Jule Goikoetxea.
ARKUPEAN

Oparia

2015eko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Urte zaharberrituen agurra sakrifizioen, hots, oparien bidez egiten denez, Anarik orain urte batzuk nola hazten den ulertzeko oparitu zidan beldurraz gogoratu naiz eta trukean atrebentzia bat ekarri dizut opari, irakurle, Euskal Herriko historian gakoa izango den urte honek zenbat zu behar duen arnasteko, gure existentzia zer den ulertzeko, ez zarenari eusteko, bazarena izateak dakartzan seismoak jasateko. Irmotasun bat ere oparituko dizut, plazera egonkortzeko zenbat drama behar den ikusteko, zenbat gerra ni bezalako bizitzak taxutzeko, zenbat zientzia zu maitatzeko.

Piztia eraiki bat zarelako, besteek deseatzen dutena deseatzea kointzidentzia askea ez delako, urduritasun bat oparituko dizut, nola hazten garen ulertzeko, maitasuna praktika bat dela atzemateko, estrategia ezinbestekoa dela maitasuna defendatzeko, zure ametsak biolentzia direla niretzako, nire amesgaiztoak zoriontasuna zuretzako.

Euskal zirimiri bat oparituko dizut, libertatea zure zoriontasunean oinarritzen ez dela haztatzeko, zure askatasunak zenbat zaintza eta dependentzia behar duen ikasteko.

Zenbat bortxaketa zigor bako, zenbat bihotz dispertso, zenbat duintasun preso.

Amorru bat oparituko dizut, gorputza zer den ikasteko, arrazoiak nola erailtzen duen ulertzeko, zenbat negar behar duen zure ileak nire azaletik nabigatzeko, zenbat hildako emakumeak ema-kumeeme-ume izateari uzteko, zenbat izerdi esklabo izatetik langile izatera ailegatzeko.

Maitasuna zaintzarik gabe esistitzen ez dela xurgatzeko, instintu bat oparituko dizut, maitasuna eta libertatea gauza bera ez direla identifikatzeko, hainbat heriotza behar izan direla libertatea zer ez-den arnasteko, libertaterik gabe maitasunez blai hil direla asko, libertatean haziko ez zarela usaintzeko, borroka ez dela sekula amaitzen aitortzeko.

Zoriontasun bat oparituko dizut, bizitzan gerta dakizukeen okerrena eternitatea dela jakiteko.

Gurean nola bizitzen den igarri ahal izateko, tontotasun bat ere oparituko dizut, zentzua gorputz batetik bestera hostoberritzen den diskurtsoa besterik ez dela ikusteko, transferiezinak diren izpirituak elkartu ezin diren ertz guztietan elkartzen direlako. Zerua nor delako, itsasoa nork, jakin-min bat oparituko dizut, zure infernua xarmagarria egiteko, nire paradisua haien infernu bilakatzeko.

Bizitza ospatzeko zenbat ni behar diren ulertzeko, zenbat zu porrota garaitzeko, iragan bat oparituko dizut, nola desagertzen garen ulertzeko.

Zure ondorengoei pasioa besterik ez diezulako utziko, haserrea eta umorea nola lantzen diren ikusteko, zibilizazio bat oparituko dizut, bakardadeaz gozatzeko, elkartasunean hezita, errespetua barruratzeko, domestikazio prozesuan txikitan jasotakoak modu elegantean itzultzeko.

Helduak animalia mitologikoak direla ulertzeko, deskuidu bat oparituko dizut, zer zaren jakiteko.

Izan bella edo izan bestea zure hankartean ere bizi da tragedia. Odola isuriko dizut nire mingainetik zure bihotzeraino, elkarri itsatsiak eta bakarrik betirako gaudela entenditzeko. Eskenatoki bat zintzilikatuko dizut betileetatik, biolentziaren agerraldi bat ere ez galtzeko bidean, errealitatea tatuatuko begiradan, bizi ez zaitezen goizetik gau egian eta ziurtasunean.

Aberekeria bat oparituko dizut hilero, gizateria osoaz erditzear egongo bazina bezala aritzeko egunero, iluntasunean eta soilik iluntasunean egiten duzuna ulertzeko, humanitatearen garrasiak gorpuzten jakiteko, zu zaren arrakala amaigabean dantzan ikasteko.

Erradikaltasun bat oparituko dizut urte berri miseria zahar normalizatuan burua galdu gabe bizitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.