Noiz sortua: 2014-06-08 00:30:00

Erabakitzeko eskubidea. Giza katea. ANALISIA

Berriz ere oreka puntua

Enekoitz Esnaola -

2014ko ekainak 8
«Eta ekainaren 9an zer?». Hori galdetu du jendeak Gure Esku Dago-ren mahai inguruetan eta. Bihartik aurrera zer, beraz.

Hilketak, ilegalizazioak, atxiloketak, torturak, kale borroka, jazarpenak zeudela abiatu zuten 2007an autodeterminazio eskubidearen aldeko mugimendu zibila, Idiazabalen, eta Goierrira hedatu zen gero. Duela urte eta erdi bat pasa, Euskal Herrira jauzi egitea pentsatzen hasi ziren. Ordurako ETAk jarduera armatua bukatua zuen, Sortu legeztatua zen, ezker abertzalea koalizioan zegoen erakunde publikoetan... Bake giro bat, ez erabatekoa. Iazko ekainaren 8an aurkeztu zuten Gure Esku Dago dinamika. «Herri bat gara, erabakitzeko eskubidea dugu eta herritarron garaia da».

Ez zen lelo berria ere. Konparazio batera, 1992an Euskal Herriko bost eragile sozialek, autodeterminazioa aldarrikatuta, «demokraziari ekarpena» egin nahi izan zioten. Orain Gure Esku Dago-k ere esaten du demokrazia kontua dela erabakitzeko eskubidea. 1992an burujabetzarekin ere lotzen zuten aldarria; herritarrek eta eragileek 1992ko urriaren 18ko manifestazio erraldoian independentzia eskatu zuten. Orain, aldiz, Gure Esku Dago-k azaldu du bere dinamika ez dela horretan sartzen.

Arrunt desberdinak dira lehengo eta gaurko garaiak. ETAk borroka armatua utzi izana funtsezkoa da horretan. Baina Goierriko kuadrillak gogoa, ekimena eta sena eduki zuen duela zazpi urte, «egoera lokaztutakoa» zenean, Angel Oiarbidek maiz esan bezala. Eta garrantzitsuena: pausoz pauso joan dira, pixkanaka espazioak irabazten, sentsibilitate desberdineko herritarrak batzen, duela gutxira arte ere izandako «harrera hotzei» goxotasuna eskaintzen, eta «xede prepolitiko» edota «printzipio demokratikotik» harago ez luzatzen pausoa.

«Badirudi Euskadin erabaki eskubidea ari dela bihurtzen prozesua gidatzen duen haria», zioen abenduan Jon Azua Jaurlaritzako lehendakariorde ohiak.

Espainiako Estatuan ere aldarrikapen horri eutsi berri diote ezkerreko eragile askok. Kultura politiko itxia dute han boteregune eta indar nagusiek. 2011ko udaran kasik egun batetik bestera aldatu zuten konstituzioa, estatuaren baitako administrazioetako defizit publikoari muga ezartzeko. Erreferendumik ez. Orain, Juan Carlos I.a erregearen lekuan Felipe VI.a jartzea bi asteko kontua izango da, gobernuak ordezkapen proiektua 28 hitzetan prestatuta. Estatu ereduaz, erreferendumik ez. Baina oraingoan IU, Podemos, Equo eta ezkerreko beste eragile batzuek erabakitzeko eskubidea aldarrikatu dute. Estatuan monarkia ala errepublika izateko, galdeketa antola dadila nahi dute, herritarrek erabaki dezatela.

Aztertu beharreko mugimendua izango da euskal herritarrentzat ere. Espainiako Estatuan erabaki eskubidearen alde dauden indarrek Europako hauteskundeetan 4,9 milioi boto eskuratu zituzten; bozen irabazle PPk, lau milioi. Datu berria da hori. Nafarroan eman dute pausoa: atzo, Iruñean, eragile abertzaleak eta abertzale ez direnak manifestazio batean bildu ziren Monarkiari ez, herritarrek erabaki lelopean. Dei bateratua egin zuten.

Erabaki eskubideen aldeko indarrek elkarren arteko konplizitatea bilatu beharko dute, demokraziaren alde. Hortik eratorriko da herri proiektuen gauzatzea eta bermea.

Ekainak 8, Gure Esku Dago iraungi da. Urtebeteko epea eman zioten sustatzaileek, aurreratu zutenez. Konfiantza ereiteko balio izan du; oraingoz, zifrak baino garrantzitsuagoa da hori. Udazkenean mugimendu berri bat eratuko dute. Pausoa luzatzean, orain arte bezala pazientzia izatea gakoa izan daiteke. Hots, berriz ere oreka puntua topatzea da kontua, garaiak eskatzen ez duenean edo baldintzak ez daudenean azeleragailua gehitxo ez zapaltzeko, edo, aldiz, dinamika ez moteltzeko. Herri honetan frustrazioak ez birsortzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna