ARKUPEAN

Euskaldun egiten gaituena

Jule Goikoetxea -

2015eko ekainak 10
Euskarak ez gaitu euskaldun egiten, baginak emakume egiten ez gaituen bezala. Subalternitateak egiten gaitu euskaldun, batetik, eta emakume, bestetik. Hainbat feministak esan izan duten moduan, gizonezkoen eremuak boterea eta balioa dute, ez ekintza edo lan batzuek balio handiagoa dutelako eta horiek gizonezkoentzako erreserbatuak direlako, baizik eta gizonezkoek egiten duten orok balioa hartzen duelako (ikus Basque Culinary Center). Antzeko egoera atzematen dugu gaztelera eta frantsesarekin. Gazteleraz edo frantsesez egindako edo esandako orok balio handiagoa du euskaraz ekoizten eta idazten denak baino.

Gramscirentzat, «subalternoak» boterea duten klaseen menpe dauden beste klaseak dira, kapitalismoan langileak, patriarkatuan emakumeak, eta demokrazia kapitalista eta patriarkalean emakume langileak. Botere hegemonikora iritsi ezin daitezkeenak dira subalternoak. Subalternoen historia zatikatua da, Spivakek dioen moduan, ez dute baliabiderik beren errepresentazioa, berezko irudia eta berezko ahotsa izateko, ez baitute kulturarik, ez baliorik, ez prestigiorik; ez dute erakundeetarako sarbiderik. Horregatik, beren historia ez da historia unibertsala, ez da sikiera historia.

Hala ere, egitura sozialak, ekonomikoak eta politikoak ezartzen ditu geure ekintzen eta hitzen balioa, eta horien arabera egituratzen da geure gizartean prestigioa eta autoritatea. Adibidez, gizarte patriarkal honetan, gizonezkoek gobernatzen dute ez dirudunak direlako Smithek edo Marxek uste bezala, ezta jakintsuak direlako ere, Platon, Aristoteles, Kant, Freud eta egungo heziketa sistema eta hedabideek ulertzera eman nahi duten bezala. Gizonezkoek gobernatzen dute zakila dutelako, zakila izanik baliorik gorena. Eta berdin gertatzen da gaztelerarekin eta frantsesarekin. Hegemonikoak dira, unibertsalak, estatua dutelako (egitura subiranoa), ez jakintsuak edo dirudunak direlako. Edo, nahi bada, jakintsuak eta dirudunak dira (hegemonikoak, alegia) estatua (hots, zakila) dutelako, eta ez alderantziz.

Praktika politikoari dagokionez, egia da subalternoak identifikatzeko esentzialismo pragmatikora jo behar dela: «Ni eta zu subalternoak gara; hortaz, berdinak gara» baina subalternitatea, emakume edo euskaldun izate hori ez da eratortzen esentzia bat dagoelako emakume edo euskaldun egiten gaituena: bagina edukitzea ez da emakume egiten gaituena, eta euskara edukitzea ez da euskaldun egiten gaituena. Alemanez egiteak alemanak bilakatzen ez gaituen bezala.

Euskaraz aritzeak euskaldun bilakatzen banau baina gazteleraz egiteak espainola bilakatzen ez banau, asimetria semantiko larria dugu euskalduna euskara duena diogunean, eta, arazo kontzeptualaz gain, politikoa ere badugu, ez baitugu gure populazioa izendatzeko kontzepturik Ilustrazio frantsesaren erdigune jakobinotik pasatu gabe, alegia, euskal hiritarrak esatera kondenatuak gaude, nahiz eta Frantzian, Eskozian eta Alemanian bizi direnei frantses, aleman eta eskoziar esaten diegun. Oteiza artista espainoltzat dutenek, arazo semantiko eta artistikoaz gain, arazo estrategikoa ere badutela iruditzen zait.

Euskalduna izatea, emakumea izatea bezala, borroka hegemoniko zehatzen ondorioa da, hain zuzen ere, esentziarik ez dagoelako emakume edo euskaldun egiten gaituena. Euskalduna ez da euskara duena, eta gizona ez da zakila duena. Nahiz eta patriarkatuak kontrakoa sinetsarazi nahi digun. Emakumea eraikitako figura da, euskalduna bezala. Euskaldunaren ezaugarrietako bat euskara izan dadin borrokatuko naiz, baina ez naiz borrokatuko ezaugarri bakarra izan dadin. Oraingoz, euskaldun egiten gaituena subalternitatea da: euskaldun izatea identitate kultural, sozial eta politikoa delako, eta ez da eratortzen gauza bat egin edo edukitzetik soilik (euskara, bagina), baizik eta praktika eta diskurtso kontrajarrien ondorioz sortzen diren ohitura (material eta sinboliko) gatazkatsuetatik. Horri esaten zaio nortasuna, eta mintzagai izango dugu, beste hainbat konturen artean, datorren ekainaren 25ean UEUk eta Jakin-ek elkarlanean antolatutako udako ikastaroan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna