Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Kultura Katuei buruz

Publizitatea

Kultura

HIRUDIA

Katuei buruz

 
Emile Zola idazle frantziarra (1840-1902).
Argazkia: BERRIA

2017-09-14 / Juan Luis Zabala - Idazlea

Zertaz da» galdetzen dugu askotan irakurri ez dugun narrazio bati buruz; edo «zeri buruzkoa da?» bestela. Baina narrazio bat zertaz edo zeri buruzkoa den esatea hari buruz ezer gutxi esatea da, kasurik gehienetan behintzat, narrazioaren indarra, aberastasuna eta balioa esplizituki aipatzen ez dituen gaiei buruz adierazten dituenetan baitago, neurri handi batean.

Azkenaldian izan dugun polemikarik oihartzun handikoenean, euskal literaturan euskal gatazkaren oro har eta bereziki ETAren atentatuek eragindako oinazearen gaia nola tratatu izan den eztabaidatu da, hau da, zuzen, zakar eta sinpleegi esanda, zenbat narrazio idatzi diren euskaraz ETAri buruz —eta batez ere ETAren aurka—, eta narrazio horiek noiz idatziak diren. Euskal idazleok nahiko ados agertu gara Fernando Aranbururen adierazpenen kontra, erakutsiz euskaraz ere nahiko aspalditik eta nahiko argi idatzi dela ETAri buruz —eta batez ere ETAren aurka—, Jokin Muñozen, Mikel Hernandez Abaituaren, Ramon Saizarbitoriaren, Bernardo Atxagaren eta beste hainbaten obra esplizituak gogora ekarrita.

Baina polemika horretan ez dira asko aipatu esplizituki ETAri eta euskal gatazkari buruzkoak izan gabe gai horiei buruzko gogoetak egiten eta eginarazten dituzten obrak, hau da, azalean ETAri eta euskal gatazkari buruzkoak izan gabe sakonean ETAri eta euskal gatazkaz ere nahiko argi mintzatzen zirenak eta direnak. Anjel Lertxundiren Otto Pette nobela, adibidez, nire memorian behintzat, gisa horretako lanen adibide enblematiko gisa geratu da, eta ez da inondik ere bakarra.

Baina idazleak aipatu ez arren buruan duenaz ez ezik, idazleak inoiz buruan izan gabekoaz ere mintzo daiteke narrazio bat. Emile Zolaren Le grand Michu ipuina irakurri berri dut, Nouveaux contes á Ninon liburuan, eta ezker abertzaleko militante askoren erretratu bikaina iruditu zait pertsonaia nagusia. Jatea ororen gainetik maite duen arren, ikasleek gose greba egiten dutenean greba hori inork baino zorroztasun eta koherentzia handiagoz egiten du Michu handiak, borrokan bakarrik geratu arte. «Benetako martiria izan zen», dio Le grand Michu ipuinean kontalariak. «Beste guztiok txokolatea, konfitura, are txerrikiak ere ezkutatzen genituen ikasmahaietan, poltsikoak betetzeraino hartzen genuen ogi lehorra jaten laguntzeko. Hark, hirian inongo ahaiderik gabe eta era horretako gozagarriei uko eginda, han-hemenka aurkitutako papur batzuk zituen elikagai bakar». Militantzia estu hori, ordea, antzua gertatzen da estrategiak eta burkideen elkartasunak huts egiten dutenean.

Liburu bereko Le paradis des chats ipuinak, berriz, bapo janda eta beti epelean lo eginda goxo bizi den katu bat du pertsonaia nagusi. Ez da, ordea, zoriontsu sentitzen: «Hara! Ba goxotasun horien erdian, desira bakarra nuen nik, amets bakarra: erdi irekitako leihotik irristatu eta teilatuetan barrena ihes egin. Laztanak gezak iruditzen zitzaizkidan, nire ohearen goxotasunak botagura ematen zidan, neure buruari higuingarri irizteraino nengoen gizen. Eta zoriontsua izateaz aspertuta ematen nuen egun osoa». Leihotik ikusten dituen teilatuetako katuen bizimodu aske eta abenturaz betearen inbidiak etxetik ihes egitera eramango du, baina (kontuz: espoilerra) aurki erabakiko du nahiago duela jabearen mende eroso bizi teilatuetako askatasunaren ordainean gosea eta hotza pasatzea baino.

Narrazioaren amaierako esaldi ironikoak zuzenean interpelatzen du irakurlea, edo neu hala sentitu naiz behintzat, zuzenean interpelatua: «Katuei buruz ari naiz». Bai zera katuei buruz! Irakurleari berari buruzkoa da ipuina, bai niri buruzkoa behintzat. Baina ez hori bakarrik. Egungo eta inguruko politika kontuak gogoan, Euskal Herriko alderdi politiko jakin bati buruzko ipuina ere iruditzen zait Le paradis des chats; are gehiago alderdi horretako buruzagi ezagun baten txioa ospetsua egin denetik: «I love Cat».

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak