Noiz sortua: 2016-02-13 00:30:00

Maitasuna eta indarkeria

Gazteek maitasun erromantikoaren inguruan dituzten ideiak aztertu dituzte, horiek afektibitatean eta sexu erlazioetan eraginik duten aztertzeko. Lotura dagoela ondorioztatu dute.
Farapiko Leire Kortajarena, Medicus Mundiko Gema Hierro eta EHUko Maggie Bullen, atzo, aurkezpenean.
Farapiko Leire Kortajarena, Medicus Mundiko Gema Hierro eta EHUko Maggie Bullen, atzo, aurkezpenean. A. CANELLADA / ARP

Eskeine Legorburu -

2016ko otsailak 13
 Maitasun erromantikoak eragina du indarkeria matxistaren adierazpenen sorreran». Hala ondorioztatu du Medicus Mundi erakundeak. 13 eta 18 urte arteko Gipuzkoako nerabeek eta gazteek maitasun erromantikoaren inguruan dituzten ideiak aztertu ditu, horiek afektibitate harremanak eta sexualak izaterakoan eraginik duten jasotzeko. Farapi elkartearekin eta EHUko Antropologia Sailarekin batera egin du ikerketa, eta «gazteen sexu osasunerako eta ugalketarako kaltegarriak izan daitezkeen eta indarkerian amai dezaketen portaerak eta jarrerak detektatzea» izan da helburua. «Teoriatik harago praktikari ekiteko beharra» dagoela ikusi dute. 60 gazte ingururekin jardun dute lanean urtebetez, eta adituak ere elkarrizketatu dituzte. Sare sozialetan gazteek dituzten jarrerak ere aztertu dituzte. 

Azken urteetan egin diren kontzientziazio eta sentsibilizazio kanpainek gazteengan eragin positiboa izan dutela ondorioztatu dute ikerketan, baina «lanean jarraitzeko beharra» azpimarratu dute, «maitasunaren ideologiaren inguruko ezagutza gero eta handiagoa izan dadin». Nerabeek maitasunaren inguruan dituzten zortzi ideia orokor azpimarratu zituzten atzo Donostian egin zuten aurkezpenean.

BIKOTEKIDERIK GABE, EZ

Bai nerabeek eta bai gazteek «oraindik pentsatzen dute bizitzan osotasuna lortzeko beharrezkoa dela alboan beste pertsona bat izatea». Bikotekiderik gabeko bizitza «porrota» dela uste dute, eta «muturreko bakardadearen eta zoramenaren arketipoekin lotzen dute bikotekiderik gabeko bizitza; bereziki, neskek». Bizitza bikotekide batekin eratzeko ideia ugalketarekin eta bakardadea saihestearekin lotzen dute gazteek. Hala, ondorioztatu dute beharrezkoa dela gizabanakoaren garapena bultzatuko duten alternatibak sustatzea.

LISKARRIK GABE ERE EZ

Aurreko belaunaldiek onartutako uste erromantiko batzuk erlatibizatu eta zalantzan jartzen dituzte gazteek, baina «haserrerik ez badago maitasunik ere ez» dagoela uste dute. Jeloskortasun eta kontrol jarreretan eragin beharra azpimarratu dute hiru erakundeetako ordezkariek, «indarkeria bihur ez daitezen». Medicus Mundik, Farapik eta EHUko Antropologia Sailak kezkagarritzat jo dute «gatazkak modu baketsuan konpontzeko dagoen tresna eskasia». 

ERABATEKO KONTROLA

Ikusi dute bikotekidearen presentzia «gero eta nabarmenagoa» dela egunerokoan, informazioaren eta komunikazioaren teknologien bidez. Harremanetan sare sozialen eta Whatsapp sakelakoetako aplikazioaren «gehiegizko presentzia» dagoela uste dute. Ondorioz, bikotekidearekin inolako loturatik gabeko gunerik eta unerik ez dute gazteek, eta «bikotekidearentzat beti prest egon behar dutela onartzen dute; batez ere, neskek». Ohartarazi dute gehiago ikertu behar dela nola eragiten duten sare sozialek genero-indarkeria jarreretan. 

BERDINTASUNA, TEORIAN

Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko funtsezko balioak onartuak dituzte gazteek, baina «izan beharko lukeenaren eta benetan gertatzen denaren artean» aldea dagoela ikusi dute azterketan. «Zenbait desberdintasun onartzen dituzte oraindik ere»; horregatik, gazteei autonomia berreskuratzeko tresnak eman behar zaizkiela ondorioztatu dute. Azterketa egin duten gazteekin, adibidez, tailerrak egingo dituzte alor horretan. 

ANIZTASUNIK EZ

 Homesexualitateari eta bisexualitateari buruz gazteek duten iritzia «deigarria» izan da ikerlarientzat. Ohiko bikote tradizionalaz besteko bikoteenganako «arbuioa» sentitzen dute gazte askok, eta «moda, bizioa edo nortasun falta» dela uste dute. 

GORPUTZA OBJETUA DA

Gorputzari eta jokaera sexualei lotutako alderdiak «etengabean» agertu dira ikerketan. «Gorputza objektu bat dela pentsatzen dute, batez ere emakumeena, eta desioaren eta kontsumoaren elementu bihurtzen dute». Hala, gorputza eta itxura fisikoa «elkarren aurkako erasorako baliabide» bilakatzen dituzte, eta maitasuna «politen artean bakarrik» gerta daitekeela uste dute. «Kanonak markatutako gorputzak bakarrik hartzen dituzte eredu». 

PLAZERA, GIZONENA

Sexu ohiturei eta ugalketari buruz ezagutza teoriko nahikoa dute gazteek, baina, praktikan, «euren irizpideak defendatzeko estrategiarik ez dute». Gainera, neskak dira sexu harremanei buruz erabakiak hatzeko autonomia gutxien dutenak, eta ,«azkenean, beren plazera gizonezkoaren mende jartzen dute».

Era berean, mutilen sexualitatea kontrolaezina dela uste dute, eta sexu harremanetan gertatzen denaren ardura neskarena dela. Izan ere, «neskek barneratuta daukate beren sexualitatea kontrolatu egin behar dutela, mutilaren sexualitatearen aurrean erantzun behar dutela, eta ezarritako eredura egokitzen ez diren neskak seinalatu behar dituztela». Ikerketa egin dutenen ustez, hezkuntza afektibo-sexualean gazteek gabeziak dituztela erakusten du horrek. «Mito horiek deseraikitzeko eta berdintasun baldintzetan negoziatzeko» tresnak eta eremuak falta direla uste dute Medicus Mundiko, Farapiko eta EHUko ordezkariek. 

INDARKERIA URRUN DAGO

Indarkeria fisikoari buruz gazteek duten kontzientziazioak gora egin duela ikusi dute azterketan, baina «beren bizipenetatik guztiz urrun dagoela uste dute». Hala ere, aztertu dituzten talde guztietan, «maila ezberdinetako kontrol eta jazarpen esperientziak» atzeman dituzte ikerketan. «Indarkeria mota batzuk harremanaren barruan sartzen direla uste dute, eta normaltzat hartzen dituzte». Halako kasuetan, erasoa «baimendu eta normalizatu» egiten dute gazte askok, «harremana uztea edo bestelako konponbide batzuk aztertzea kontuan hartu gabe». Beste gazte batzuek «modu oldarkorrean erantzunda egoera orekatzea lortzen dutela ulertzen dute». 

Halako egoeren aurka, «gaia jarrera eraikitzaileagoekin lantzea» beharrezko ikusi dute ikerlariek, «indarkeria denari eta ez denari buruz beraiek dituzten kontzeptuetatik hasita, eta estereotipo eta aurreiritzi haustura horretatik landuta». Genero indarkeriaren sentsibilizazioa eta prebentzioa nerabeen eta gazteen  esperientziatik abiatuta landu behar dela uste dute hiru erakundeetako ordezkariek. 

Albiste gehiago

Apirilaren 1ean eguneratua, 14:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 9.358 gaixok eman dute positibo koronabirusaren proba eginda. 501 hil dira. COVID-19 gaitza izandako 2.134 pertsonari eman diete alta. Grafikoak, albiste barruan.

Aceros Olarra enpresako sarrera, Basaurin. / ©Marisol Ramirez, Foku

Inoizko langabezia datu txarrena espero da gaur

Berria

Martxoko datua emango dute gaur. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak eman dituzten datuen arabera, lana aldi baterako erregulatzeko 26.600 dosier aurkeztu dira azken asteetan, eta horiek 166.000tik gora langilerengan izango dute eragina.

Industrialde bat, erdi hutsik, Bergaran. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Espaniako Gobernuaren zirrikituak ateak ireki ditu

Iker Aranburu

Industria askok baliatu dute Espainiako Gobernuak zenbait jarduerari emaniko aukera: berriro ekitea «gutxieneko zerbitzuekin». ESK aztertzen ari da Arantxa Tapiari salaketa bat jartzea

Balkoietan bandera edo oihal moreak jartzera deitu dute, andreek jakin dezaten nori eskatu laguntza. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Etxea abaro ez denean

Maite Asensio Lozano

Etxean tratu txarrak jasaten dituzten andreak erasotzaileekin itxita geratu izanak kezka eragin du eragileetan eta instituzioetan. Arrisku egoerak areagotu daitezkeela eta, bizilagunak adi egotera deitu dituzte eragileek

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna