Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Gizartea «Lurretik kanpoko bizitza topatzeak iraultza biomedikoa ekar dezake»

Publizitatea

Gizartea

Agustin Sanchez Lavega. Astrofisikaria

«Lurretik kanpoko bizitza topatzeak iraultza biomedikoa ekar dezake»

'Nature' aldizkarian lortutako lau azalek ematen diote aparteko distira; ikerkuntzan hainbat hamarkadatan egin duen jardun jasoak, ospea eta izen ona. Guztiak hartu dituzte aintzat 2016ko Euskadi Ikerkuntza saria berari emango diotela erabakitzeko.
Argazkia: MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS

2017-04-16 / Juanma Gallego

Kirolari batentzat urrezko dominak egindako esfortzuaren erakusle diren bezalaxe, zientzialariek paperezko dominak erakuts ditzakete. Halaxe azaltzen dira Agustin Sanchez Lavega (Bilbo, 1954) astrofisikariaren bulegoan Nature aldizkarian lortutako lau azalak; ezagutza maite duen orok ondo dakienez, urreak baino distira handiagoa dute markoetan jarritako paper zati xume horiek. Azalok mundu urrunetako misterioak argitzera bideratutako bizi baten erakusle dira. Gizakia Ilargira heldu zenean piztu zitzaion planeten inguruan gehiago jakiteko grina, eta Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko Fisika Aplikatuko katedraduna da (EHU). Hilaren hasieran jakin da 2016ko Euskadi Ikerkuntza saria jasoko duela. Espazioaren inguruko gaiez solasean, aurrenekoz izarretara teleskopio bat zuzendu zuen umearen zirrara igartzen zaio.

Nola oroitzen dituzu astronomian emandako lehen pausoak eta Zientzia Planetarioen taldearen hastapenak?

Zale gisa hasi nintzen, eta horrek eraman ninduen astrofisikara, baina garai hartan Euskadin ez zegoen aukera askorik astrofisika egiteko, eta kanpora atera behar izan nuen. Calar Altoko behatokian [Almeria, Espainia] lan egiteko aukera izan zuen. 1980an hasi nintzen han lanean, behatokiko lana eta planeten atmosferari buruzko doktoretza tesia uztartuz. Zazpi urteren ondoren, Bilbora itzuli nintzen. Bilboko Ingeniaritza Eskolara etorri nintzenean, beste gai batzuetan ibili nintzen lanean, baina zientzia planetarioen inguruko interesa mantendu nuen. Izan ere, hori izan zen nire doktoretza tesian landutakoa; zehazki, Saturnoko ekaitzen inguruko ikerketa. Oso aitzindaria izan zen, ekaitz erraldoi horien zikloaren inguruan aurreikuspen bat egiteko moduan egon ginelako. 1990ean, aurreikuspen hori bete egin zen, planetaren ekuatorean ekaitz handi bat agertu baitzen. Inozentzia puntu batekin, Nature aldizkarira bidali nuen, eta, ezustean, artikulu bat idazteko aukera eman zidaten. Argitaratu eta gero, mundu osoko hedabideetatik deika hasi zitzaizkidan, eta orduan konturatu nintzen artikuluak izandako zabalkundeaz. Horrek asko lagundu zuen gero Zientzia Planetarioen taldea sortzeko.

Arloan harrobi polita sortu duzue. Horiek Euskal Herrian gelditzeko aukera izango dute?

Bai, astrofisika egin nahi dutenen harrobi txukuna osatzen ari gara, eta hemen gelditzeko aukerarekin, gainera. Nik uste dut Euskadi sariaren epaimahaiak hori ere kontuan hartu duela; Aula Espazioa sortu dugu, baita Zientzia eta Teknologia Espaziala unibertsitate masterra ere, Bizkaiko Diputazioaren laguntzarekin. Ikasle batzuk, batez ere ingeniaritzatik datozenak, enpresa pribatuetara joaten dira lan egitera, baina bereziki fisikaren arlotik datozen batzuk gurekin geratzen dira doktoretza egiten. Orain, sei bat ikasle gurekin lanean ari dira...

Beste hainbaten artean, 28 zentimetro luze den teleskopio txiki bat erabiltzen duzu, eta, horrekin, gainera, aurkikuntzak egiten jarraitu duzu. Nola da posible hori?

Bai, etxean Aula Espazioren teleskopio bat daukat, ni bizi naizen tokian dauden baldintza meteorologikoak Bilbokoak baino egokiagoak direlako. Hainbat argitalpen egin ditugu teleskopio txiki horrekin hartutako irudiekin. Horietako bat bereziki garrantzitsua izan zen. Saturnoren ekuatorean ekaitz bat ikusi genuen, eta horrekin lehen abisua eman genuen. Behaketa horren ondoren, mundu osoko astronomiazaleek bidalitako ekarpenak jaso genituen. Gure taldeak Calar Alton duen Planet Cam teleskopioari esker, behaketa baieztatu genuen. Hubble teleskopio espaziala erabiltzeko denbora eman ziguten; hori bereziki konplikatua da. Horri esker, Saturnoko jet korronte ekuatorialari buruzko ikerketa bat argitaratu genuen Nature Communications aldizkarian.

Beraz, oraino oinarrizko behaketari denbora eskaintzen diozu...

Bai, duela bi gau, adibidez, ordu pare batez Jupiter ikusten egon naiz. Oposizioan zegoen, eta, ondorioz, ondo ikusten zen. Material hori ederki datorkigu ikasleek praktikak egin ditzaten, eta hortik ere irakaskuntza mailako hainbat argitalpen atera dira.

Astronomiazaleak aipatu dituzu. Horiek rol garrantzitsua jokatzen dutela esan ohi da. Egia da hori?

Bai, guztiz. Guk zaleekin askotan kolaboratzen dugu. Lankide batek, adibidez, Europatik finantzaketa jaso berri du Interneten datu base bat eratzeko. Webgune horretan, mundu osoko zaleek zientzia planetarioen alorrean egiten dituzten behaketak sartu ahal izango dituzte. Soilik datu horiekin ikerketak osatzea zaila da, baina normalean datu horiek ezinbesteko osagarriak dira gero teleskopio handietan eta espazio misioetan egingo diren behaketetarako. Jendea harritzen da askotan. Zertarako behatu Saturno, bertan Cassini zunda egonda? Tira, lehen aipatu dudan Saturnoko ekaitz hori gertatu zenean, Cassini gaizki kokatuta zegoen hori ikusteko. Zaleak ezinbestekoak dira, gauero zerura begira daudelako; zerbait inportantea agertzen bada, orduan teleskopio handiagoak bidera daitezke fenomenorantz.

Teleskopio erraldoi asko eraikitzen ari dira, baita James Webb espazio teleskopioa ere. Zertan lagunduko dizuete?

Teleskopio horiek kosmologiaren alorrera bideratuko dira bereziki; hau da, unibertsoaren hasierak hobeto ezagutzera. Baina exoplanetak hautematea ere izango da oinarrizko helburua. Batez ere, oxigenoa duten jakitea funtsezkoa izango da —oxigenoa bainoago, ozonoa: hobeto igartzen baita espektrografietan—. Han ura ote dagoen jakitea ere gako da, noski... Bizia garatzeko baldintzak ote dauden jakitea. Azken finean, gizateriaren galderarik funtsezkoenetakoa argitzera joango dira ahalegin gehienak.

Non topatuko da bizia lehenago: eguzki sisteman bertan ala kanpoan?

Zaila da horri erantzutea, baina espazioaren esplorazioan izugarri azkar ari gara. Nik 62 urte ditut, eta, Sputnik satelitea bota zutenean, 3 urte edo izango nituen. Nire bizitzan lasterketa espazial osoa bizi izan dut, beraz. Lurrari biraka bip-bip egiten zuen objektu txiki batekin hasi, eta eguzki sistema osoa zeharkatzen da egun. Esango nuke bizia topatzeko biderik errazena gure inguruetan dagoela: Marten, Europan —Jupiterreko ilargia—, Entzeladon —Saturnoko ilargia—: horiek dira lehen helburuak. Lurretik kanpo bizitza topatzeak eremu asko zabalduko lituzke. Beti aipatzen dira filosofia edo erlijioa, baina nik azpimarratuko nuke beste bat: biomedikuntzaren alorreko aukerak. Izan ere, irudikatu ezin ditugun ate asko zabal litezke; bizi forma guztiz berriak, alegia.

Amazoniaz edo itsas hondoaz esan ohi dena, baina modu askoz ere basatiagoan orduan...

Erabat. Lurrean gauza asko topatzeko daude, baina bizidun guztiok gatoz hasierako arbaso unibertsal beretik. Halere, demagun Marten fosil bat topatzen dugula, eta ikusten dugula bere estruktura molekularra Lurreko bizidunekiko guztiz ezberdina dela… Ez dakigu horrek noraino eraman ahal gaituen. Iraultza biomediko erraldoia ekar dezake. Printzipioz, bizia sortzeko karbonoa, ura eta energia iturri bat tartean egotea espero dugu, baina ziur ere ez dakigu. Historiako aurkikuntzarik handiena izango litzateke. Horregatik, kosmosa ikertzea ez da soilik errentagarritasun ekonomikoa… Oinarrizko galderei erantzuna ematen saiatzen ari gara, eta ez dakigu erantzun horiek noraino eraman gaitzaketen.

Itzulkin horren inguruan ez dizut galdetu, nahita. Izan ere, zientzialari izan beharrean orkestra zuzendaria izango bazina, ez nizuke eskatuko kulturan egindako inbertsioa justifikatzeko...

Bai, hala da. Halere, komeni da azpimarratzea espazioaren kasuan datorren itzulkin ekonomikoa askoz handiagoa dela. Datuak orain ez ditut eskura, baina Europako Espazio Agentziak bere webgunean hori kuantifikatuta dauka. Inbertitutako euro bakoitzeko bizpahiru euro izan litezke. Baina, horrez gain, funtsezko helburua dago: gizakiok Afrikan sortu ginen, baina mundu osoan hedatu gara, ontzietan sartuz eta ozeanoak zeharkatuz. Hori egiten jarraitu behar dugu, baina orain espazioan. Sobietar astronautikaren aitzindari izan zen Konstantin Tsiolkovski fisikariak halaxe esan zuen: «Lurra gizakiaren sehaska da, baina gizakia ezin daiteke betiko sehaskan bizi».

Inbertsioak aipatu dituzu, baina hemen ere dirua ez dago soberan. NASAren zuzendaria izango bazina, zein misio lehenetsiko zenituzke?

Oso zaila da zehaztea, baina uste dut Martek oraindik ere lehen mailako helburua izan behar duela. Aberastasun geologikoa izugarria du, baina, halere, lurraldearen pixka bat baino ez dugu esploratu. Misio gehienak ekuatorearen ingurura bideratu dira, han lurra hartzea errazagoa baita. Hango atmosfera oso arina da, eta eguzki zikloaren arabera aldatzen da, gainera. Horregatik, oso zaila da doitzea ontzietako paraxutak. Bestalde, Jupiterren bi ilargitara ere misioak planifikatu dira. Europa eta Ganimedes oso interesgarriak dira, ura daukatelako eta agian bertan bizia errotu izanaren aukerak izan direlako. Eguzki sistemaren urruneko planetek ere bisita merezi dute: badira exoplaneta asko Urano eta Neptunoren antzeko ezaugarriak dituztenak.

Gauza interesgarri asko ikertzeko, beraz...

Bai, eta gure artean aplika daitezkeenak, gainera. Meteorologo planetarioa naizenez, argi daukat planeta horien atmosferaren inguruan ikasten dugun guztia gure atmosfera hobeto ezagutzeko baliagarria izango dela. Pentsa, orain ezinezkoa da Lurrean 7-15 egun baino gehiagoko aurreikuspenak egitea. Planeta horiek berezko laborategi naturalak dira hemengo ereduak probatzeko. Marte, esaterako, eredugarria da gure goiko atmosfera ikertzeko; Artizarra, bestalde, klima aldaketa ikertzeko erabiltzen da. Baina asko dugu ikasteko: Zeres planeta nanoan gatzak daude; Titanen, dunak, mendilerroak eta ibai haranak... Hasierako esploratzaileei gertatzen zitzaiena gertatzen zaigu guri ere: mundu berriak topatzen ditugula eta guztiz ezberdinak direla gainera. Artizarra, Lurra eta Marte ikusi besterik ez dago: astronomiaren ikuspuntutik, oso gertu daude, guztiak Eguzkiaren bizigarritasun eremuan, eta, halere, oso ezberdinak dira.

Ostiralean, Science aldizkarian iragarri zuten Entzeladon korronte hidrotermalak daudela...

Benetan interesgarria da. Cassini ilargi horretara bertaratu baino lehen, interes gutxiko objektua zirudien, baina zunda gertutik pasatzean benetako ikuskizuna azaldu zen: Entzeladotik geiserrak ateratzen ziren! Orain badakigu izotzezko geruza baten azpian ur ozeanoak daudela. Geiserretatik ateratzen denaren %95 ur lurruna da, baina hidrogeno molekularra eta CO2 pixka bat ere badaude. Ondorioz, hidrokarburoak sortzeko baldintzak daude; batez ere, metanoa. Egun, dakigula, ura, karbonoa eta energia iturri bat behar dira bizia abiatzeko. Beraz, argi dago Entzelado interes astrobiologikoa duten munduen artean sartu behar dugula.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak