Uemak 25 urte

Baldintzak dituzten udalerrien erdiak baino gehiago ez dira Uemako kideak

Mende laurden bete du Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak. Hasieran hamasei herri ziren, eta 76 dira orain. Nabarmen hazteko aukera du oraindik ere: beste 86 udalerri daude sartzeko moduan

Garikoitz Goikoetxea -

2016ko maiatzak 5
Urteurrena du gaur Uemak, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak. Mende laurden bete du. Inoiz baino herri gehiagorekin iritsi da urteurrenera: 73 dira orain, eta hilabete bukaerako batzarrean beste hiru sartuko dira. 76 kide denera. Asko handitu da Uema urteotan ?hamasei kiderekin hasi zuen bidea?, baina badu are gehiago hazteko modua. Ueman sartzeko baldintza soziolinguistikoak dituzten beste 86 herri daude Hego Euskal Herrian. Orain Ueman daudenak baino gehiago.

Euskaldunen indizea %70etik gorakoa duten herrien bilgunea da Uema. Portzentaje hori bi alde elkartuta osatzen dute: euskaldunen ehunekoa eta hiztun pasiboen erdiak batuta. Datu soziolinguistikoak oinarritzat hartuta, BERRIAk azterketa egin du Ueman sartzeko aukera duten Hegoaldeko herriei buruz ?Iparraldekoek oraingoz ez dute Ueman sartzeko modurik?. Mapa soziolinguistikoa da oinarria: 2011koak dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoako datuak; Nafarroakoak, zaharragoak, 2011n ez baitzuten eman 5.000 biztanletik beherako herrien daturik.

Ueman sartzeko baldintza 162 udalerrik betetzen dute, zenbaki horien arabera. Gipuzkoan daude gehienak: 68. Atzerago datoz Bizkaia (57 herri), Nafarroa (36 herri) eta Araba (herri bakarra). Aukera bakarrik ez, Ueman sartzeko erabakia ere Gipuzkoako udalerriek hartu dute gehiago. Herrialde horretan, aukera duten udalen %59 dira mankomunitateko partaide. Bizkaian eta Nafarroan kontrakoa da proportzioa: gehiengoa ez da Ueman sartu ?Bizkaian %61 daude kanpoan; Nafarroan, %64?. Araban, Uemako kide da aukera duen udalerri bakarra: Aramaio.

Herri kopuruari erreparaturik, Bizkaian daude baldintzak bete bai baina Ueman sartzeko erabakia hartu ez duten herri gehienak: 35 dira. Gipuzkoan 28 daude pausoa eman gabe, eta Nafarroan, 23.

Baldintza soziolinguistiko aurreratuak dituzte herri horiek, eta hiriguneetan ez du egoera hori euskarak. Indargune batzuk sortzeko aukera bistan dago, halere. Zortzi eskualdetan, herri guztiek betetzen dute Ueman egoteko aukera: Bizkaian daude bi ?Lea Artibai eta Gernika-Bermeo?, Gipuzkoan beste bi ?Urola Kosta eta Tolosaldea?, eta Nafarroan lau ?Leitzaldea, Baztanaldea, Malerreka eta Bortziriak?. Eskualde horietako batean ere ez daude, ordea, herri guztiak Ueman; Bortzirietan, bai, oraintsu arte hala egon dira, baina Lesaka joan egin zen iaz, Geroa Bai gobernura iritsi zenean.

EH Bilduk, %70; EAJk, %30

Udalean zein alderdi politiko dagoen alkatetzan, alde nabarmena dago Ueman egoteari dagokionez. EH Bilduk baldintzak betetzen dituzten udalerrien %70 ditu mankomunitatean sartuak. Alde handia dago: EAJk %30 ditu, eta udal talde independenteek, %27.

Talde nagusia EH Bildu da Ueman gaur egun ?zuzendaritzan, lehendakaria eta sei kide gehiago ditu koalizioak?. Ueman soilik ez, %70etik gorako euskaldun indizea duten herri guztien artean ere EH Bilduk du gehiengoa: 162 herrietatik 71 daude koalizioaren alkatetzapean ?%44?. Horietatik ia herenak Ueman sartu gabe ditu: 21 udalerri. Zortzina Bizkaian eta Gipuzkoan, eta bost Nafarroan. Kontuan hartzekoa da, hala ere, Uemaren goraldia batez ere EH Bilduren udalen ekimenari dagokiola. Aurreko agintaldian batik bat koalizioko herriak sartu ziren, eta orain ere hala dira eskaria egin duten hiru herriak: Dima, Legorreta eta Ziortza-Bolibar. EAJko zinegotziak abstenitu egin dira hiru herrietan erabakia hartzean.

Zuzendaritzan, elkarrekin

Jeltzaleek ekimen txikiagoa erakutsi dute Ueman sartzeko. Baldintzak betetzen dituzten herri gehienak kanpoan dituzte: 43 herrietatik 30. Gehienak Bizkaikoak dira: 22. Gipuzkoan zazpi dituzte. Nafarroan, bat: Lesaka ?Geroa Bai dago gobernuan, eta alkatea, Jose Luis Etxegarai, EAJko kidea da?. Gogoan izatekoa da, gainera, azken hauteskundeetan jeltzaleen esku geratu diren bi herrik Uematik joateko asmoa agertu zutela: Tolosak ?urtebetez behintzat segitzea erabaki zuen azkenean? eta Lekeitiok ?oraindik ez du jakinarazi erabaki ofizialik?. Beste garai batzuetan ere izan dira sartu-irtenak, baina oraingo legealdian zuzendaritza batzordean elkarrekin ari dira EH Bildu eta EAJ.

Herrietako talde independenteetan dago beste hutsunea. Gutxiengoa dira Ueman daudenak: 48 herritatik, hamahiru. Nafarroan dute indarrik handiena era horretako hautagaitzek, eta hutsunea hor nabari da batez ere: 21 herritan dute alkatetza talde independenteek, eta lau daude Ueman.

Biztanle kopuruari erreparatuta, gaur egun Ueman dauden herrietan 232.200 biztanle bizi dira: Gipuzkoan 153.200, Bizkaian 54.000, Nafarroan 23.400 eta Araban 1.500. Falta diren herriak sartuta, %62 handituko litzateke mankomunitateko biztanle kopurua: denera 376.500 lirateke. Igoerarik handiena Bizkaikoa litzateke: 55.000 biztanle daude orain, eta 109.000 izan daitezke.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna