Istorioen matrioxka bat

'Bihotzero' lehenengo eleberria kaleratu du Maider Agirrek, autoekoitzita.

Idoia Beratarbidek ilustratu ditu hainbat pasarte
Egun baten gorabeherak kontatu ditu egileak.
Egun baten gorabeherak kontatu ditu egileak. LOINAZ AGIRRE / GOIERRIKO HITZA

Saioa Alkaiza Guallar -

2015eko ekainak 16

Egun bat, bai eta egun hori bizitzen duen pertsonaren sentimenduak eta bizipenak. Horixe da Maider Agirre idazleak Bihotzero lehen eleberrian kontatu duena. Baina hori baino gehiago ere bada, «arkitektura berezia» baitauka obrak. Trama nagusiaz gain, hainbat istorio biltzen dituen «matrioxka bat» da. Hala, eleberriak badu poesiarik, badu saiakerarik, badu ipuinik... Azken finean, «ohiko nobela batetik ezberdintzen dituen elementuak dauzka». Egileak berak autoekoitzi du, eta Joxerra Gartziaren babesa izan du prozesu guztia aurrera eramateko. Era berean, Idoia Beratarbide sortzaileak ilustratu du: batetik, liburua bera atondu du irudiz; bestetik, hari nagusiaz aparte dauden hogei testutxoak marraztu ditu, postaltxoetan.

«Eleberriei buruz hitz egitea abentura zapuztea iruditzen zait», esan du irmo Agirrek. Eta, horregatik, zertzelada batzuk baino ez ditu eman nahi izan edukiaren inguruan. Oinarrizkoena baino ez. Lehenik eta behin, Euskal Herrian kokatuta dagoela. Bigarrenik, giroa. Hari mutur batzuk, alegia. Ideia orokor bat ere harilkatu du, dena den: emakume baten egun bat da azaldu duena, jaikitzen denetik gauean lo hartzen duen arte. Nolabait ere, bi mundu uztartu ditu: protagonistari gertatzen zaiona, eta bizitzen eta pentsatzen duena. «Anabasa» batean bezala nahastu du dena, gainera.

Familia. Horra elementu estrukturatzailea. Izebari bisitan doa emakumea, eta hark kontatutakoek sortzen dute narrazioa. Agertutako batzuk pasadizo ezagunak izango dira pertsonaia nagusiarentzat; beste batzuk, ordea, ezagutzen ez dituen sekretuak. Ez da sorpresarik faltako, halaber: «Iraganetik datorren oparitxo bat» emango dio-eta izebak.

Poesiei, idazki laburrei eta besteei dagokienez, «denetarik» lantzen dute: gai poetikoak, filosofikoak, «haragizkoak eta larruzkoak», adibidez. Esaterako, Donutsa da baten izenburua; Hitzak beste batena; eta Paris beste batena. «Narrazioaren eta poesiaren artean daude. Oso errez sartzen diren kontakizunak direla iruditzen zait».

Testutxoak eta kontakizun nagusia ustez aparte badoaz ere, zentzua hartuko dute bukaera partean, eta argi eta garbi geratuko da elkar elikatzen duten osagarriak direla.

Autoekoitzi, aske izateko

Aspaldi idatzi zuen liburua Agirrek, 2009an, eta baietz esan zion orduan argitaletxe batek, baina itxi egin zuten. Geroztik, argitalpen prozesu «luzea eta gogorra» jasan behar izan du. Konponbidea: kaleratzea bere esku egotea. «Duintasun kontu batengatik» erabaki zuen hala egitea: «Musika jar dezatela, baina nik nire erara dantzatuko dut, inori konpasa jarraitu gabe. Autoedizioak hori sinbolizatzen du». Horrek eman zion Beratarbide ezagutzeko aukera. «Haren lanarekin nire nobelak beste dimentsio bat hartu du». Mikelazulon (Errenteria) eta Garoan (Donostia) daude ikusgai orain marraztutako irudiak.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

 ©JON URBE / FOKU

«Tentsioa dakarten lanak falta dira»

Itziar Ugarte Irizar

Formatu bikoitzeko lan batekin itzuli da: 'Unisonoa', lerro bateko poesia liburua eta hamabi soinu pieza. Lengoaia behatzeko eta entzuteko denboratzat du idazketa.
Virginia Woolf idazle ingelesa; jardun betean zegoen 1920. urterako, baina bide oparoago baten atarian oraindik. ©BERRIA

«Negu sasoiko lehen eguna»

Joannes Jauregi

Idazle baten egunerokorik ezagun eta oparoenetako bat izango da Virginia Woolfena, ia bizi osoa eman baitzuen osatzen. Gaur duela ehun urte, astelehenarekin, Woolfek 38 urte zituen; idazle argitaratua zen, baina artean onenak eman gabea. Eta sarrera bat egin zuen egunerokoan.

Wiggins ahizpetako hiru, The Shaggs taldeko kideak. ©BERRIA

Tarotak iragarritako banda kalamastra

Julen Azpitarte

Aitak behartuta abiatu zuten The Shaggs taldea Wiggins ahizpetako hiruk. Disko bakarra grabatu zuten, 1969an, eta, gerora, hamaika aldiz berrargitaratu da, gaur arte. Muturreko jarrerak eragin dituen lana da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna