Jose Luis Otamendi. Idazlea

«Uste dut tokatzen zaigula oroitze autokritiko baten ahalegina egitea»

Norberaren eta gaurkotasun politiko-sozialaren arteko elkarguneak landu ditu beste behin 'Kapital publikoa' liburuan, bere garaiko testigantza emanez, biluzte eta kontu garbitze poetiko bat eginez, kemenez eta itxaropenez.
JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

Gorka Erostarbe -

2015eko otsailak 8
«Nik uste inoren izenean ezin nintekeela mintza, baina nire hitzek izan dezaketela sentitzeko era batzuen bozgorailu eginkizuna». Leun mintzo da Jose Luis Otamendi (Azpeitia, Gipuzkoa 1959). Sarri darabil «nik uste» adierazpen formulazioa, dioenak erabateko egiaren trazarik ez duela zertan izan aldiro iradokiz; baina esan ere egiten ditu gauzak, baita gutxiegitan entzutera ohituta gauden autokritikaren talaiatik ere. 35 urte igaro dira Egunsenti biluzia lehen poema liburua (Ustela, 1980) argitaratu zuenetik, eta zazpi Erlojuen mekanika aurrekotik (Susa, 2007). «Gero eta zailago dago plaza publikora ateratzea merezi duen diskurtso poetiko bat eratzen». Kapital publikoa atera zuen iazko urtearen hondarrean, Susarekin hura ere, eta haren defentsa publiko egiten ari da egunotan, errezital nahiz hitzaldietan.

Nora begiratu behar du poetak gehiago, atzera ala aurrera?

Batez ere bizi garen egunera. Nondik gatozen ez dago ahazterik, noski, baina gaurko egunetik egingo dugu aurrera, egitekotan, eta proposatzen dudana ez da poesia homeopatikoa. Eduki dugun gaitzetik emango dizkizuet dosi batzuk, eta ea horrek laguntzen digun gauden berean egoten... Bi hitz dezentetan azaldu zaizkit poemetan, eta baita aurkezpen edo errezitaletan ere: ardura eta itxaropena. Aurrera egiteko kemena behar-beharrezkoa da.

Gauzak zerbait aldatu dira, bai munduan eta bai Euskal Herrian, Erlojuen mekanika plazaratu zenuenetik. Eta poetari nabari zaio birkokatzeko ahalegin bat. Badago aurrera begiratzeko nahi bat, baina ezin utzi begirada atzera itzultzeari ere...

Atzera begiratzea ezinbestekoa zitzaidan gaur egungo inguruabarra ulertzeari begira, eta hor gauza askotan Erlojuaren mekanika liburuaren zordun ere bada. Jendartean eman izan dugun bilakaerak jarri gaitu gaurko egoeran. Egin dut halako aitortze, kontu garbitze, nolabait biluzte poetiko bat, aurreko garaiarekiko zorrak eta kontu itzaltsu batzuk agerian jartzeko.

Gizartearekin bat, haren aurretik ala paraleloan joan behar du ikuspegi poetikoak, poetak?

Nik ahal dudana idazten dut, dakidan eran edo asmatzen dudan eran. Batetik, beti jo nahi izaten duzu goia, baina etsi beharra gertatzen zaizu zeure indarrean eta ezinean. Jomuga urrun jartzen saiatzen zara, jakinik ez zarela iritsiko sekula... aurretik, atzetik, paraleloan? Ba, zauden lekuan... Garrantzitsuena da bizi zaren garaiaren testigantza ahalik eta txukunen ematen saiatzea, modu artistikoan. Beti dago limurtzeko intentzio bat, hartzailea zeuregana ekartzeko teknika batzuk erabiltzen dituzu... atzera, aurrera, batera eta bestera, ahal duzun lekuan. Nire jarduna narras samarra delakoan nago, ez daukat halako norabide argi eta aratz bat... Beste asko bezala, nahas-mahas honetan galduta nabil, eta ahal dudana egiten dut.

Askok gainetik joatea egozten diote poesiari, gizartearen gainetik... eta horrek poesia jendearengandik urrundu ote duen.

Nik poesia ezagutzen dut ezagutzen dudana, ez askorik ere, eta ez daukat inpresio hori. Azken urteetako hainbat lanekin banaiz zordun; gertuko jendea datorkit burura bai, Koldo Izagirre, Iñigo Aranbarri, Itxaro Borda, Amaia Lasa... baina baita beste belaunaldi batekoak ere: Jon Benito, Oier Guillan, Iñigo Astiz, Jule Goikoetxea... eta horiek ez ditut ikusi gainetik; batera, aldamenean edo nahasian ikusi ditut, eta neuk neure burua hor nahiko nuke jarri, ahal dela.

Halere, belaunaldi berriak, irakurleak, zaleak, poesiara hurbiltzeko zailtasunak badira...

Seguru asko, berezko gaitza izango du hori poesiak. Egon dira zorioneko bat egiteak, eta horretan kantagintzak asko lagundu izan digu, hainbat eta hainbat egileren lanak jendarteratzen. Poesiak sarbide erraza kantagintzatik dauka. Beti da eremu zaila eta askotan hanka punttatan ibiltzea eskatzen duena.

Esfortzu bat...

Bai, eta nik ez dut horren deitorerik sentitu. Ez dut esaten poesiak hala behar duenik, poesiak beste hainbat arlo artistikok bezala, behar du proban jarri hizkeraren mugak, pentsamenduaren mugak. Hau da, gauzak eder esan, baina aldi berean esanaren indarra bilatzen, iristeko norbaitengana.

Gai sozialei eta identitarioei heltzen dieten poeta gazteak badira, baina akaso zurearen aldean lengoaia aski desberdinez... Hedoi Etxarte eta Jule Goikoetxea, bi aipatzearren.

Beharbada, belaunaldi gorabehera bat egongo da, aipatu ditugun horiek baino urtetsuago naizelako, noski. Seguru asko eraginetan ere izango direlako aldeak, baina ni ere ez naiz gai ikusten desberdintasunak argi azaltzeko. Esaten nuen zordun sentitzen naizela haiekiko, azken urteotan nire poesia jardunean izan dutelako eragina. Bakoitzak geure berezitasunak dauzkagu, eta estiloan-eta baliteke...

Nire irudipena da lengoaia gordinago bat lantzen ote duten, lirikotasuna neurri batean alboratuz...

Lirikotasuna aspalditik landu izan dugunok... badugu arrisku bat: noiz pasatuko lirikotasunaren muga, non dago lirikotasunaren desmasiaren muga. Pop musikarekin ere askotan gertatzen dena da hori. Non dago kurtsia denaren muga. Eta gai sozialetan, aldiz, panfletora noiz irristatuko zaren, eta arrazoi taxuzko, mamitsu eta sendo bat lantzetik noiz igaroko zaren oportunismora.

Borroka asko egindakoa zara muga horiekin?

Bai. Pentsatzekoa da poesian ari denak izango dituela kezka horiek. Zu borroka batzuk planteatzen ari zaren garaian, lexikoa hautatzerakoan, forma ariketak planteatzen ari zaren garaian, badatozkizu kezka horiek... ez ote naiz ari panfletora lerratzen. Baina diskurtsoak bere garrantzia dauka. Nik kutxatxo bat egin nahi izan diot kapitalaren makurrari: zenbat behartzen gaituzten geu ez izatera, geure baitatik atera eta elkarren kontra nola jartzen gaituzten jende xehea... Eta asumitzen duzun arrisku bat da. Edizio lanak horretan laguntzen du asko, alboan lagun onak izateak.

Non legoke kurtsikeriaren muga?

Behar bada muga hori duintasunean egon daiteke, begirunean. Pertsonari eta poemaren edertasunari zor zaion begirunean. Agerian jartzen duzun sentimenduak edo egoerak inoren jende izaera ez lotsarazteko edo ez gutxiesteko modukoa behar duela uste dut. Eta literaturan beste mugalerro oso garrantzitsua egiantza eta sinesgarritasunarena da. Horrek eskatzen du ahaleginik handienetakoa, horri begira burutzen dira hamaika lan. Barregarri gera zintezke itxurak edo plantak egiten ari zarela ematen badu.

Poemetako batean Marxen aipamena egiten duzu. Bada dioenik garaiotan gazteek badutela berriro kontzientzia sozial-politiko agerikoago bat. Marx berriz irakurtzen hasteak ala poesia gehiago irakurtzeak poztuko zintuzke gehiago?

Marx irakurriz eman liteke poesiarako jauzia lasai ederrean. Ez dago arazorik. Eta alderantziz ere bai, poesiak Marxera bidera zaitzake. Nik Marx aipatzen dut gure gazte garaiko ikono izan zelako... Egia da zenbait hitz erabiltzeari kontu egin behar zaiola, argi ibili beharra dago. Baina, aldi berean, hitzen esparruan ere bada borroka bat. Beti esaten da «hitza geratzen zaigu», baina hori ere ez da hala. Kapitalaren gurpil handi horrek hustu egiten ditu hitzen esanahiak, eta aldiro ibili behar dugu berritzen, ez bada ere haiek arnasberritzen. Hau gurpil bat da, eta badakigu aldian-aldian berritzen joaten direla diskurtsoak, eta bazterrean utzi diren hitz batzuk, esateko era batzuk ahaztuta lagatzeak ez duela onik egiten. Bizi dugun garaia hainbat kontzeptu berreskuratzeko oso abagune aproposa delakoan nago.

Bizitzaren gurpil zoro horrek halako abagunea berriz mahai gainean jartzerik espero zenuen?

Nik ez daukat perspektiba oso epe luzekoa; nahiko begi laburra naiz. Ez espero eta ez ez espero. Nik uste egokiera gertatu denean, orain esan behar nuena horixe zela, edo esaten asmatu dudana. Gutxitan jakiten baitut zer esan behar dudan, gehiago izaten da bizi dugunetik neurera iragazi, eta neure barruko osin horretan ito gabe ateratzen saiatzea, eta nire ustez gauza inportanteak zeintzuk diren jendeari aurrez aurre erakustea. Eta, garai honetan gai sozial horiek, oso modu partikularrean, neure lirikotasun tanta horiekin esan nahi izan ditut.

«Poeta benetan handia», «klasikoa» edo «itzal handikoa». Halakoak irakurri ditugu zure lana aintzat hartuta. Poeta baten egoak zein tresna dauzka halakoen aurrean?

Egoak hain dauka bide motzeko itzala. Egoa puztu egiten da, baina badakizu hori kea dela, eta aparra dela, eta kapitalaren farfailean dabilen zerbait. Puztu, poztu egiten zaitu, baina badakizu ez daukazula hori gehiegi sinesterik. Bizi garen zirku honen farfaila da...

Baina mekanismoren bat baduzu horren inguruan?

Esaten denaren funtsa defendatzea, hor dago indarra inon egotekotan. Azken batean, ni pasako naiz, eta ez naiz neure barruaren ahotsa baino ezer gehiago, produktu bat eskaini diot gure jendartetxo honi... horrek zerbaitetarako balio baldin badu, bejondeigula! Eta ni gustura neurri batean tresna izan naizelako.

Biluzte ariketa bat egin duzu; esan duzu lehen ere. Aurrera begiratzeko modu bat ere bada autokritika. Eta egiten duzu. «Mendeku nahiak sehaskatu izan nau gozo. Zuritu izan ditut erdizka taktika okerrak estrategia makurren itzalean...».

Neuretzat katarsi bat badira poema horietako asko, eta pentsatzen dut islatzen dutela, baita ere, hainbat jenderen sentimendua eta bizi izandakoa. Neurri batean artistikoki zerbaiten ekarpena egin nezakeelakoan egin dut. Nik uste dut gure lanak hor behar duela. Badago diskurtso nagusi bat, politikoa nahi bada, baina poesiara errenditzen da, edo hala nahi dut sinetsi, poesia dela hau.

Kontakizunaren beharraz asko hitz egiten da, baina sarri nork bere lubakira mugatzen du kontakizuna, eta irabazteko premia aipatzen da sarri. «Ez dugu irabazteko beldurrik hemen norbaitek noizbait zerbait irabaz dezan premia gorria baizik», diozu. Irabazitakoa ere lubakietatik haragokoa izango da edo ez da izango?

Noski, denok gara indarraren bidez inposatu zaizkigun bakealdietako seme-alabak, armen indarraren bidez ez bada, boterearen eta diruaren indarraren eta larderiaren bidez ezarri izan dira luzaroan gurean era bateko eta besteko irabazle eta galtzaileen arteko lubaki eta errekak. Uste dut tokatzen zaigula oroitze autokritiko baten ahalegina egitea, eta uste dut bide horretan ere bagabiltzala. Behin eta berriz diogu ez dugula inor ahaztuko, ez dugula inor abandonatuko, baina gero, ahantzitako eta abandonatutako jendez gainezka dago gure memoria. Kontuak egin ditut eta oker ez banago gure herrian [Azpeitia] hildakoak badira hamar 1973 eta 2008 artean. Eta osatu beharreko errelatoan beste bektore batzuk ere sartu beharko genituzkeelakoan nago, abandonuak eta ahanzturak lanean edo etxeko indarkeria bitarteko jaten dituen hainbeste eta hainbeste bizitza esaterako. Memoriak ariketa dinamikoa eta deserosoa eskatzen du, etengabe ari baikara memoria interesatua produzitzen. Zuk aipatu poema horretan bertan hau diot lerro batzuk gorago: «Elkar bana daitekeen aro baten aukera/ inork inor sekula zapalduko ez duena...».

Iritsiko da eguna poeman ez alferrik luzeenekoak dira lerro horiek; autokritikarako tartea, baina baita sor litekeenaren esperantza ere.

Pentsatzen dut literatura berez ekintza positibo bat dela, dudarik gabe. Doluarentzako, etsiarentzako tartea egon litekeen arren, beti saiatu izan naiz giltza izatea aurrera egiteko, eta generoak ematen du horretarako aukera. Aurrera egiteko giltzak eman behar ditu poesiak, edo eman nahi ditut, nahiz eta tonua beharbada boladatan ilun samarra nagusitu. Nahitaezkoa zait poesia zurkaitz bat izatea aurrera egiteko. Betiere hitza gerta dakigula lagungarri, baina hitza ahaldundu egin behar dugu, eta hitzak geureganatu. Hemen jende asko islatzen da liburuan, mapatan ikusten ez den jendearen ardora hori, poesiak bilatzen du hori, hain agerikoa ez dena, argazkiek ingeradatan jasotzen ez dutena, baina hor airean dagoen hori.

Jende askoren aipamena dago, oroimen, aitortza, omenaldiak... baina baita zure ingurune politiko berekoak ez direnak kontuan hartzea ere.

Nik ezinbestekotzat jotzen dut. Espazio komun bat eratu behar badugu, gauden lekutik jakina, horretan esfortzu bat nabarmendu beharra dagoela. Gizarte suntsitzaile honen aurrean ondare komun bat eta elkarrekin defenda dezakeguna eratu behar badugu, politikoki eta sozialki denon beharra izango dugu, eta hori esanda... klase kontzientzia batetik abiatuta behar du nire ustean, batik-bat behekoen aldetik; gure egoerak eta gatazkek behekoen artean ere dezenteko mailatuak eta zauriak sortu ditu, goikoen artean baino gehiago noski.

Eta zer sentitzen duzu halako ahalegin sintzero bat eginda, itxitasunaren marka egotzi dizuetenean, halakorik ere egon da eta.

Denetik dago, baina nagusi den diskurtsoaren parte bat gehiago da. Kapitalak, bere adiera makurrean hainbeste aho ditu... Guk gure hitza defenditu behar dugu, ahal dela gure jardunetik, jardun artistikotik gure ahotsa entzunaraziz. Hori da gure lana.

Ez komarik, ez punturik, ez letra larririk ia. Susako etxeko marka?

Nik neuk hasiera-hasieratik bide hori hartu nuela uste dut. Ez dakit garai bateko joera den... Poesiaren molde garai bateko ohiko horiekiko haustura planteatzen genuen garai batean, hitzen ahalduntze modu bat, aurreko belaunaldiekiko haustura modu bat, bertso librerako joera bezala puntuazio ikurrekiko; irudien aldetik ere garai hartan surrealismoaren eta espresionismoaren ekarriak ere oso markatuak izan genituen eta oraindik ere arrastoak geratzen zaizkigula uste dut... ohitura baino gehiago jarduteko era baten marka, edo esaten duzun horri muga batzuk jartzen dizkio baina beste asko kendu ere egiten dizkio, pausak egiteko garaian, etenak non egin lerroak markatzen du gehienbat, lerroarteak, eta tarteka puntu suspentsiboak, bi puntuko gutxi batzuk sartzen ditut...

Hitzen esentziara hurbiltzea da asmoa.

Ez irakurketa zailtzeagatik, baina irakurleari zabaltasun aukera handiago bat emateko, irakurtzen duenak nahieran edo ahaleran lotu ditzan irudiak eta esaldiak... Horrek ere badauka bere tranpa. Orain errezitaldiak ematen ari naiz, eta hor garbi nire irakurraldia egiten dut, baina beste espresabide bat da hori.

Zure buruzagitza poetiko espetxean dagoela diozu poemetako batean. Noiz arte?

Ez dakit, ez dauka itxurarik... Nire buruzagitza poetikoa ez da bakarra noski, baina espetxean ere badago, baita auzibidean ere bai, azken boladan Mikel Etxaburu poeta laguna Audientzia Nazionalean epaitu zain dago, abokatuen gorabehera hau dela eta, 04/08 sumario horretan. Ez dakit noiz lortuko dugun hori gainditzea, baina erakusten du horrek... hain bidegabeki iritzia eta jarduera politikoa tarteko jendea auzibidean eta kartzelan daukan sistema baten aurrean gutxienez salaketaren bidea hartzen da, eta ni saiatu naiz inporta zaizkidan gauzentzako aterpe bat egiten, kutxa bat egiten, eta salagarria iruditzen zaizkidan batzuk ozen samar esaten.

Ez dugu ulertu behar hortaz esaldi horretatik zure ekinbide politikoa agortzen ari denik? Beste batean diozu «Ni joango naiz baina nork lagunduko dit hitzoi lur ematen...».

Urteak aurrera doaz, eta honaino iritsi naiz behintzat. Geroak esan beza, esatekorik baldin badu, eta bestela hemen gaude. Egindakoarekin honaino iritsi naiz eta, tira...

Neke poetikorik ez hortaz?

Ez, zail dagoena da diskurtso bat bilatzen gaur egun inori emateko modukoa. Idazten dugun hori inori erakusteko modukoa izatea. Hori da geroz eta zailagoa, geure irizpideen arabera. Aurreko liburuaren morrontza bat badago, eta hari bat biak lotzen dituena. Hala ere, zilegi iruditu zitzaidan liburua egitea bazuelako eransteko zerbait, esateko zerbait aurrekoetan esan ez nuena.

Euri kontuak-ekin narraziogintza landu zenuen aurrenekoz eta... azkenekoz?

Oraingoz ez dut ikusten horretarako biderik. Liburu bat ateratzen dudan bakoizteko barealdi bat behar izaten dut, nire barruak berriro asentatu arte. Orain ez dut ikusten zer egingo dudan.

Zer jasotzen duzu emanaldietan?

Nik uste dut jasotzen dudala erantzun gertu bat, sentimendu bat, eta zerk daukan iristeko gaitasun gehiago. Aspaldiko bidea dugu hau, lagunek eta nik, eta ni konbentzituta nago jendaurreko emanaldietan aritzeak aldatu egin duela, bai arnas luzeko poemak egitera, poema beraien egikera, antolaera... hori guztia aldatu egin du, eta jardun horrek hitzaren hondarra alde batera utzi eta muinera jotzeko... inoiz edertasunaren kalterako akaso, baina esan-indar horren mesederako. Antzematen da estiloan, errepikapenak, galderak... asko ematen dit alde horretatik, eta gero koherentzia hutsez, ez da txiste soila, Kapital publikoa izanik izenburua, publiko egin beharra dago. Tokatzen da jendeari esatea aurrez aurre.