Ezin kabiturik

Eako Poesia Egunek jendez bete dute herria, aurten hamabigarrenez; pertsona ugari bildu dira hara asteburuan, jaialdiko errezitalez eta beste ikuskizunez gozatzera.
Maialen Lujanbio atzoko hitzaldian.
Maialen Lujanbio atzoko hitzaldian. ARITZ LOIOLA /ARGAZKI PRESS

Nagore Ares Amaya -

2015eko uztailak 19

Poesia ezin da kabitu leloa du Eako Poesia Egunetako (Bizkaia) aurtengo ekitaldiak. Hala ere, poesia baino gehiago, jaialdira bildutakoak dira asteburuan Ean kabitu ezinik dabiltzanak. Poesiaz gozatzera joandakoek bete dituzte herria eta jaialdiko hitzaldiak zein ikuskizunak azken egunotan. Ostiralean hasi zen jaialdia, eta gaur amaituko da. Poesia berbak oinarri, errezitalak, antzezlanak, kontzertuak eta performanceak antolatu dituzte.

Hala, bertsolaritzaren eta poesiaren «erradiografiak» egin zituen atzo goizean Maialen Lujanbio bertsolariak, eta genero bien arteko aldeak eta antzekotasunak mahai gainera ekarri zituen Poesia (zubi bat) bertsolaritza hitzaldiaren bidez. Azaldu zuenez, erreka beraren bi ertzetan kokatzen dira genero biak: bata alde batean, eta bestea, beste aldean; baina bada biak lotzen dituen zubirik, nahiz eta elkarren artean oso ezberdinak izan.

Hitzaldiaren hasieratik aurreratu zuen errekaren bere aldetik mintzatuko zela, eta argitasunez eta zehaztasunez aritu zen, gainera. Hain zuzen, bertsolaritzak argi eta garbi mintzatzeko duen premia da, Lujanbioren ustez, poesiatik urruntzen duen ezaugarrietako bat. «Bikaintasun estilistikoa bilatu beharrean, egokitasuna bilatzen saiatzen da bertsolaria», zehaztu zuen. Genero bien helburuak ezberdinak direlako gertatzen da hori. «Bertsolaritzan, funtzio komunikatiboa da helburu nagusia, ez funtzio poetikoa».

Horrek ez du esanahi, ordea, bertsolariek literatur errekurtsorik erabiltzen ez dutenik edo erabili behar ez dutenik. «Ulergarriak izan behar dute, bertsoa ona izateko». Helburu horrek erabat baldintzatzen ditu bertsolariak: «Bertsoa bota aurretik, audientzia analizatu behar dute, eta esan beharrekoa egokitu behar dute publikoak uler dezan». Hala ere, entzuleei ahalegin bat eskatzearen aldekoa da Lujanbio, eta, besteak beste, zenbait literatur errekurtso eta hitz-joko ulertzeko saioa egiteko eskatu behar zaiela uste du. Betiere, publikoaren nolakotasunak kontuan harturik.

Bada bertsolaritza eta poesia aldentzen dituen beste ezaugarririk: bat-batean sortu eta kontsumitzen da bertsoa; poesiak, ordea, beste tempo batzuk ditu idazteko eta irakurtzeko. Taldean egiten da bertsolaritza, beste norbaiti erantzunez, askotan; poesia, berriz, pertsona bakarraren lana izaten da. Gaitegiak ere ezberdinak dira; gainera, poetek askatasunez aukeratzen dituzte gaiak, bertsolariek, berriz, ez dute aukera hori. Generoen formak ere bestelakoak izaten dira; neurri zehatzak ditu bertsoak, poesiak ez du zertan.

Errima eta metrika libreek poesia eta poetak «askatu» zituzten arren, bertsoak horretan eskatutako zehaztasunak «libreago» egiten ditu bertsolariak, Lujanbioren ustez. «Bestela joango ez gintezkeen tokietara eramaten gaitu». Azaldu zuenez, errimak bilatzean bururatzen zaizkien berbek ekartzen dizkiete bertsoetarako ideiak.

Berbazko kapitala

Jose Luis Otamendik hartu zion lekukoa Lujanbiori eguerdian. Portusoloko soloan errezitatu zituen Kapital Publikoa haren azken liburuko poemak. Bildumakoak ez ezik, beste poema batzuk ere irakurri zituen: Beste bizitza bat, Poesia Egunetarako sortutako Eako zina, eta Atlantikoaren aurrean. Poema horrek osatu du Otamendiren errezitalaren izenburua: Kapital publikoa (Atlantikoaren aurrean). Lujanbioren hitzaldian gertatu legez, jendez lepo egon zen tokia.

Herri bazkaria egin zuten errezitalaren ostean, eta hori ere jendez gainezka egon zen. Asun Landa jaialdiko antolatzaileak azaldu zuenez, «ezin kabituz» egon ziren, eta jende askok kanpoan geratu behar izan zuen.

Itu Bandako gazteen Ituskizuna ikuskizun formatu aniztunarekin heldu zioten programari bazkalostean, Bedarona auzoan. 18 eta 20 urteko Bizkaiko eta Gipuzkoako zortzi gazte anonimok osatzen dute taldea. Haien belaunaldiaren etorkizuna izan zuten gogoetagai. Arte plastikoak, musika, dantza eta poesia uztartu zituzten Earako sortutako lanean.

Arratsaldeko euri jasek ez zuten jaialdia bertan behera utzi, eta Kafkaren aulkia ikuskizuna aurkeztu zuten Itxaro Bordak, Uxue Alberdik, Andoni Egañak eta Pello Ramirezek, Eskolondoko liburutegian. Gauean, berriz, Su izan nahi: hildakoak, senideak eta maskotak lana antzeztu zuten Metrokoadroka sormen laborategiko lagunek. Antzezlanaren ostean, kontzertua ematekoa zen Anari.

Barikutik domekara

Barikutik dabiltza poesia ospatzen Ean. Iluntzean, Joxe Azurmendi 60ko poesiaren eraberritzean hitzaldiarekin eman zion hasiera jaialdiari Alaitz Aizpuruk. Azurmendiren poesiatik, Miguel Hernandez poeta espainiarraren bertsoetara egin zuten salto gauean. Haren hitzak musikatu eta kantatu zituen Josu Landak Eskolondon, 2014ean Munduko Poesia Kaieretarako Landak berak egindako itzulpena baliatuta. Gaua amaitzeko, 22m2 taldeak kontzertua eman zuen.

Gaur ere, poesia zabaltzen arituko dira zenbait hitzaldiren eta ikuskizunen bidez. Esaterako, Miren Agur Meabek Gabriel Aresti poeta izango du gogoan, Nire arestiar lauburuak hitzaldiaren bidez. Arestik harengan utzitako arrastoez ariko da idazlea goizean, Eskolondoko liburutegian. Eguerdi aldera, berriz, Antonio Casado da Rocharen, Tere Irastortzaren, Mikel Antzaren eta Joan Mari Irigoienen poemekin errezitala egingo dute Moilan; eta Tenpora musika taldeak kontzertua emango du. Arratsaldean amaituko da jaialdia, Danele Sarriugartek, Kattalin Minerrek eta Jule Goikoetxeak ondutako Erraktus ikuskizunarekin.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Xabier Lete, <em>Egunsentiaren esku izoztuak</em> liburua aurkezten, 2008an. ©JON URBE / FOKU

EKLOSIO BAT HAMAR URTEREN ONDOREN

Ane Eslava

Efemeridea, testuingurua, zorra, aitortza, ardura... Elementu ugari egon daitezke Xabier Leteren inguruan sortzen ari diren ikerketa, obra eta omenaldiak arrazoitzeko. Hutsune bat bazegoen, eta betetzen hasi da. Baina oraindik bada lanik Leteren puzzlea osatzeko.

 ©ARXINA

«Espainiako Estatuaren sakoneko kultura militarra da»

Montse Dopico

Ramon Baltar galegista errepublikazalearen bidez kontatu du Galiziako frankismo garaiko barne erresistentzia Suso del Toro idazleak. 'Nòs' egunkariak elkarrizketatu du, 'Un señor elegante' liburuaren harira.
<em>Ehiza</em> animazio film laburraren fotograma bat. ©HAUAZKENA TALDEA

'Ehiza' filmari eman diote Lekeitioko Urrezko Antzara

Amagoia Gurrutxaga Uranga

Lanaren ausardia goratu dute 43. Zine Bilerako epaimahaikideek. Zuzendaritza onenaren saria Aitor Mendilibarrek eta Ibon Goikok jaso dute
 ©BERRIA

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna