Albistea entzun

ARKUPEAN

Bi lehendakari

Xabier Mendiguren Elizegi -

2017ko irailak 20

Katalan eta euskaldun herrien anaitasunezko irudien bilduma bat egin beharko banu, bi dira kolpe batean burura datozkidanak: bata, Segoviako Ihesa filmekoa, non Ovidi Montllorrek antzezten duen preso politikoak «Rossinyol que vas a França» kantatzen duen, interpretazio guztiz hunkigarrian. Gero, preso katalan hori hil egiten da ihesaldian, eta harrokeria edo itsuskeria bat iruditzen zitzaidan huraxe izatea hildako bakarra, harik eta jakin nuen arte halaxe gertatu zela zinez, Oriol Solé i Sugranyes MILeko iraultzaile anarkista guardia zibilek tirokatuta hil baitzen Auritz inguruko mendietan, 1976ko apirilaren 6an, muga pasatu ezinik galduta zebilela.

Beste irudia 37 urte lehenagokoa da: Espainiako Gerra Zibila amaitzen ari zen 1939 hasieran; euskaldunon lurra aspaldi zuten bereganatua faxistek, baina negu hartan Katalunia ere hartzen hasiak ziren. Jose Antonio Agirre lehendakariak Parisko erbestetik Kataluniara jo zuen, bertan babesturiko euskaldunen ebakuazioa koordinatzen laguntzeko, eta gurekin hain eskuzabal jokatu izan zuen herri katalanari bere sostengua adierazteko ere bai. Lluis Companys zen Generalitateko presidentea, eta Companysen ondoan hartu nahi izan zuen Agirrek Frantziarako bidea: otsailaren 5ean gurutzatu zuten muga, elkarren ondoan. Ez dut une horren argazkirik inon ikusi, ez dakit badagoen, baina bi lehendakariak elkarrekin agertzen diren argazkietako edozeinek balio digu bihotzeko fototeka honetarako.

Erbesteratze komun horren ondotik, epikoak izan ziren bi lehendakari horien bideak, baina aski ezberdinak. Agirre, naziengandik ihesi Berlinen ezkutatu zen, gezurrezko dokumentazioarekin, Ameriketara ihes egin ahal izan zuen arte (De Gernika a Nueva York pasando por Berlín liburuan kontatzen duen moduan). Companys, berriz, ez zen gorde, Frantzian bizi izan zen, hain zuzen bere seme Lluisetez arduratu ahal izateko, buruko gaixotasun larri bat baitzeukan. Gestapok atxilotu zuen 1940ko abuztuan, eta Irunen utzi zuten Espainiako agintari frankisten eskuetan, zeintzuek nahikoa izan zuten egun bakarreko epaiketa militarra heriotzara zigortzeko. Montjuic-en fusilatu zuten, 1940ko urriaren 15ean.

Orain arteko guztia Historia da. Jolas egin dezagun orain, zientzia fikziozko idazleen moduan, iragan alternatibo bat asmatzera. Imajina dezagun Agirre, Belgikan barrena ihesi zebilela, atxilotu egiten dutela alemanek, baina galdeketan zehar tratu bat egiten duela Gestapokoekin: berak bakarrik ezagutzen duen Companysen ezkutalekua salatuko die, libre uzten badute. Alemanek tratua onartu, eta halaxe gertatuko ziren gero, euskaldun presidentea aske eta katalana atxilo. Balizko iragan horrek ez luke berez etorkizunik aldatuko, baina, hala izan balitz, euskaldunok lotsaren morralean eramango genuke saltze hori, menderen mendetan.

Urkullu lehendakariak maite du Agirre. Haren figura. Haren izaera. Haren karisma. Haren segida historikoa eramateaz gain, esango nuke haren jarreraren jarraitzaile ere sentitzen dela, humanismoan, transbersalismoan... Jose Antonio Agirre gaur lehendakaria balitz zer egingo lukeen esatea ez da ariketa zintzoa, ezin da oneski baieztatu urriaren 1ean Bartzelonan egongo litzatekeela, Puigdemonten ondoan, botoa ematerakoan zein atxilotua izateko arriskuan. Ez dut tranpa hori egingo. Baina bai esango dut, egunotan Urkullu esaten eta egiten dabilen guztia ikusita, fizkiozko iragan asmatu horretan bezala sentitzen naizela, euskaldunen ordezkariak katalanak saldu egin dituela alegia. Bere burua, alderdia edo aberria salbatu nahirik ariko da, hirurak ziur aski, baina gure lotsaren morralean nekez ahaztuko dugun zama astun eta usain txarrekoa botaz.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.