Albistea entzun

Azken txatala josteko gertu

Larunbatean jokatuko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala.

Sailkatutako zortzi bertsolariak «pozik» eta «gogotsu» daude.

Kristina Mardarasi egokituko zaio irabazleari txapela janztea
Larunbateko finalean arituko diren zortzi bertsolariak, Kristina Mardarasekin —ezkerrean— eta Asier Ibaibarriagarekin —eskuinean—.
Larunbateko finalean arituko diren zortzi bertsolariak, Kristina Mardarasekin —ezkerrean— eta Asier Ibaibarriagarekin —eskuinean—. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS

Gotzon Hermosilla -

2014ko abenduak 18 - Bilbo

Azken txatala josiko dute Bizkaiko Bertsolari Txapelketan datorren larunbatean. Josi izan da aurtengo txapelketaren leloa, «Bizkaiko bertsogintzak eragile guztiak josi» egiten dituela eta bertsolaritza osatzen duten txatal guztien aniztasuna nabarmentzeko, Bizkaiko Bertsozale Elkarteko presidente Asier Ibaibarriagak gogoratu duen legez, eta datorren larunbatean azken hari-puntadak emango dituzte Bilbao Arena kiroldegian (Bilbo) egingo den finalean. Zortzi bertsolari sailkatu dira finalerako, Bizkaiko bertsolaritzaren aniztasun horren erakusgarri horiek ere: lau andrazko eta lau gizonezko, eskualde euskaldunetan zein Bilbo inguruko giro erdaldunagoan sortuak, txapelketetan eskarmentu handia batutakoak eta estreinako aldiz finalera iritsi direnak.

Gaur egungo txapeldun Arkaitz Estiballes, Etxahun Lekue, Fredi Paia, Iratxe Ibarra, Jone Uria, Onintza Enbeita, Oihana Bartra eta Xabat Galletebeitia izango dira larunbatean indarrak neurtuko dituzten bertsolariak. Azken biek estreinako aldiz hartuko dute parte final batean.

Prozesu luzea izan da txapelketarena. Udaberrian jokatu ziren eskualdeetako txapelketak, eta uda ostean bost kanporaketa eta hiru finalaurreko antolatu dituzte. Udazkeneko azken fase honetan 37 bertsolarik hartu dute parte.

Mardaras, txapela emaile

Aurten, Kristina Mardaras (Iurreta, Bizkaia, 1948) bertsolari eta bertsozaleari egokituko zaio irabazleari txapela janzteko eginkizuna. Bizkaiko bertsolaritzaren sustapenean lan handia egindakoa da Mardaras, bertsolari moduan lehenbizi, andrazkoak plazan kantuan ikustea hain ohikoa ez zen garaian -1982an kantatu zuen jende aurrean lehenengo aldiz-; behar isilago baina ez garrantzi gutxiagokoetan geroago, irakasle, epaile, gai jartzaile, antolatzaile eta abarretan.

Hunkituta egin du berba Mardarasek txapelketaren finalaren aurkezpen ekitaldian. Eginkizun horretarako aukeratu izana «ohorea» dela esan du, eta «ezustekoa» ere bai, «beharrean aritu diren langileak asko direlako eta badagoelako nor aukeratu txapela ipintzeko».

Mardaras ziur agertu da finala «saio borobil eta zirraragarria» izango dena, batez ere orain arteko saioetan erakutsitako maila ikusita, eta gaineratu du ilusio berezia egiten diola finalisten artean lau emakumezko daudela ikusteak.

«Beti bili naiz aniztasun horren bila». esan du Mardarasek, «eta uste dut garrantzitsua dela andrazkoek ere euren mezuak plazaratzeko aukera izatea. Bertsotan hasi nintzenean, 80ko hamarkadan, faltan sumatzen nuen emakumezkoen ahotsa inguruan, baina proiektu hau hasiera-hasieratik ezagutzen dut eta segituan konturatu nintzen gazteak bazetozela, bertso eskoletatik zein ikastoletatik, eta hor emakumezkoak ere bazeudela. Itxaropena banuen».

Bizkaiko azken txapelketan, duela bi urte egindakoan, lau andrazko eta lau gizonezko igaro ziren finalera, aurten bezala. Jositako adabakien artean, txatal morea aspalditik dago Bizkaiko bertsogintzaren oihalean.

Baina azken puntadak falta ditu. Mardarasek gogoratu du Maialen Lujanbiok Euskal Herriko txapela lortu zuela 2009an, eta Araba, Nafarroa eta Gipuzkoako txapelketetan emakumezkoak izan direla garaile hainbat urtetan. «Bizkaiari falta zaio emakume txapelduna edukitzea», esan du. «Sailkatutako zortzietako edozeini pozik jarriko nioke txapela, baina emakume bati txapela jartzeak izugarrizko ilusioa egingo lidake».

Aholku praktikoak

Finalerako sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eu webgunean, eta han eskuratu ahal izango dira bariku eguerdira arte. Txappelketa sakelako telefonoetarako aplikazioaren bidez ere eros daitezke. Edozein modutan, antolatzaileek adierazi diete Bilbao Arenara joan nahi duten bertsozaleei ardurarik ez izateko, sarrerak egongo direlako, eta larunbatean bertan kiroldegiko txarteldegian ere erosi ahal izango dira 14:00etatik aurrera.

Ekitaldia 17:30ean hasiko da, eta ateak zabalik egongo dira 16:00etatik aurrera. Antolatzaileek aholkatu dute «sasoiz» ibiltzeko, azken orduko ilarak saihestearren, eta garraio publikoak erabiltzeko.

Aretoan ezin dela erre eta latak edo kristalezko edukiontziak sartzea galarazita dagoela ere gogoratu dute antolatzaileek. Eskaileretan ez jartzeko eta aulkien artean hutsunerik ez uzteko ere eskatu dute. Azkenik, bertsolariei enbarazurik ez sortzeko, jardunean ari diren bitartean lekutik altxatu edo mugitu behar izatez gero bertsoaldia amaitu arte itxaroteko eskatu diete zaleei.

Bi urtean behin antolatu ohi da Bizkaiko Bertsolari Txapelketa, eta 2012koan Arkaitz Estiballes izan zen txapelduna, buruz burukoan Igor Elortzari gailenduta. Hirugarrena Fredi Paia izan zen, eta ostean, Jone Uria, Onintza Enbeita, Miren Amuriza, Iratxe Ibarra eta Etxahun Lekue sailkatu ziren.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

<b>Finala.</b> 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala, BECen. ©A. LOIOLA / FOKU

Txapelketa: zauri edo ukendu

Miren Mujika Telleria

Bilboko Bizkaia pilotalekua izango du azken geltoki Txapelketa Nagusiaren trenak. Ibilbide gorabeheratsua eginda, gaur helduko da hara. Kolpea edo poza izango da gaurko saioa bertsolarientzat, gaur erabakiko baita zein zortzi bertsolari arituko diren Nafarroa Arenako oholtzan.
Jon Sarasua idazlea, atzo, Donostian, <em>Harizko zubiak</em> liburuaren aurkezpenean. ©GORKA RUBIO / FOKU

Hizkuntza lankidetzaren kontrabandoa

Jone Bastida Alzuru

Jon Sarasuak Haitira, Pernambucora, Mexikora eta Tangerrera egindako bidaietako esperientziak eta gogoetak jaso ditu liburu batean: 'Harizko zubiak'. Pamielak atera du

Iñigo Etxezarreta abeslaria <em>Guretzat</em> diskoaren aurkezpenean, atzo, Bilboko Kafe Antzokian. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Rockero izandakoen runbak

Olatz Silva Rodrigo

ETS taldeak 'Guretzat' diskoa kaleratu du. Ska eta rock doinuak alde batera utzi, eta beste hainbat musika estilo uztartu dituzte

Gartxot komikigileak sortutako <em>Barruan</em> komikiko irudietako bat. ©GARTXOT / ATARAMIÑE

Kartzelak kolpatutako literatura bat

Iñigo Astiz

2002tik 2017ra bitartean kaleratutako liburu kolektiboetako testu hautaketa bat, Jose Mari Sagardui 'Gatza'-ren memoria liburu bat, eta Gartxoten 'Barruan' komikia kaleratu ditu Ataramiñek

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Gotzon Hermosilla

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.