Albistea entzun

Jaurlaritzaren diru laguntzak. Euskal hedabideak. ANALISIA

Babes instituzional nahikorik gabe

Iban Arregi - BERRIA Taldeko kontseilari ordezkaria

2014ko urriak 21

BERRIA 210.000 euro gutxiagorekin lagunduko du Eusko Jaurlaritzak, iaz baino ia %15 gutxiagorekin. BERRIA sortu zenetik laguntzarik txikiena da, aldearekin. Konparazio batera, Euskaldunon Egunkaria-k haren azken urtean jaso zuen baino 350.000 euro gutxiago. Erraz esaten da, baina ez da txantxetarako gaia.

Abisatuta geunden, abisatuta geundenez. «Hedabide bakoitza irits litekeen herritarren artean zenbatengana iristen den aztertu», eta horren arabera banatuko zirela laguntzak esan zuen Hizkuntz Politikarako Sailburuordetzak, eta hasieratik bertatik tokiko hedabideetan jarri zuen lehentasuna. Horren gordin, horren sinple. Irismen kuantitatiboa baloratuta, batik bat, eta zaku berean sartuta izaera oso desberdineko proiektuak eta produktuak: masiboak eta ordainpekoak, nazionalak eta tokikoak, egunkariak eta hilabetekariak. Abisatuta geunden, abisatuta geundenez, eta BERRIA diru laguntza politika horrek babesgabe uzten du, proiektua garatzeko eta berritzeko, iraupenerako hain garrantzitsua den berritze prozesua aurrera eramateko muga handiekin.

Puntuak emateko eta kentzeko erabilitako neurri zehatzak oraindik ezagutu gabe, esan daiteke sektorea bere osotasunean babestuko eta garatzen lagunduko duen laguntza politikarik ez dugula, are gutxiago aurtengo ebazpenarekin. Esaten da estrategikoa dela sektore hau, esaten da sektoreko gainontzeko azpisektoreen moduan behar duela herri honek egunkari nazionala ere, baina horretarako bermerik ez du eskaintzen gero Eusko Jaurlaritzak. BERRIA bakarretakoa da, bakarra ez bada, Eusko Jaurlaritzatik soilik jasotzen dituena bere defizita estaltzeko laguntzak, eta laguntza horiek gaur egun gure aurrekontuaren %15 dira, oro har sektoreko batez bestekotik oso-oso behetik.

Baina ikuspegi estrategikoa falta da gaur egun Jaurlaritzan. Produktuen kalitatea, hizkuntzaren normalizazioan eta estandarizazioan egiten duen ekarpena, BERRIAren eraginkortasun soziala, autofinantzaketa maila, efizientzia, berrikuntzarako gaitasun, irismen kualitatiboa... Horiek guztiak oso bigarren mailan daude ebazpen honetan. Noiz eta inoiz baino kalifikazio eta datu hobeak ematen ari denean BERRIA kalitateari eta irismenari dagokionez. Noiz eta, urte zailen ondoren, berritze prozesu etengabean ari garenean, berriro burua altxatuta, neurri handi batean langileen sakrifizioari esker.

Zorionez, hiztun komunitate oso baten babesa daukagu; kultur-ekosisteman erabat integratua dagoen proiektua da BERRIA. Zorionez, berrituz joateko, garatuz joateko ideiak eta kemena geratzen zaizkigu oraindik. Lantalde profesionala, konprometitua eta zoragarria daukagu, zorionez. Eta egingo dugu aurrera, orain ere. Berriro ere jo beharko dugu euskaldunengana, laguntza eske; jo beharko dugu, Jaurlaritzara ez ezik, beharbada beste erakundeetara ere, babes eske. Ez inoren kontra, baten batek igual nahiko balu ere; egunkari nazionalaren alde baizik. Eta lan egingo dugu, betiko ilusioarekin, Hekimen euskal hedabideen elkartean adostua dugun proposamenaren alde indar eginez, diru laguntza politika sendoago baten bila. BERRIAk, Argia-k, tokiko hedabideek, telebistek, irratiek, Internet bidezko hedabideek, aldizkari espezializatuek… osatzen dugun sektore hau babesteko eta garatzeko balioko duen laguntza sistema baten alde.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

GI-2633 errepide artxiboko irudi batean. ©Google Maps

Motozale bat hil da Zestoan, kamioi batekin izandako istripuan

Berria

GI-2633 errepidean gertatu da ezbeharra. Ertzaintza gertatutakoa ikertzen ari da.

Iruñeko Izaga-Irabia ikastetxearen artxiboko irudia. ©Iñigo Uriz / Foku

Nafarroako Auzitegi Nagusiak ontzat jo du Lehen Hezkuntzan segregazioa diruz ez laguntzea

Iker Tubia

Opus Deiren Irabia-Izaga eskolak paratutako helegitea atzera botata, oniritzia eman dio ituna duten eskoletan segregazioa debekatzen duen Nafarroako Gobernuaren ebazpenari

Osasun publikoaren aldeko herri plataformen topaketa larunbatean Araian(Araba) ©BERRIA

Osasun sistema publikoaren alde mobilizatzera deitu dute azaroaren 11rako

Edurne Begiristain

Osasun sistema publikoa helburu duten herri plataformek deitu dute manifestazioetara, eta Bilbon, Donostian eta Gasteizen izango dira. Pribatizazioaren eta osasungintza publikoaren «eraistearen» aurka antolatu dituzte protestak.

Ignacio Allende 'Torbe', artxiboko irudi batean ©JUANJO MARTIN / EFE

Haur pornografiako delituak onartu ditu Torbek, eta bi urteko kartzela zigorra ezarri diote

Olatz Silva Rodrigo

Zazpi urte baino gehiagoko kartzela zigorra zuen eskatuta Fiskaltzak. Beste bi gizon epaitu dituzte.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...