Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

ARKUPEAN

Memoria historikoa

Jule Goikoetxea -

2015eko irailak 9

Ikasturtea hasi eta dena da asmo berri eta proposamen arranditsu. Baina ni Urkullu Lehendakariekin nator bat Ekonomia eta Estatus politikoa berriro ere kurtso honen ardatzak izan behar dutela dioenean Momoren gizon grisak plazerak jota galtzeko moduko begirada teleologiko baina gozoarekin. Metafisika politikoaren estatus adostua edo estatus politikoaren metafisika adostua, berdin du baina adostua, adostasuna baita gure patua, osotasun izatetik, saihets adostua izatera. Eta ados nago ere Lehendakariarekin trantsizio ontologiko honetan memoria historikoa transbertsala izan behar duela dioenean. Espainiaren saihets adostua izateko ez da beharrezkoa nazio izatea, lan-indar izatea baizik, horregatik nahi du Lehendakariak Mendiarekin batera garatu arlo hori, sozialista espainiarrek tradizio luzea baitute ekonomia politikoan, beti jakin izan dute estatuko ekosistema produktiboa bikainki identifikatu eta sustatzen, eta beren populazioaren pobrezia modu demokratikoan kudeatzen. Gogoratu bestela (memoria historikoa ardatza transbertsala izanik) gogoratu bada Lopez Jaunaren Hi-tek gobernugintza efizientea eta gogoratu ere (memoria historikoa) Espainiak izan dituen azken hiru industria-birmoldaketa. Ikusgarria izan da bere bilakaera, industria pisutsu eta nekazaritza tradizionaletik, ikerkuntzan eta garapenean oinarritutako gizarte postmodernoa izatera igaro dira, finantza espekulazioa eta kamareroen produkzioa atzean utziz. Horregatik, Espainiaren saihets adostua izan nahi baldin badugu, ezinbestekoa dugu Espainiar gobernuaren gida eta laguntza gure ekonomia suspertzeko, are gehiago Madrilgo gobernua hartuko badute sozialistek. Kasu horretan, guztiok batera biribilketa alaitsuan laugarren errekonbertsio industrialera egin genezake salto eta denbora gutxian Europako balio erantsi handiko ezagutza gizarteen rankingean sartu, erregimen produktibo eta ongizate estatu indartsu batekin, Suedia bezala. Nahiz eta gure jendartea tematua dagoen Europako lan-indar merkea izaten, Espainiar gobernuek arrazoi izaten jarraitzen dute beren estrategia sozioekonomikoan. Eta hura lortzeko neurri eraginkorrak jarri dituzte martxan azken hamarkadetan, memoria historikoak huts egiten ez badit. Horrexegatik egiten du Lehendakariak Espainiaren saihets adostua izateko apustua, eta serio har dezaten apustua, proposamen bat egin du legebiltzarrak ekonomikoki soilik ez eta estatuski ere zoriontsuak izaten jarrai dezagun. Dagoeneko herritar orok daki autogobernu lantaldea oso emankorra izan dela ildo horretan. Euskadiri estatus politiko berria emango dion ituna lortzear baitago. Orri bat bakarrik falta da. Ezbehar administratibo bat dela eta sinadura ofiziala zeraman orria busti egin omen da herenegungo Murtziako euri zaparradan, baino hitzeman dute datorren asterako lehorra egongo dela. Autogobernu lantaldeak dio Euskadiren (Euskonomia hemendik aurrera) diseinu instituzionala oso ondo txertatu dela Espainiar demokrazian, Franko hil, 8. artikulua idatzi eta hurrengo egunetik, eta, edozein kasutan, zenbait teilakatze tekniko badaudela (eta politika publikoen inplementazioa hobetu daitekeela), baina egunerokoan itzel konpondu izan direla Espainiaren borondate onari esker. Itun berri horren arabera Euskonomia estatu federatua izango da, Madrili federatua, Espainia konstituzionalki federala bilakatuz, herriak ekoizten duen aberastasunaren banaketa eta arrazionalizaziorako mekanismoak nola gauzatu dituzten gogoratzen (memoria historiko transbertsala) badugu, argi atzemango baitugu Espainiak baduela jada irmoki errotutako sen federala, zeinaren bidez herritarren eta estatuko nazio anitzen parte hartzea bermatu duen erabakigune ia guztietan azken belaunaldietan, denon artean adostutakoa subsidiarietate printzipioaren bidez garatuz eta bidean sortutako gatazkak alderdi, eragile eta erakunde ezberdinekin era kooperatiboan konponduz, espainiar federalismo kooperatiboak beti egin ohi duen moduan. Ez al zarete oroitzen? A ze memoria historikoa zuena!

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.