garbine ubeda goikoetxea
ARKUPEAN

Etxezaina

2017ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Erdian eraikina, Hendaian, izenak dioen hori bera da funtsean, hondartzaren eta Txingudiko badiaren arteko tartean, erdi parean-edo, dagoen apartamentu saila. Klase sozial ertaineko turistei plazer emateko pentsatua, bizitoki izenik ere zukeen mereziko altxatu zutenean, duela 40 urte pasatxo. Hura, ezer izatekotan, udatiarren lekua zen, uztail-abuztuko oporrak Belle Epoque-ko aberatsen kutsuan igarotzeko egoitza, garai hartako etxeei aitor zaien dotorezia eskas izanagatik ere. Munta handiko baliabideak eman zitzaizkion sortze beretik: garaje itxiak, bizikleten gela, sotoan biltegiak, ezkaratz eta eskailburu zabalak, zaborra husteko toboganak (hori ere ahaleginik minimoenean eta kasik etxetik atera gabe egin ahal izateko), eta jakina, etxezaina, besteren kakak garbitu, elkarbizitzarako arauak gogorarazi eta era guztietako nahasmenak konponduko zituen neskamea, apartamentu-jabeei laguntza emateko beti prestu behar zuena, izan egun buruzuri edo jaiegun handi. Neguan, berriz, turistek nor bere habiara saldoan emigratutakoan, surrealismo zantzuak hartuko zituen: inor babesteko lanik ez duen gotorlekuarena, aterpetzeko sortu ez den etxearena, betoizko mamuarena.

Azken urteetako gorabeherek bestelakotu egin dute Erdian egoitza. Krisiak fauna mudarazi zuen, Hego Euskal Herriko apartamentu-jabeak atzera igorri eta frantziarrak, ekonomikoki ahaltsuagoak, are eta gehiago erakarri. Urte osoko funtzionaltasuna ere irabazi zuen, etxebizitzaren jatorrizko zentzua ere hartu zuela, alegia, zahar erretiratuak apartamentu-saileko biztanle finko bilakatzen hasi baitziren apurka-apurka. Bakantzetarako egokitasuna baino gehiago, zahartzaro erosoa igarotzeko arrazoiak aurkitu zizkioten Erdian egoitzari eta gisakoei, metro gutxiko ratioan den-dena izanik eskura, lasaitasunaz edo negu-giro epelagoaz gainera. Batetik, dendak, farmazia, erizain kabinetak eta bestelako zerbitzuak. Baina batez ere eta oroz gainetik, egoitzak berak dakartzan abantailak, etxezain egoiliarraren bidez emanak: segurtasuna eta arreta. Esan nahi baita, kexuak entzun, edozertarako laguntza eman eta noiznahi presentzia ziurtatuko duen mirabea.

Berriki, dei berezi bat jaso zuen Erdian-eko etxezainak. Gizaseme batek hots egin zion urrundik, 217 ateko senar-emazte adinduen semeak hain zuzen, aspaldian gurasoen berririk ez zuela, kezkatuta zegoela, eta badaezpadako giltza hartu eta apartamentuan sar zedin eskatuz. Etxezainak, telefonoa belarrian jarria zuela sartu baitzen aipatu apartamentuan, ikusi orduko eta sumatu bezala azaldu zizkion deskubrimenduak: «egongelan ezer ez, sukaldean inor ez, baina kiratsa sekulakoa...». Logelara heldu zelarik, telefonoaren bestaldekoa haien odoleko izateak ere ez zuen istant hartan sentitu zuen horrore, nazka eta gogo txar nahas-mahasaren oihua ito. «Hilda daude», egin zion garrasi, «hilda daudela ziur da», dezibelak apur bat jaitsita, «batek harrez josia du aurpegia». Dardarak belaunetan eragiten zion kliski-klaska menderaezina ere ozen entzun zitezkeela iruditu zitzaion.

Egunek eta eszena danteskoaren azalpen logikoak emakumezkoa, 70 urte eskas eta alkoholikoa, koma etiliko baten ondorioz hil omen zen; senarra, berriz, hogei urte zaharragoa, emaztea zerraldo ikusi eta bihotzekoak emanda, grina txarra apaldu bazioten ere, izuak ez dio anartean gau gozorik eman etxezainari. Ez daki zehazki zerk beldurtzen ote duen gehiago, heriotza atzaparrak luzatuta hain gertu ikusi izana, ala bere ofizioaren aitzakian egokitu zaiona: udatiarren apetak betetzeaz gainera, eraikinean bizi diren zahar bakartien aingeru guardakoa bihurtu beharra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.