Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Ekonomia Islandia, ostera ere kontrol gabe

Publizitatea

Ekonomia

Islandia, ostera ere kontrol gabe

2008ko 'corralito'-a ezabatu du asteon Reykjavikek. Halere, kapital kontrolak kentzeak baino beldur handiagoa sortzen du berriz ekonomia gehiegi berotzeak.
Argazkia: ASGEIR VALGERDARSON / EFE

2017-03-19 / Jon Fernandez

Corralito esanda, berehala dator burura 2001eko Argentina, eta, beharbada, baita 2013ko Zipre eta 2015eko Grezia ere; baina, nekezago, ziurrenik, 2008ko Islandia. Neurriari argentinarrek jarri zioten gaztelerazko deitura, eta hitz bakarrak kolpean irudikatzen du zer den: sare gisako hesi batek inguratutako ume parkeari deitzen diote Argentinan corralito. Kendu haurra, eta jarri dirua: gobernu batek ezarritako kapital kontrolek hesiarena egiten dute dirua ez dadin atera herrialdetik. Argentinan urtebete iraun zuten kontrolek; Zipren, bi, eta Grezian ia hilabetez egon ziren itxita bankuak —Alexis Tsiprasen 2015eko erreferendumaren garaian—. Islandian, berriz, bederatzi urte iraun du corralito-ak: 2008ko krisitik joan den martitzenera arte. Hortaz, nazioarteko merkatuetara bueltatu da uhartea.

Herritarrek, konpainiek eta pentsio funtsek ezin izan dute Islandiako bankuetan zeukaten dirua atzerrira atera. Krisiaren lehen kolpean kapital ihes masiboa saihesteko hartu zuen erabakia Reykjavikek; eta, gerora, kapital kontrolek eragin dute, neurri handi batean, susperraldi ekonomikoa bizkortzea diruaren (koroa islandiarra) debaluazioarekin batera: bi neurriok eragin dute, batetik, barne kontsumoa sustatzea —inportazioa nabarmen garestitu zelako—; eta, bestetik, esportazioak eta turismoa indartzea, ekonomiaren bi zutoin nagusiak bihurtzeraino. Esportazioak —arraina, silizioa eta aluminioa bereziki— %64 handitu dira 2008tik, eta iaz 1,8 milioi turista jaso zituen ia Bilbok adina biztanleko herrialdeak (330.000 pertsona), 2015ean baino %40 bisitari gehiago, eta 2008an baino sei aldiz gehiago.

Bi motor horiei esker, krisiaren lehen zauritua lehenengo sendatua ere bihurtu da. 2011n hasi zen suspertzen ekonomia, eta, harrezkero, urtero hazi da; erritmo bizian, gainera: iazko azken hiruhilekoan %11,3 hazi zen urte arteko tasan.

Interesekin espekulatzen

Beldurra egon ohi da kapital kontrolak kentzerakoan, joko arau berriekin ekonomiak zelako bilakaera izango ote duen peskizan; baina, Islandian bazterrean geratu da laztura hori, gain hartu diolako burbuila ekonomiko berri baten inguruko kezkak. Izan ere, Islandiako ekonomia gehiegi ari da berotzen, eta 2008 aurreko itxura hartzen ari da, aldeak alde.

Lurrikara handia eta azkarra izan zen 2008koa: bat-batean pot egin zuten hiru banku handienek —Glitnir, Landsbanki eta Kaupthing— eta gobernuak erreskatatu egin behar izan zituen; diruaren balioa %40 jaitsi zen bi urtean; burtsa %76 hondoratu zen; eta langabezia tasa %1etik %8ra igo zen urtebetean. Ekaitz perfektuaren hasieran erabaki zuen gobernuak corralito-a ezartzea: diruaren ihes masiboa ekiditeko.

Izan ere, dirua saldoka sartu zen 2000ko hamarkadan, banka neurrigabe hazi —BPGa hamar aldiz adinako tamaina hartu zuen— eta ekonomiaren oinarri bihurtzeraino. Zergatik? Besteak beste, giroa ezin hobea zelako carry trade egiteko. Funtsean, espekulazio estrategia bat da ingelesezko berbak ezkutatzen duena, eta bi ekonomiatako interes tasen arteko diferentzian oinarritzen da.

Mende hasierako Islandia oso erakargarria zen atzerritarrek bertan dirua inbertitzeko: politikoki egonkorra, hazkunde tasa ere ez zen gorabeheratsua, eta %12ko interes tasa zeukan —eurogunean %3 zen—. Inbertitzaileek Mendebaldeko herrialdeetan hartzen zuten dirua maileguz —interes txikian—, eta Islandian inbertitzen zuten —interes handia zegoen tokian—. Horrek neurriz kanpo puztu zituen irlako bankuetako balantza liburuak. Eta, bankuak erortzean, ekonomia osoa jausi zen; hondoratzea arintzeko babes neurrietako bat izan zen kapital kontrolena.

Banku Zentralaren ataka

Aurten, espero da irlako BPGa %3,8 haztea; 2016an, berriz, atzerriko inbertsio gehiago jaso zuen irlak islandiarrek atzerrian egindakoak baino. Inbertsio balantza positiboak corralito-a desaktibatzea ahalbidetzen du, baina hura kenduta, paradoxikoki, déjà vu baterako osagai guztiak daude berriro eltzean. Carry trade-rako giroa aparta da ostera ere: Islandiako interes tipoa %5ekoa da, Mendebaldeko herrialdeetakoa baino askoz handiagoa —zeron dago eurogunean; %1ean AEBetan—.

Baina, aldi berean, Islandiako Banku Zentralak sekulako presioa dauka diruaren interes tasa are gehiago igotzeko, esportazioek eta turismoak sendo elikatutako ekonomia gehiegi berotzea eragotz dezan.

Publizitatea

Sortu kontua
Jon Fernandez Jon Fernandez

Informazio osagarria

Publizitatea