Albistea entzun

Bere buruarengandik haragoko baikortasuna

Juan Larrea Espainiako 27ko Belaunaldiko poeta bilbotarrak 1940 eta 1947 artean idatzitako egunkaria aurkitu du Gabrielle Morelli hispanista italiarrak, eta 'Diario del Nuevo Mundo' izenburuarekin argitaratu.
- / EZEZAGUNA

Juan Luis Zabala -

2015eko azaroak 1

Poesia, Europa eta ideologia politikoaren inguruko kezkak eta ardurak alde batera utzita, Mexikon erbesteratuta, gizateriaren etorkizuna ezinbestean Amerikari lotzen zion espiritualtasun mistiko pertsonal eta suhar bati lotu zitzaion Juan Larrea (Bilbo, 1895-Cordoba, Argentina, 1980), Espainiako 27ko Belaunaldiko poeta ezkutua, 40ko hamarkadan, aurretik Orbe apunte liburuan mamitzen hasitako ideiei jarraipena emanez. Larreak Mexikon 1940ko apirilaren 4tik 1947ko abuztuaren 4ra arte idatzitako egunkariko oharrak aurkitu ditu Gabrielle Morelli hispanista italiarrak, eta Diario del Nuevo Mundo izenburuarekin argitaratu, Banco de Santander Fundazioaren Cuadernos de Obra Fundamental bildumaren barruan. Eskuizkribua Alejandro Finisterre idazlearen —eta futbolinaren asmatzailearen— artxiboetan aurkitu du Morellik. Eskuz idatzitako 173 orrialdez gain, bi orrialde daktilografiatu eta hitzaldien bi esku-egitarau ditu.

«Bart gauaz geroztik barrutik aldatzen ari naiz», dio Larreak liburuko lehen oharrean. Hortik abiatuta, Diario del Nuevo Mundo-ko idazkietan «bere buruarengandik harago jo» eta «baikortasun handiko bizitza berri bati ekiten dio», Morellik adierazi duenez. Eguneroko bizitzako kontuei buruz mintzo da Larrea Mexikoko egunkari horretan, baina kontu horiek bilatzen ari den espiritualtasun berriaren arabera interpretatzen ditu. Adibidez, Juan Jaime semearen gaixotasun larria mundu zaharraren eta berriaren arteko harremanen metaforatzat jotzen du, eta semea sendatzen denean «birjaiotze bat» dela dio. Amak oparitutako erlojua galtzen duenean ere, interpretazio baikorra ematen dio gertaerari, galera hori «mundu berriaren garaipena» dela esanez. Larrearen Mexikoko egunkaria «eguneroko gertakarien mikrokosmosa historiaren eta espirituaren makrokosmosarekin batzen duen mapa kosmiko bizitzaz betea» da, Morelliren iritziz.

Emazteak, Guitek, utzi egin duela kontatzen du Larreak Diario del Nuevo Mundo-n. Une hori bere bizitzako «lazgarriena» dela esaten du egunkariko ohar batean, baina argi uzten du, gisa berean, horrek ez duela inondik ere bere mistizismotik aldenaraziko. Are gehiago, emazteak utzi izana aurretik hartua zuen bidean aurrera jarraitu behar duela adierazten dion zeinutzat hartzen du.

«Leial izanik, izateko modu bakarra dago: pasioarena», idatzi zuen Larreak 1926an, Favorables París Poema abangoardiako poesia aldizkarian, artean poesia idazten zuen garaian. Aurretik esana zuen poesian sartu zela «erlijioan sartzen dena bezala». Poesia idazteari utzita ere, pasio eta sinesmen betean jarraitu zuen idazten eta bere espiritualtasunean sakontzen Diario del Nuevo Mundo-n jasotako testuetan.

Ikusezintasunean goxo

Nolanahi ere, Larreak ez zuen izan, itxura batean behintzat, bere lanak argitaratu, ezagutarazi eta zabaltzearen inguruko kezka handirik. Ikusezintasunean goxo egin zuen. Poeta izan zen garaian ere, askoz ere meharragoa izan zen Larrearen ospea bere garaiko poeta ezagunagoengan izan zuen eragina baino. Zenbaiten ustez, Vicente Aleixandre, Rafael Alberti eta Federico Garcia Lorcaren poemarik berritzaileenak ezinezkoak izango ziren aurretik Larreak bere poemagintzan egindako urratsak egin ez balitu. «Luis Felipe Vivanco poetak uste izan zuen Larrea Gerardo Diegoren asmakizun bat baino ez zela, hain zuen handia Larreak ikusezin izateko zuen obsesioa», ekarri du gogora Morellik.

Luis Buñuel zinemagilearekin batera Ilegible, hijo de flauta zinema gidoi surrealismoz blaitua idatzi zuen Larreak 1947an, eta Buñuelek filma egiteko asmo sendoa ere izan zuen. Buñuelek, ordea, Jehovaren lekuko batzuk agertzen ziren sekuentzia ezabatu nahi zuen, eta Larreak ez zion halakorik egiten utzi. Horregatik geratu zen bertan behera filmaren egitasmoa. 1957an gidoiaren beste bertsio bat idatzi zuen Larreak, Lucienne alabaren laguntzaz. Gidoi horren historiak ederki erakusten du Larreak, abangoardiarako berezko joera eta sena izanagatik, harreman tirabiratsua izan zuela beti bere garaiko arte adierazpen abangoardistekin.

Mexikora joan aurretik ere, Diario del Nuevo Mundo-ko mistizismoaren aurrekariak agerian utzi zituen Larreak Orbe liburua osatzen duten 1926 eta 1932ko prosazko oharretan. Liburu hori ez zuen bizirik zela argitaratu, eta egilea hil eta hamar urtera agertu zen plazara estreinakoz, 1990ean Pere Gimferrerren Seix Barral argitaletxearentzat atondutako argitalpenean. Genero aldetik sailkatzen zaila da Orbe, eta haren parekorik izatekotan hori Fernando Pessoaren Libro do desassossego dela dio Gimferrerrek hitzaurrearen hasieran. Diario del Nuevo Mundo-ko oharren aurrekaritzat har daitezke Orbe-ko asko eta asko. Honako hau, esate baterako: «Neure buruarengan gehiago ez pentsatzeko antsiak nauka harrapatua, osasun subjektibo nahikoa izan nahi dut nire begi intelektualek objektua soilik ni-tik kanpo ikus dezaten, existituko ez banintz bezala pentsa dezadan eta ari nadin».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Inazio Mujika, Aintzane Atela, Miren Arratibel, Manu Lopez eta Joxean Muñoz, gaur goizean, Donostian. ©Gorka Rubio / Foku

Edith Wharton batu da Literatura Unibertsala bildumara

Itziar Ugarte Irizar

Egile estatubatuarraren 1911ko ‘Ethan Frome’ nobela laburra euskaratu dute Miren Arratibelek eta Aintzane Atelak. Izen bereko pertsonaiaren gorabeherak ditu ardatzean.

Alex Sanvi eta Unai Iturriaga, atzo, Elkarreko komikiaren txokoan, Donostian. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Mundura atera dira H.B. eta Lo-li-ta

Itziar Ugarte Irizar

Unai Iturriagak eta Alex Sanvik 'Haur Besoetakoa. Itsasoan urak handi' komikia eman dute, Ikastolen Elkartearen eta 'Xabiroi'-ren eskutik. Orain arteko albumik «sendoena» dela uste dute

 ©JAIZKI FONTANEDA / @FOKU

Euskal Herrira itzuliko da gaur Patti Smith

Aitor Biain

Gasteizko Azkena Rock jaialdian eskainitako emanaldiaren ondotik, Euskal Herrira itzuliko da Patti Smith; Donostiako Kursaal auditoriumean ariko da gaur iluntzean. Punk-rockaren ikur handienetako bat da, eta Donostian emango dio amaiera Europa osoan egindako kontzertu birari.

Alexei Volodin pianista, artxiboko irudi batean. ©EUSKADIKO ORKESTRA

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...