Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Iritzia Poltsa, kirofanoa, bainuontzia

Publizitatea

Iritzia

ARKUPEAN

Poltsa, kirofanoa, bainuontzia

 
Arnasestuka, negar-zotinka, emakume ahots asaldatua, ETBko albistegian. 2010ean atxilotu zuten guardia zibilak identifikatzen ari da, epaitegian; batak zer egin zion, hurrengoak zer... haiengandik jasotako tratu txar, sexu abusu eta torturen kontakizuna aletzen dabil. Telebistako segundo gutxi horiek jartzen dute tonua, lazgarriagoa ezin; idatzizko kronikek osatzen dute izugarrikeriaren kontakizuna, bizkarrezurrean hotzikara eragiten duten horietakoa.

Sandra Barrenetxeak epaileen aurrean emandako testigantzak marraztu dizkio ahoa eta begiak tortura kasu jakin bati. Aurretik ere azaldua zeukan dena, esaterako, Jaurlaritzaren eskariz, Kriminologiaren Euskal Institutua torturari buruz egiten ari den ikerketaren barruan. «Poltsa nola jarri zioten kontatu zidanean, elkarrizketa moztu behar izan nuen, itolarria egiten zitzaiolako». Hori Sandra Barrenetxeari deklarazioa jaso zion psikologoak epaileen aurrean kontatua. (BERRIA, 2017-03-16, Gotzon Hermosillaren kronika).

Poltsa, kirofanoa, bainuontzia... Horiek Espainiako poliziaren tortura katalogoko praktika ezagunetako batzuk. Bainuontzia, adibidez, Joseba Sarrionandiaren poeman:

«Itzela izan zen. Esposaturik galdararen/ aurrean ipini zuten:/ handik lehenago pasatutakoen ileak, gonbitoak/ eta zigarrokinak ur-azalean./ Ileetatik oratu eta sartu zioten burua/ur zikinetara».

Lau mila tortura kasutik gora identifikatu ditu Paco Etxeberria forentseak zuzentzen duen taldeak 1960 eta 2013. urteen artean. Torturaren inguruan ibilbide oso bat dago gurean, pertsonaiaz —biktimak eta biktimarioak—, tokiz eta gertakariz betea.

Hasiera hartan, 60ko hamarkadan, tortura hitza izen propio bati lotuta zetorren: Meliton Manzanas. Hark hartu zigun, beldurraren iruditerian, Hamalauzankoren tokia, umetatik nerabezarorako igarobidean. Hark egin zuen zubia —Gipuzkoan behintzat— gerra osteko errepresaliatuen eta belaunaldi berriko atxilotuen artean. ETAk hura hil zuen urte berean —1968an—, Andoni Arrizabalaga ondarroarraren kasua izan zen ezagunena, gerora Telesforo Monzonek idatzi eta Pantxoa eta Peiok kantatzen zuten Itziarren semea-rena. Guardia Zibilak Donostiako Antiguan zeukan komandantzia —Zumalakarregi hiribidean— eta haren aroztegia, hau da, torturatzeko tailerra —Heriz pasealekuan— izuaren galerian sartu ziren.

Kriminologia Institutuak egin duen bilketan, 1975ean azaldu omen zaizkie tortura kasu gehien. Hurrengo urtean zabaldu ziren lehen aldiz gorputz torturatu baten argazkiak, Zeruko Argia-k Amparo Arangoaren ubelduak argitaratu zituenean. 80ko hamarkadan etorri ziren, ordea, latzenak, hilketak: Joxe Arregirena (1981), Madrilgo Direccion General de Seguridad-en bederatzi egunez atxilotuta egon ondoren, eta Mikel Zabalzarena (1985). Intxaurrondoko kuartelak hor borobildu zuen bere fama. Han buru egiten zuen Rodríguez Galindo komandanteak karrera meteorikoa izan zuen: 1992an koronel izendatu zuten eta 1995eko martxoan brigada-jeneral. Udaberri horretantxe jakin zen Alacanteko Busot herrian agertutako gorpuzkiak Lasa eta Zabalarenak zirela; argitu zen halako batean Lasa eta Zabala Donostiako La Cumbren torturatu eta birrindu zituztela, Rodríguez Galindo tarteko.

Mendez aldatuta ere, torturak ez zuen atzera egin. 2001ean, Unai Romanoren aurpegi hanpatu desitxuratuak eman zuen torturaren erretratua, eta 2008an, berriz, Donostiako Ospitaleko irudiek, Portu eta Sarasola han artatu behar izan zituztenekoek.

Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritzak zabaldutako txostenak dio 2015ean eta 2016an ez dutela tortura kasurik aurkitu. Poetak gogoan duen bainuontzia, aldiz, oraindik martxan dago:

«Konortea galdurik atera zioten burua/ berriro,/ eta behin eta berriro ito zuten hala,/ gupidarik gabe./ Eta oraindik ere (oraintxe bertan) ur zikinetan itotzen dute».

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea