«Bizia» erein dute orubeetan

Errauste plantaren eta espetxe berriaren aurka egin den martxara erruz batu da jendea, Zubietan. Obretarako atondu dituzten orubeetan sartu dira: beste erabilera batekin nahi lituzkete

Arantxa Iraola -

2017ko maiatzak 28
Hiru zutabetan banatuta martxak abiatu ziren atzo arratsaldean Zubietako plazatik mendi aldera; helburua errauste planta eta makrokartzela egiteko erabili nahi dituzten orubeetara heltzea zen, ezaguna baita bi egitasmo horien kontra ari dela jende asko. Ofizialki errauste plantaren —Gipuzkoako Ingurumen Gunea esaten diote sustatzaileek— lanak abian dira hilaren 10etik, eta martxarekin protesten oihartzuna ozendu egin nahi izan zuten atzo aurka dauden taldeek. Erraustegiaren Kontrako Mugimenduak deituta, azpiegituraren kontrako aldarrikapen eguna izan zen atzo Zubietan, eta arratsaldean Gipuzkoa Zutik mugimenduko kideek hartu nahi izan zuten lekukoa martxarekin. Eta segida izan zuen deiak. Martxak jendetsuak izan ziren eta obretako orubeetara heldu ziren. «Biziaren alde» daudela oroitarazteko keinuak egin zituzten han; makina batzuk pintatu egin zituzten, eta egitasmoaren arabera aurki porlan izango diren orubeak, haziz bete zituzten: «Arbolak haz daitezen. Biziaren sinbolo». Batez ere, irudia lortu zuten: zinetan indartsua. Buzo zuriz eta ileordez mozorrotutako jende talde handi obrak egingo diren tokian: protestan. Kea sorrarazteko suziriak ere piztu zituzten, errauste plantatik irtengo den kea irudikatzen. Orube horien goiko aldean jende asko egon zen obretan sartu zirenei sostengua ematen; txaloak, oihuak eta irrintziak izan ziren.

Tentsio uneak ere izan ziren ertzainekin, baina bakanak. Hori bai; drone bat etenik gabe ibili zen jendea zelatatzen. Gipuzkoa Zutik mugimenduko eledun batek, oso pozik zeudela onartu zuen atzo Zubietan, dena amaitu zenean: «Gaurkoa, bere handitasunean eta bere txikitasunean garaipen bat izan da». Antzeko ekintza gehiago izan daitezkeela esan zuen: «Bidea ikasi dugu».

Zidorretan

Martxak deigarriak izan ziren. Hiru zutabetan banatuta jendea, zidorretan, mendiz. Mozorrotuta, festa giroa lehenetsi nahi izan zuten antolatzaileek, eta jende askok egin zien kasu horretan. Adin askotako jendea batu zen. Ume eta adinekoak baziren tartean. Jende ezaguna bazen. Larraitz Ugarte, esaterako. EH Bilduko legebiltzarkidea egun, Gipuzkoako Foru Aldundian Azpiegitura diputatua izan zen aurreko legealdian eta erakundeko bozeramailea. Errauste planta bazter uzteko urratsak egitea eta defendatzea tokatu zitzaion agintean. Egun, horretan jarraitzeko asmoa duela adierazi zuen. Familia giroan joan zen martxara, eta lanak hasita badaude ere, gera daitezkeela nabarmendu zuen. «Iruzur galanta da», ohartarazi zuen. Gipuzkoan birziklatze tasa hobera ari dela aintzat hartuta, erraustearen aldeko hautuari ez dio zentzurik ikusten. «Bi motibo besterik ezin daitezke egon horren atzean: egoskorkeria, edo interes ekonomikoak». Hain zuzen ere, egitasmoaren inguruko urrats asko «ilunak» izan direla deitoratu zuen. Proiektua «oso hasieran» dagoela uste du, eta oraindik egon daitekeela modua gerarazteko.

Zutabeek bat egin zuten tokian, Iñaki Usabiaga. 81 urte, eta martxan parte hartu zuen: sasoiko. «Zoragarri atera da dena, oso ongi; gazteek zuhurtzia handiz antolatu dute». Ezin, hala ere, gaiak sorrarazten dion mingostasuna bazterrean utzi. Urte asko dira borrokan, eta periodikoa leitzean gaiaren inguruan ikusten dituen absentziek, esaterako, ernegazioa eragiten diote. Ozen adierazi nahi du: «Esplikatu ezinekoa da nola ez zaion estaldura handiagoa ematen gai honi». Behin martxa amaituta, Zubietan, bi andrazko buzo zuriak eranzten: Ana Egaña eta Lurdes Lizaso. «Zestoatik gatoz». Gipuzkoako udalerri horretan ere —zehazki herriko harrobian— hondakinak biltzeko azpiegitura bat ipintzea proposatu zuten lehengo legealdian, eta egitasmo horren harira, gaia gertukoa zaie. Hondakinen kudeaketa lehen lerroko gaitzat dute, eta errausteak ekar ditzakeen arriskuen berri badute. «Gu horren aurka gaude». Esperantza dute: gera daitekeela esan du Egañak. «Masa mugitu behar da. Masa mugitzen bada, kasu egin beharko dute erakundeek».

Martxaren inguruko oihartzuna mundu zabalean hedatu nahi izan zuten antolatzaileek —ez alferrik, Resistzubieta traola hautatu zuten sare sozialetan zabaltzeko—, eta mundu berri baten alde eraldaketa prozesuetan ari diren elkarte eta mugimendu gehiago ere erakarri zituzten protestara. Gasteizko Errekaleor auzoko ordezkariak izan ziren, esaterako, martxan parte hartzen, Eleak mugimendukoak, Fracking Ez taldekoak, Tosu Bizirik-ekoak... Obretarako atondutako orubeetatik alde egin aurretik, horietan bi arrasto utzi zituzten: Ez onartu erraustegia dioen pankarta, eta Mozal legearen aurka egiteko erabiltzen den ikurra. Protesta egin zuten tartean, makrokartzelaren aurkako pankartak ere zabaldu zituzten han batu zirenek.

Geroari buruzko zalantzak

Erraustegiaren Kontrako Mugimenduko kideek ere agiri bat aurkeztu zuten atzo. Ezetz adierazi zuten: «Esan diezaiogun ez Gipuzkoarren bizitzak 35 urterako hipotekatuko dituen erraustegiari». 35 urte barru jarri zuten begirada: «Non egongo ote gara 2051.urtean? 35 urte barru… nola biziko dira gure ondorengoak?». Erraustegirik gabeko sistema eraginkorra izan daitekeela oroitarazi zuten, eta birziklatzearen aldeko aldarria zabaldu behar dela horretarako. Obren hasieraren harira, «haserrea» azaldu dute asteon OEIT Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeko kideek ere. Errausketak osasun arazoak eragin ditzakeela ohartarazi dute.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna