LEKU-LEKUTAN

'Bi xer hati' (Ongi etorri)

Iheslariak, atzo, Grezia eta Mazedonia arteko mugaldean.
Iheslariak, atzo, Grezia eta Mazedonia arteko mugaldean. VALDRIN XHEMAJ / EFE

Urtzi Urrutikoetxea -

2015eko irailak 5
Duela urte batzuk, iheslari kurdu bat gonbidatu genuen Euskal Herrira. Leylaren neba heriotzara zigortu zuen Iranek, eta haren aldeko kanpainarekin bat egitea erabaki genuen. Azkenean, hori da garrantzitsuena; gure ekarpenak eta nazioartean beste leku batzuetan egindakoak eman zuen fruiturik, eta kazetariari heriotza-zigorra kendu zioten. Aurki behar du libre.

Tramiteekin laguntzera joan nintzen Irakera. Bisatu baten ordez, bi beharko zituela esan zidan Leylak, bi urteko alabatxoarentzat. Manuel Martorell aditu eta lagunak gaztigatu zidan orduan: ziur aski ez du Kurdistanera itzuli nahiko. Hala zen. Irango zerbitzu sekretuak nahieran zebiltzan Suleymaniyan, eta arriskuan zegoen.

Erbesteratzean laguntzeko txarrenak ginen: ez genuen estatu propiorik nolabaiteko lobby lana egiteko ere. Baina argi ikusi genuen emakume hark erbesteratzeko eskubidea zeukala.

Egun zoroak izan ziren. Bilboko CEAReko bulegoan esan ziguten zeinen zaila zen: «Oso argia ematen du bere kasuak, baina eskatzaileen ehuneko bati baino ez dio onartzen asiloa Espainiak». Bitartean, familiaren deiak jasotzen zituen Leylak Kurdistandik. Une batean Euskal Herrian gelditu nahi zuen, eta hurrengoan norabait joan, tarteka Ekialde Hurbilera itzultzea ere pentsatzen zuen.

Egin kontu: ordu gutxian, zure etorkizunari buruzko horrelako erabakia hartu behar, zuretzat eta bi urteko alabarentzat onena zer izan den asmatu ezinik. Senarrak Bilbon gelditzeko ziotson, ikasteko euskara eta espainola (zelan maite duten Lorca irandarrek, etxean poetaren argazkiak ere izaten dituzte). Azkenean, urtebete lehenago Norvegiara iritsitako ahizparengana joatea erabaki zuen.

Afaldu eta, umea lo, goizaldean abiatu ginen Lapurdirantz. Frantziako mugimendu kurduko lagun bat etorri zen. Donibane Lohizunen autotik jaistean, umea kexu, zelan ez. Esan nion geltoki ondoko hotelera lagunduko niola, eta har zezala trena biharamun goizean lasai. Eskerrak eman zizkidan baina ezetz, ahalik bizkorren ekin nahi zion bideari.

Ez genuen haren berririk izan zenbait egunez, baina iritsi ziren azkenean. Iaz bisitatu genituen, Oslotik hurbil. Yelda txikia ez da txiki honezkero. Etxean hartu zituen izekok, Leylaren ahizpak, berak aurretiaz mutil-lagunarekin batera kontrabandistekin egindako bidea azaldu zigun, Turkiatik Greziara eta iparraldera. Pozik zegoen, neba laster askatuko zutela eta.

Master bat egin berri zuen, eta ikerketa amaitzear zen. Kurdueraz, pertsieraz eta ingeles berba batzuk baino ez zekizkien ikasleak hutsetik hasi behar izan zuen. Ingelesez bikain egiten du orain, eta are hobeto norvegieraz. «Ez dakizu zer den niretzat masterreko ikerketa norvegieraz idatzi izana. Etorri nintzenean, esaten nuen, zertarako behar nuen kurduera baino askoz jende gutxiagok hitz egiten duen hizkuntza hau; baina hemen bizitzeko behar-beharrezko da. Eta ikerketako testu gehienak ingelesez zeuden».

Ez dira hamar urte Teheran utzi zuela, poliziaren jazarpenari ihesi. Laster neba ere batuko zaien itxaropena daukate.

Gurera ere, laguntza behar duten ehunka lagun etorriko dira aurki ziur aski. Arabiarrak eta kurduak gehienak. Gipuzkoako SOS Arrazakeriaren prentsa-oharra jaso berri dugu erredakzioan, espainol hutsez. Aukera bat da hori kritikatzea, noski. Baina zerbait egiten duena kritikatzea baino probetxugarriagoa da besteok zer egingo dugun argitzea. Etxeak jarri, elikagaiak, arropak, jostailuak batu eta banatu. Inertziak badakigu zer dakarren: osasuna, janaria, etxebizitza da lehendabizikoa; gero, hizkuntza dator, herrialde berrian bizitzeko eta komunikatzeko behar-beharrezkoa: alemana Alemanian, norvegiera Norvegian eta Euskal Herrian, espainola, inertziaz. Bidean bakarrik, urtebete akademian baino ingeles gehiago ikasi dute, eta beharrezko zaiena ikasteko prest datoz.

300 iheslari baino gehiago hartzeko prest dagoela esan du Nafarroak. Biztanleriari erreparatuta, pentsa genezake mila edo bi mila lagun izango direla gutxienez Euskal Herrian. Orain dena behar duten, baina era berean edozer egiteko prest datozen ehunka edo milaka lagun. Gerra amaitutakoan itzuliko dira batzuk, eta gure artean geldituko dira gehienak. Eta gure esku dago etxearekin, elikagaiekin eta arropekin batera, hizkuntza ematea. Euskara ematea. Ikastolak, eskolak, euskaltegiak zabaltzea. Erakundeek emango duten larrialdiko laguntza euskara ikasteko ere izatea. Orain, ez espainola ikasi eta gero. Orain. Denei, helduei eta umeei. Sinestea Euskal Herrian euskaraz bizi behar dela, ez dela oinarrizko beharrizanak bete ostean —tartean, hizkuntza, espainiera/frantsesa alegia—, klase ertainaren kapritxo bat.

Etxebizitza, janaria eta osasuna legez, euskara ikasteko eskubidea daukate, eta guk euskara ematekoa. Gizarte zibilak zein erakundeek. Euskal Herriko erdaldun gutxik daukaten borondatea dakarte. Eta euskarari XXI. menderako tornuia emateko prest daude. Bi xer hati, ongi etorri.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna