Albistea entzun

Erresistentzia guneak. Mahai ingurua

EUSTEN, ZABALTZEARI UTZI GABE

Kanpotik heldu zaie erasoa, eta, erresistentzian, hari aurre egiteko prest daude. Bitartean, baina, ez diote utzi euren eredua lantzeari eta zabaltzeari: gizarteak ikus dezan posible dela, sistemak ezarritakoaz gain, gauzak beste modu batera egitea.
Pedro Juez (Tosu betirako), Maialen Inarra (Zubieta Lantzen), Jon Hidalgo (Errekaleor) eta Jon Elizetxe (Aroztegia eta gero zer?) Zubietako plazan.
Pedro Juez (Tosu betirako), Maialen Inarra (Zubieta Lantzen), Jon Hidalgo (Errekaleor) eta Jon Elizetxe (Aroztegia eta gero zer?) Zubietako plazan. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS Tamaina handiagoan ikusi

Iñaki Petxarroman -

2017ko uztailak 2 - Zubieta

Zubietan elkartu ditu BERRIAk Errekaleor, Zubieta, Aroztegia eta Tosuko borroketan ari diren kolektiboetako kideak. Norbere borroka zertan den azaldu diote elkarri, kazetariaren galderei erantzun aurretik. Berehala heldu diote hariari.

Gizarte honetan proiektuak erakundeetan onartzen dira, eta agintariek botoen legitimazioa aipatzen dute egitasmoen aurkariei erantzuteko. Zer diozue?

MAIALEN IÑARRA: Halako proiektuak ez dira hauteskundeetan bozkatzen. Nahiz eta alderdiek euren proiektu estrategikoak aurkeztu, zuk botoa emateak ez du esan nahi proiektu guztiak babesten dituzula. Halakoak aurrera eramateko bestelako lanketa bat behar da, herritarren iritzia eta borondatea jakiteko. Erraustegiaren kasuan ez da hala izan. Adibidez, Zubietan eta Usurbilen egin zen galdeketaren emaitzak Markel Olanori aurkezteko bilera bat eskatu genion, eta ez digu erantzun. Ikusten da ez dagoela interesik herritarren iritziari kasu egiteko, funtsean beste helburu ekonomiko batzuk dituztelako.

JON ELIZETXE: Ez dago kultura demokratikorik halako proiektu edo gaien inguruan. Badaude hauteskunde batzuk, non txeke zuri bat ematen zaien gailentzen diren politikariei, eta txeke horrekin uste dute nahi duten guztia egiten ahal dutela. Egiazki sinesten badugu demokrazia parte hartzaile batean, tresnak egon beharko lirateke parte hartze bideak garatzeko. Gurean kontrakoa gertatu da: proiektua inposatu egin da Baztango Udalaren eta Batzar Nagusiaren eskumenen gainetik eta Udalez Gaindiko Plan Sektoriala [UGPS] erabiliz, proiektu pribatu bati bide emateko. Ez da egon gatazka modu demokratiko batean konpontzeko gogorik. Gainera, aldaketaren gobernua osatzeko akordio programatikotik at utzi zuten gaia, Geroa Bai ez beste alderdiak kontra daudelako. Muzin egin diote galdeketa bat egiteari, eta, egin denean, ez diete emaitzei kasu egin.

IÑARRA: Arrazoi hori erabiliz aurre egin zioten gurean planteatu zen alternatibari. Hau da, herriz herri galdeketak egin behar ziren herritarrek bilketa sistema onartzeko. Orain, gobernuan direnean, kontrakoa egiten dute.

JON HIDALGO: Gure kasuan ikusten da Gorka Urtaranek azken asteetan, argi mozketa gertatu zenetik, diskurtsoa aldatu duela gurekiko. Lehen proiektu interesgarri batean geunden gazteak ginen, «kultuak» deitu izan digu. Orain, bat-batean, «antisistema» batzuk gara, eta ez dugu inolako legerik onartzen. Bera bere boterea ari da erabiltzen iritzi publikoa gure aurka jartzeko, El Correo eta beste tresna batzuekin batera. Guk gure babesa ere badugu: 10.000 lagun elkartu ziren esateko Errekaleor bizirik nahi dutela. Nahi dutelako proiektu hori garatzea, edo, bestela, uste dutelako sistema honetatik kanpo aske bizi nahi dugunok eskubidea dugula hor egoteko eta gure alternatiba garatzeko.

PEDRO JUEZ: Tosuren kasuan, saldu zuten antolaketa planaren inguruko parte hartze prozesu bat. Euren interesei egokitutako prozesua izan bazen ere, guk parte hartu genuen, baina argi ikusi zen dena bideratuta zegoela haiek nahi zuten emaitza lortzera. Egia da ikasten ari direla parte hartze hori saltzen, baina beti haiek nahi duten mugekin, eta ez dute onartuko herritik sortu eta bideratutako prozesu parte hartzaile bat aurrera ateratzea. Orain ere Lurralde Zatikako Planetan [LZP] oinarritutako prozesu parte hartzaile bat dago, baina adierazgarria da bultzatu nahi diren sektore ekonomikoen artean nekazaritza ez dela agertu ere egiten.

Mehatxua gainean duzue. Zubietan, adibidez, makinak lanean dira jada. Zer egin daiteke?

M.I.: Ez etsi. Gainera, jendea lanerako eta borrokatzeko gogoz dago, eta, azkenean, hemen gauden guztion kasuan bezala, eredu baten aurkako alternatiba proposatzen ari gara. Kontzientziazio lan asko egin behar da herritarrek bere eguneroko jarduna aldatzeko. Zubietarren ikuspegitik, nahi dugu ikusarazi hau ez dela gure edo gertukoen ardura bakarrik. Hau da, erakutsi nahi dugu gipuzkoar guztion arazoa dela, eta ondorioek guri ez ezik besteei ere eragingo dietela, izan osasunean izan arlo ekonomikoan. Etsipen sentsazioa gainditu behar dugu, zeren obrak hasi dira, baina erraustegia ez dago martxan, eta ez dugu utziko martxan egoten.

J.H.: Urtaranek esan du Errekaleor eraitsiko duela eta hori dela hurrengo pausoa. Gu, berriz, gure proiektua indartzen eta sakontzen ari gara. Horretarako, energia berriztagarrietan oinarritutako hornikuntza sarea ari gara prestatzen, eta horretarako diru bilketa kanpaina bat hasi, eta 50.000 euro lortu ditugu jadanik. Energia berriztagarrien bidez hornituko dugu Errekaleor, eta uharte energetiko handia izango gara. Erresistentzia zuzeneko egoera baterako ere prest gaude, baina gure helburua da egun hori ez iristea, eta itxaropena badugu. Batetik, alkatearen lehen arrazoia faltsua da, arkitekto talde batek laster jakinaraziko duen txostenak garbi utzi duenez; hau da, etxeen egiturak ondo daude eta zeuden mantentze arazoak konponduta edo konponbidean daude. Eta, bestetik, hark aipatzen dituen baratze ekologikoak egitea ez da posible, etxeak eraisten badituzte, amiantoarekin kutsatuko direlako lurrak. Zeren, amiantoa badago, baina ez da arazoa manipulatzen ez bada. Gainera, argi dago, guri hainbat bilera pribatutan aitortu diguten moduan, haien azken asmoa dela beste 3.000 etxebizitza egitea.

J.E.: Bitxia da nola modus operandi antzekoak ikusten diren batean eta bestean. Eta ondorioa hau da: instituzioak batez ere kapitalaren interesen menpe daudela. Tresna demokratikoak omen dira, baina herritarren interesen kontra doaz. Levanten hasi eta porrot egin zuen hirigintza burbuilaren eredu horren kopia bat nahi dute Aroztegian. Eredu horrek ekarri gintuen krisira eta krisitik ateratzeko erabili nahi dute. Nafarroan gobernu aldaketa bat egon zen eta modu berriak espero genituen, baina Geroa Bai tematuta dago proiektuarekin. Gainera, orain UGPS hau gelditzeko aukera dauka, bi urte bete dituelako, baina ez dute nahi. Eskatzen dugu proiektu hau baztandarren esku uzteko, guk erabakitzeko aitzinera egitea nahi dugun edo ez.

