ARKUPEAN

Emakumeen mundu gatazka

Jule Goikoetxea -

2015eko urriak 7
Emakumeen Mundu Martxak atzean utzi du Euskal Herria. Orain guri dagokigu martxa politikoa gatazka politiko bilakatzea, kapitalismo heteropatriarkala agerikoa bihurtzea. Sistema kapitalistan, ugazabaren bakea langilearen biolentzia dela argi dute langile askok, ugazaba gehienek hori ukatzen badute ere. Era berean, sistema patriarkalean gizonen bakea emakumeen biolentzia dela argi dute emakume askok, gizon gehienek hori ukatzen badute ere. Gizon-emakume kategoria, zuria-beltza eta ugazaba-langilea bezala, kategoria soziopolitiko eta ekonomikoak dira, ez kategoria zientifikoak, eta ez dute diferentzia artikulatzen, esplotazioa baizik.

Gizarte liberalak, demokratikoak barne, eremu publiko-pribatuaren zatiketan oinarritutako sistema patriarkalak dira. Eremu pribatua definizioz politikoa-ez-den-espazioa da, emakumeena, naturarena, eta naturan ez legerik ez eskubiderik. Espazio publikoa, aldiz, gizonena da, kulturaren, arrazoiaren eta legeen espazioa: politikotasunaren eremua. Emakumea, izaki ez-politikoa, politika egiten duten horiek zaintzera kondenatua dago, gatazka politikoak (herria, mundua) gobernatzen dituztenak hazi eta hezten dituen figura da. Emakumeek, egungo sistema patriarkalean, musu truk erditzen, ekoizten, hezten eta garbitzen dute humanitatea: nola izango da, ba, izaki librearen bakea, esklaboaren bakea? Nola izango da gizon publikoaren bakea, emakume pribatuaren bakea?

Eremu publikoaren eta, beraz, gizon modernoaren eraketa posible izan da hainbat izaki eta erlazio berdintasunetik, hots, politikatik kanporatuak izan direlako. Jaio eta emakume marka jartzen zaigunetik, historiaren protagonistak izateko eskubidea ukatzen zaigu, gure gorputz osoa ┬źsexualizatua┬╗ (razializatua) geratzen baita bizitza osorako: ezingo gara ez zuzendari ez gudari izan, zuzendari beltza eta gudari beltza (emakumea) izango gara, izatekotan. Sexualizatuak (razializatuak) lehenik, eta, horren arabera, onartuak, gerora. Emakumeen kanporaketa egiturazkoa da, eta sistemikoa, ez da intentzio espliziturik behar espazio publiko eta politikotik kanporatzeko: beti emazte, arreba edo ama, beti zaintzaile eta zerbitzari. Emakumeok ez gara inoiz gatazka politikoaren protagonistak, ezagutzaren, historiaren eta justiziaren subjektu ez garen moduan. Historiaren protagonistak zaintzen dituzten eunukoak dira emakumeak.

Sexuaren arabera antolatzen den gizartea, hots, gizon-emakume kategoriaren arabera lana eta prestigioa zatitzen duena (heteropatriarkatua), arrazaren arabera antolatzen den gizartea bezalakoa da: arrazista. Heterosexualitatea ez baita pulsio bat, ideologia bat da, arrazakeria bezala. Beltza, langilea, emakumea: ez da diferentea, mendekoa baizik. Eta emakumeen menderakuntza soziopolitiko eta ekonomiko honi esaten zaio normalitatea edo bake egoera.

Emakumeak egunero bortxatu eta akabatzea demokraziaren funtzionamendu normalaren parte da, belaunaldiz belaunaldi sistematikoki periferian kokatzea bake egoeraren funtsa da. Emakumeek musu tsuk lan egitea edo gizonek baino gutxiago kobratzea ez da gure herriak duen gatazka politikoa. Horretarako ez dago nazioarteko batzorderik, gizonen desarmatze prozesurik, ez dago Euskal Foru eta Gobernuetan Batzorde loteslerik: ez dago gatazka politikorik, normaltasun patriarkala soilik.

Demokrazia patriarkalak diziplinan oinarritutako kontrol mota zehatz bat dakar, non gizonek emakumeak gobernatzen dituzten: hori da patriarkatuan norma eta bakea. Emakumeek ez badute ostu zaien espazio publikoa bereganatzen, bakea ez da emakumeena izango, hau da, normaltasunak emakumeen kontrako biolentzia sistemikoa izaten jarraituko du. Hori da Euskal Herriko emakume bezala dudan helburua: biolentzia eta gatazka (ere) gobernatzea. Eta ez gure klase soziopolitikoa historikoki menderatu duen bake patriarkal baten bila aritzea. Patriarkatuaren funtzionamendu normalari esaten baitzaio bakea Bakea ez da existitzen, feminismoa bai ponentzian esan bezala. Patriarkatuan gatazka politikoa gizonen artean akabatzen direnean gertatzen da, eta bakea gizonen artean akordio bat lortzen dutenean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna