berriz Etxahun Iruriren Ama abesten entzuten zuena. Munduan barrena biolina joz aritzen dena, eta Zuberoako kantu zahar tradiziozkoak etxerik etxe biltzen aritzen dena. Kantuaren graziaren xerkan dabiltzanak, eta kantua graziaz ematen dutenak. Biak ala biak. Kontzertua eskaini duena, eta entzun eta ikusitakoaz galdetzean, autoan itzulerakoan, zera esan duena: «Ederra izan da, egiazkoa».

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

<b>Finala.</b> 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala, BECen. ©A. LOIOLA / FOKU

Txapelketa: zauri edo ukendu

Miren Mujika Telleria

Bilboko Bizkaia pilotalekua izango du azken geltoki Txapelketa Nagusiaren trenak. Ibilbide gorabeheratsua eginda, gaur helduko da hara. Kolpea edo poza izango da gaurko saioa bertsolarientzat, gaur erabakiko baita zein zortzi bertsolari arituko diren Nafarroa Arenako oholtzan.
Jon Sarasua idazlea, atzo, Donostian, <em>Harizko zubiak</em> liburuaren aurkezpenean. ©GORKA RUBIO / FOKU

Hizkuntza lankidetzaren kontrabandoa

Jone Bastida Alzuru

Jon Sarasuak Haitira, Pernambucora, Mexikora eta Tangerrera egindako bidaietako esperientziak eta gogoetak jaso ditu liburu batean: 'Harizko zubiak'. Pamielak atera du
Iñigo Etxezarreta abeslaria <em>Guretzat</em> diskoaren aurkezpenean, atzo, Bilboko Kafe Antzokian. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Rockero izandakoen runbak

Olatz Silva Rodrigo

ETS taldeak 'Guretzat' diskoa kaleratu du. Ska eta rock doinuak alde batera utzi, eta beste hainbat musika estilo uztartu dituzte
Gartxot komikigileak sortutako <em>Barruan</em> komikiko irudietako bat. ©GARTXOT / ATARAMIÑE

Kartzelak kolpatutako literatura bat

Iñigo Astiz

2002tik 2017ra bitartean kaleratutako liburu kolektiboetako testu hautaketa bat, Jose Mari Sagardui 'Gatza'-ren memoria liburu bat, eta Gartxoten 'Barruan' komikia kaleratu ditu Ataramiñek

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...