P.J.: Guk ere huste agindu bat daukagu. Ez dakigu zer gertatuko den, baina guk irabazteko itxaropena daukagu. Irabaztekotan, espero dugu garaipen horri bere balioa ematea, zeren iraganean ere izan ditugu garaipenak adibidez, 8.000 etxe eraikitzeko proiektua bertan behera utzi zuten eta agian ez genuen jakin behar bezala saltzen. Botatzen bagaituzte, berriz ere sartzen saiatuko gara, eta han ez bada, beste batean jarraituko dugu, Andra Mari auzoa zabala baita, Getxon geratzen den eremu berde bakarra.

J.H.: Azpimarratu nahi dut zer erantzukizun handia dugun, gazteen errebeldia natural hori bideratzeko hainbeste zailtasun dauden garai hauetan, itxaropen izpi bat mantentzeko, gauzak beste era batera egin daitezkeela erakusteko. Gure proiektutik haragoko ardura bat daukagu, erakusteko horrelako borrokek merezi dutela.

Gizarteari iristen zaion mezua da borrokatzea alferrikakoa dela, boteretsuek nahi dutena egiten dutela. Nola aurre egin horri?

J.E.: Aunitzetan indarrak bideratu behar ditugu zerbaiten aurka. Gizarte kapitalistak, berriz, baditu bere mozal legea, poliziak, epaileak eta bestelako tresnak erresistentziak gelditzeko. Eta, herri mugimenduri falta zaio argitzea zer alternatiba duen eta nola gauzatuko duen. Baztani adierazi nahi diogu beste turismo mota bat nahi dugula, nekazaritza eta industria bultzatu nahi ditugula baina bateragarriak izanik gure ingurunearekin. Uste dugu proiektu hau ez dela bateragarria gure ereduarekin. Gainera, galdetu zaienean, herritarrek bat egin dute gurekin, eta, beraz, guztiz legitimatuta sentitzen gara proiektua gelditzeko.

J.H.: Badago halako etsipen orokor bat edo norabide falta bat, baina azkenaldian asko bideratu da ekintza politikoa zerbaiten kontra egitera. Niri garrantzitsua iruditzen zait aipatzea gurea zerbait eraikitzailea dela, positiboan pentsatuta eta dogmarik gabe, baina gure txikitasunean gauzak beste modu batera egiten ditugula eta eskaintzen digutena baino hobea dela, gainera.

P.J.: Gure mugimenduak sortzaileak eta proposatzaileak dira. Ez dakit hain orokorra den etsipen hori. Agian saldu nahi diguten zerbait da, eta ez dugu sinetsi behar. Guk gurearekin aurrera, benetan borrokak balio duelako, ez bakarrik garaipena lortzeko, baizik eta ikasteko, hazten jarraitzeko eta sortze prozesu horretan jarraitzeko. Gure kasuan, birritan atzeratu ditugu obrak, eta uste dugu posible dela berriro egitea.

M.I.: Erraustegia behin geratu zen, eta garaipena ospatu genuen. Egia da borrokaren luzeak eta gorabeherek jendea nekaratzen dutela, baina azpimarratuko nuke prozesuan gauza pila bat ikasi dituzula, eta nork pentsatuko zuen, adibidez, Gipuzkoan hondakinen kudeaketari buruz herritarrek horrenbeste jakingo zutenik. Ikusten da herri bizi bat dagoela, eta aurrerapenak ere baloratu egin behar dira. Ez dago ezer bukatuta, eta borrokak bere fruituak ematen ditu. Nahiz eta erraustegiaren lanak hor dauden, atzera begiratu eta ikustea zer aurrerapen egin diren, hori ere garrantzitsua da.

Ikusten dituzue zuen borroken arteko loturak, dituzuen balio eta tresna komunak?

M.I.: Gustatu zitzaidan Gipuzkoa Zutiken lelo hura, alegia, %1 %99aren aurka ari dela. Ikusten da filosofia hori leku guztietan. Halako proiektuek gizarte kapitalistetan diru, ustelkeria eta saltsa guztia mahaigaineratzen dituzte. Guk beste eredu bat proposatzen dugu. Askotan erronka hortik datorkigu, zeren azkenean herritarren bizimodua aldaraztea proposatzen dugu, eta horrek kontzientziazio eta konbentzimendu handia eskatzen du, eta horrek zailtasunak ekartzen ditu.

P.J.: Are gehiago, ezberdintasunak ere baditugu, eta horiek aberasten gaituzte. Besteen borrokak ikusita asko ikas daiteke.

J.E.: Borroka batean, azkenean, helburuari begiratzen diogu, hau da, gelditu dugun edo ez, esate baterako. Baina uste dut lorpenik handiena bidean ikasitakoa dela. Lau borrokek dute ezaugarri komun dezente; baina, batez ere, proiektu neoliberalek bultzatzen dituztenek dituzte helburuak eta modus operandi berdintsuak. Haiek garbi dute nola funtzionatu behar duten, eta oposizioa baldin badago, nola gainditu. Eta horretan laugarren boterea dago, hedabideen eremua, eta haiek diruaren menpe daudenez, erabiltzen dira borroka hauek lausotzeko, isilarazteko... Guri falta zaigu harremanak izatea eta elkarrengandik ikastea proiektuei aurre egiteko eta beste eredu bat eraikitzeko.

J.H.: Jon Sarasuari-edo entzun nion ezkerra iraultzailea zela lehen eta erreakzionarioa dela orain. Neoliberalak ari dira euren eredua ezartzen. Botere guztia dute horretarako, eta gu askotan erortzen gara erreakzioaren amu an. Uste dut ikuspegi eraikitzailearekin egin behar dugula aurrera, baina ekinez saiatu behar da. Ez daukat eskema bat esateko nola izan beharko lukeen Euskal Herriak. Errekaleor ez dute botako, baina, botako balute ere, 150 pertsonak ikasi duguna edo beste proiektu batean jarriko dugu; edo barreaiatzen bagara, kristoren ezagutza daukagu, beste kontzientzia batetik lan egiteko.

P.J.: Errekaleor batetik hamaika irtengo dira.

Agintariek aipatzen dute proiektu hauek estrategikoak edo interes orokorrekoak direla. Ba al dago tokiko herritarrenari nagusitu dakiokeen bestelako interesik?

J.E.: Behintzat, Aroztegiaren kasuan, argi geratu da baztandarren eskumenak gainetik pasatu dituela Nafarroako Gobernuak. Batetik, dago legeak zer dioen, eta, bestetik, tokian-tokian eraiki behar direla gauzak, sinergiak eraiki behar direla tokiko bertako herritarren eta ingurumenarekin bat eginez, kanpotik etortzen direnak ez daitezela inposizio bat izan, harremanak ez daitezela izan inposiziozkoak, ez instituzionalki eta ez pertsonalki.

M.I.: Guk esaten duguna da ez dela bidezkoa proiektu hauek egitea herritarren iritziaren gainetik. Gehitu nahiko nuke beste kontu bat tokian tokikoari buruz. Izan ere, nola erabakitzen dira urrutitik zenbait tokitako herritarrei eragiten dieten egitasmoak? Adibidez, Lekarozen halako makroproiektu bat ezarriz. Zubietaren kasuan, gauza bera da. Donostiari esan zioten bere ardura zela kokagune bat bilatzea. Eta zer egin du? Ahalik eta tokirik urrunenean jarri, Zubietara ekarri, bere 500 biztanleri kasu egin ez, eta han kokatu hirigunean nahi ez dituen makroproiektu guztiak: kartzela, erraustegia, industria guneak... Herri txiki bat bere eskola txikiarekin, bere harreman mota bereziarekin... Kanpotik etortzen dira, eta hori dena hankaz gora jartzen dute. Donostiak inoiz ez du Zubietarekiko harremanak zaindu. Herri batzar bat dago, eta haren erabakiei ez die inoiz kasurik egin.

J.H.: Errekaleorren, aurrena, etorkinak bizi ziren, eta, gero, ijitoak. Nahiko bizi eredu egokia zeraman auzo bati eskaini zioten botatzea eta beste bat eraikitzea. Gasteizko hirigintza berria erabili dute hau dena inposatzeko, etxe itsusi eta indibualistak egiteko. Baina guk badugu zeresana erakusteko zer eskaintzen diogun arlo zabalago horri, zeren Errekaleor existitzeak ekarpen handia egiten dio gauzak beste modu batera egin daitezkeelako esperantza horri. Horrez gain, egiten ditugun kultur, kirol edo aisialdi arloko gauzak, edo bizi eredu komunitarioan sinesten duen jendea elkartuz, oso garrantzitsuak dira horri dagokionez.

P.J.: Garbi dago tokiko biztanleok zeresan gutxi izan dugula. Izan ere, bazegoen tren geltoki bat, eta beste bat eraiki zuten 2010ean. Oraindik ez dute zabaldu. Eta orain diotenez, parkinga egin behar dute geltokia zabaltzeko. Non dago bertokoen iritzia? Azken finean, beste interes batzuei erantzuten diete bai parking horrek bai geltokiak; hots, gero etorriko diren milaka etxebizitzaren eraikuntzari.

Zuen eredua eta proiektu hauek dakartena ez datoz bat. Zer egin daiteke zuena gizartean nagusituz joateko?

J.H.: Bizi-eredu talka bat dago, eta hori ikusten dugu gu Errekaleorretik botatzeko asmoen atzean ere. Hasieran, ez genien hainbeste molestatzen, baina orain ikusten dute lau urte egingo ditugula laster, eta arrakasta edukitzen ari garela. Azken finean, auzo indartsu bat bihurtzen ari da, eta horrek beldurra ematen die; hau da, ikustea eredu hori posiblea dela. Horregatik moztu nahi digute burua, ez gaitezen izan eredu, alegia, gauzak beste modu batera egin daitezkeelako froga. Jendeak pentsatzen jarraitu behar du haien eskaintza hori dela aukera bakarra.

J.E.: Falta zaizkigu bi gauza: egoteko guneak, eta diskurtsoa oraindik gehiago fintzea eta teorizatzea. Hortik sortu behar dira eredu alternatibo erreferentzialak. Eta posible dela erakutsi. Kapitalismoak erakutsi nahi du berea dela alternatiba bakarra, eta guk erakutsi behar dugu baietz, posible dela gauzak beste modu batera egitea. Horrek berak ekarriko du jendearen sinesmena.

P.J.: Teoria garrantzitsua da, baina praktika da inportanteena. Lanean ari gara, eta hori da gure boterea, gure eredua hedabideetan ez agertu arren.

Sumatzen duzue gizarte esparru zabalagoekin konektatzea lortzen duzuenean botereak gogorrago jotzen duela zuen aurka?

J.H.: Esango nuke, gainera, harrotasuna ematen digula ikusteak nola suntsitu nahi gaituzten beldur direlako guk jarritako hazi hori zabaltzeko.

J.E.: Baztanen duela hamar urte Euskal Herriko harrobirik handiena egin nahi zuten, Erdizen, Magnesitas de Navarraren eskutik. Dirutza inbertitu zuten propagandan, baina ez zuten lortu jendea konbentzitzea. Herri mugimenduak geratu zuen proiektua. Garaipen handia izan zen hori, eta aurrekariak eragin zituen. Geroztik Baztango lurren %90 herri lurrak dira eta beste aukera batzuk ematen dituzte, nekazaritza dela, beste industria mota bat dela edota nolabaiteko bizimodu iraunkorrago baterako aukera dela. Garaipenarekin konformatu ginen, beste alternatiba batzuk eskaini gabe. Hori da atera daitekeen irakaspen bat.

M.I.: Zure proiektuak alternatiboak dira, eta komunikabideen esparruak iritzi publikoa sortzen du. Konturatzen zara zure alternatiba jendearengana nola iristen ari den ?zaborraren eta atez atekoaren inguruan zenbat gezur asmatu ziren!?, eta, orduan, makineria osoa jarri zuten martxan. Horrelako borrokek erronka handia dute euren mezua helarazteko komunikabide handien erasoen gainetik.

P.J.: Getxoko Udaleko EAJko bozeramaileak eskualdeko komunikabide batean gure aurkako iritzi artikulu bat idatzi zuen esanez Perestroika oraindik ez dugula gainditu. Sekulako poza hartu genuen, zeren ikusi zuten euren oinarri soziala gure alde ipintzen hasi zela. Orduan ikusi zuten gu kolpatzeko beharra.

EAJ ?edo Geroa Bai haren aliatua? dago proiektu hauen atzean. Inoiz baino sendoago dagoela dirudi, ordea.

M.I.: Benetan frogatuko bagenu herritar masa zabalak ez daudela euren proiektu edo ereduaren alde, dena gainditu liteke, eta ez lukete halakorik proposatuko. Hor dago gure erronka, hau da, alternatiba horiek zabaltzen joan eta beste bizi eredu bat gauzatzeko oinarriak jartzea. Azken finean, kontzientziazio lana egiten, zeren kontzientzia hartzen denean, jendeak ez ditu halako ereduak onartuko.

J.E.: Nafarroan eduki dugu EAJren gisako zerbait, UPN izenekoa. Duela urte batzuk ematen zuen, hemen zuei EAJrekin orain gertatzen zaizuen bezala, ezinezkoa zela hortik kentzea. Baina gizartea antolatu zen, irrika handia zegoen aldaketarako, eta bozketan bideratu zen. Zoritxarrez, Geroa Bai aldaketa horri iruzur egiten ari zaio, eta pena bat da, zeren jendea mobilizazioetan aritu zenean, asmo bakarra ez zen alderdi bat kendu beste bat jartzea, baizik eta modu aldaketa bat, gizarte ezberdin bat eraikitzea. Espero dut Nafarroako gizartea berriz mugitzea, adibidez, AHTaren inguruko itunarekin. Uste dut iritsi dela ordua berriz ere karrikara ateratzeko.

J.H.: Gasteizen EAJ sartu zen aldaketaren gobernuan, Bilduk babesa emanda, nahiz eta EAJ hirugarren indarra izan. Azkenean, Maroto kentzea zen helburua, eta Urtaran, progre itxurarekin eta Gasteiz berriaren lelopean, egin zuten alkate. Orain, mozorroa kendu du alkateak. Uste dut ez lukeela ahaztu behar ez duela Azkunak Bilbon zuen babes bera. Ez dakigu nola etorriko diren gure bila, baina hobe du hori aintzat hartzea, Bilboren moduko huste bat buruan baldin badute.

P.J.: Getxon EAJ betidanik izan da boterean, baina guk ere esan behar diogu kontuz ibiltzeko, zeren saiatu zirenean 8.000 etxebizitza eraikitzen, alkatetza galtzear egon ziren. Eta, oraingoan ere, ari gara ikusten Tosun bertan ortua daukan batek duela bi urtera arte EAJri ematen ziola bozka. Dena den, kontuz ibili behar gara, zeren siglei asko erreparatzeak oker gaitzake. Kapitalak bilatuko ditu bere ordezkariak, bat izan edo bestea. Gure kasuan, tamalez, PP eta EAJ paretsu ibiltzen dira bozetan, eta, beraz, siglek bere garrantzia daukate, baina, mugatuta.

Auzitara ere jo izan dute erresistentzian dabiltzanek. Itxaropenik ba al duzue bide horretan?

J.E.: Beste tresna bat da, baina ezin dugu konfiantza itsurik izan justizian, zeren kapitalak ordezkariak jartzen dituen moduan erakundeetan, ordezkariak jartzen ditu auzitegietan ere. Normalean proiektuen bultzatzaileek zerbait gaizki egiten dutenean, jantzia konpontzen aritzen dira justiziara egokitzeko. Gurean, hasiera batean, proiektua epaileek geratu zuten, erretako lur eremu bat birkalifikatu zutelako. Hori ikasita, gauzak beste modu batera egin dituzte gero. Itoitzen ere frogatu zen legez kanpokoa zela urtegia, eta legea aldatu zuten. Herri mugimenduak, gainera, dirua behar du bide horretan murgiltzeko, eta askotan ezinezkoa izaten zaio.

J.H.: Guk baditugu prozesuak auzitegietan, baina garbi dut garaipena ez dela hortik etorriko. Gehienez, trabak jarriko dituzu, baina justizia ere etsaiaren lur eremua da, eta ez dugu askorik egiteko hor. Eta garaipena hortik etorriko balitz ere, epaileek esaten dutelako Errekaleor ezin dela bota, adibidez, ez da interesatzen zaigun garaipena. Garaipena kalean dago, babes soziala lortzea da eta jendea zure alde jartzea.

M.I.: Bai, bide judiziala present eduki behar dugu. Erraustegiaren gaian, adibidez, Gurasosek eramaten du gehiago, eta lor dezake prozesua pixka bat mantsotzea, baina botere judiziala ere botere politikoarekin dago, eta zaila da hor irabazten ateratzea. Nik ere itxaropen gutxi daukat hor.

P.J.: Gure inguruan Artea merkataritza zentroa, eraiki eta urte batzuetara, ebatzi zuten legez kanpokoa zela, eta hor dago. Beraz, ez daukagu itxaropenik.

Tokiko borrokek dirudite zuenak, baina gauza askotan bat zatozte. Halako saretze baten, elkargune baten falta sumatzen duzue?

J.E.: UPNren garaian Nafarroa Bizirik Nahi Dugu plataformen elkargunea sortu zen, baita manifestazioren bat antolatu ere. Guztiz inportantea da bide hori, eta duela gutxi hasi da saretzen Nafarroa Bizirik Nahi Dugu berriz, ikusten ari garelako zer dagoen: AHTaren afera, Aroztegiarena, harrobiak, Castejongo termikoak... Ikusten da gobernua aldatzeak soilik ez dituela gauzak bermatzen eta beharrezkoa da saretzea.

J.H.: Guk ere ekainaren 10ean egin genuen manifestazioan Herriak bizirik leloa erabili genuen, ez garelako gu bakarrik, baizik eta mugimendu globalago baten parte gara. Interesgarria iruditzen zait saretzea, elikatzeko modu positiboan elkarren proiektua eta hor egoteko, elkar defendatuz, beharrezkoa denean.

P.J.: Errekaleorren hainbat kolektibo batu ginen eta ideia horren inguruan erabaki genuen urri aldera batzar bat egitea espazio askeen defentsaz aritzeko.

M.I.: Gipuzkoaren kasuan Erraustegiaren Aurkako Mugimendua saretze moduko batetik sortu da. Berriro proiektua martxan jarri zenean, beharrezkoa ikusi zen hainbat herritako mugimenduak elkartzea. Funtsezkoa da elkar indartzea eta guztiak batzea, hala lortuko dugulako eredu kapitalista honen aurkako borroka osotasun batean martxan jartzea.

Zuentzat, zer da erresistentzia?

P.J.: Uste dut erresistitu behar dutenak haiek direla. Gu erasoan ari gara, egiteko modu berriekin, modu positibo eta eraikitzailean eta pixkanaka haiek galtzen doaz.

J.H.: Nik guztiz kontrakoa esan behar nuen. Gu ari gara erresistentzian, eta gure eredu alternatiboei eusten, eta gure aktibotasuna da hori esfera publikoan mantentzea. Haiek daukate boterea, eta gu galtzen goaz. Gure erresistentzia da gure ereduari jarraitzea eta eraikitzen jarraitzea.

J.E.: Kapitalak kapitala lortzen ez duenean, galdu egiten du. Guk, gure helburua lortu edo ez, gauza aunitz irabaziko dugu bidean, gure helburuak asko baitira.

M.I.: Proiektu kapitalista hauetan eraso hori mantendu egin behar da, bide luzea baita, eta ez baita nahikoa momentu bateko kolpe bakar bat. Erraustegiaren kasuan, duela 15 urte jarri zuten martxan proiektua, eta ni umea nintzela hasi nintzen manifestazioetara joaten.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Zigoitian bi emakume hil ziren istripu batean, kamioi batek haien autoa jota. ©DAVID AGUILAR / EFE

Euskal Herriko errepideetan 85 lagun hil dira istripuz urtebetean

Irati Urdalleta Lete

Pandemiak 2020an eragindako geldialdiaren ostean, 2021ean gidariak berriz atera dira errepidera, eta, horrekin batera, %20 ugaritu dira heriotzak. Hildakoen %82 gizonezkoak izan dira
<b>ZIUak, beteago.</b> Osasun langile bat gaixo bat artatzen, Gurutzetako ospitaleko ZIUan. ©MARISOL RAMIREZ /FOKU

Birusarekin 129 lagun zendu dira Hego Euskal Herrian aste bakar batean

Edurne Begiristain

Joan den urteko otsailaren erdian erregistratutako datuen parekoa da. 180 eri daude ZIUetan, larri. Hirugarren dosia 30-39 adin tartekoei zabaldu die Osakidetzak
2021 urteko balantze korporatiboa

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.