Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Iritzia Aberri laztana

Publizitatea

Iritzia

ARKUPEAN

Aberri laztana

 
Ene aberri laztana kantarekin lotzen dut beti Aberri Eguna. Ipintzen zuen gure amak disko klandestinoa ahalik eta ozenen, etxeko leihoak parez pare ireki, eta, horrela, antzeman zedila lau haizeetara zein egun zen hura. Bezperan, Ostegun eta Ostiral Santuko elizkizun gogaikarrien ondoren, bestelako tankera hartzen zuen Zapatu Santu gauak eliz atarian, su bedeinkatua piztu eta kandelen bidez etxeetara zabaltzen zenean; gar haietan, Kristoren berpizkundearen ordez, Aberria omen zen zer lauso eta aldi berean indartsu haren berpizkundea irudikatzen zitzaigun.

Oroitzapena Idoia Mendiak Aberri Egunaz duen irudiari gerturatzen zaio, neurri batean. Detaile bat ahaztu zaio, ordea —eta ez nolanahikoa—, PSEren idazkari nagusiari egun horren karakterizazioan: Francoren diktadurapean, haren kontrako erresistentzia ekintza zen Aberri Eguna ospatzea. Eta gogoratu, bestela, erregimenak nola erreprimitu zituen joan den mendeko 60ko hamarkadako Aberri Egunak: 1964koa, Gernikan; hurrengo urtekoa, Bergaran; Iruñekoa, 1967an; Donostiakoa, 1968an... Aberri Egunaren historia errepasatu beharrean dago PSEko buruzagia.

Autonomia Estatutua onartu zen eguna proposatu du berriro ere Mendiak Euskadiren Eguna izan dadin. Ahaztu egin zaio, nonbait, Patxi Lopezen agintaldian —2011 eta 2013 bitartean— urriaren 25eko festak jaso zuen izotzezko harrera. «Todos los vascos» biltzeko moduko eguna nahi omen du Mendiak. Ados. Eta ospatuko dugu, aurten bezala, Bilbon, Gernikan edota Uztaritzen, ezta?

Uztaritzekora apuntatu naiz ni aurten (hedabide askotan existitu ez den horretara). Bi arrazoirengatik joan naiz hara: batetik, Iparraldeko eragileek ETAren armagabetzea bideratzeko egin duten lana aitortzeko; esker onez eta mirespenez. Bestetik, Saran Idazleen Biltzarrak antolatzen duen liburu azokara joateko aukera ematen zuelako bide batez. Bi arrazoiak batean biltzen dira: Iparraldeko jendartera hurbiltzeko aitzakia, gogoa... Eta interesa.

Izan ere, Iparraldea lezio batzuk ematen ari zaigu Hegoaldekooi aspaldi honetan. Hasteko, esparru sozialean. 2013an eusko izeneko moneta ekologiko eta solidarioa sortu zutenean jabetu nintzen jite horretako ekimenetan azkar zebiltzala batzuen batzuk. Ordurako, Laborantza Ganbera indartuta zegoen, Frantziako Administrazioaren aldetik jasandako jazarpena gaindituta; eta hor topatuko zenuen, Laborantza Ganberan, adibidez, Genetikoki Eraldatutako Organismoei buruz (GEO) jakintza eta irizpidea zuen jendea —Hegoaldean, apenas—. Bistan da: Europako joera alternatiboak hurbilago zeuzkaten.

Arlo politikoan, eredugarria gertatzen da Batera plataformak abiatuta Euskal Elkargoa erdiesteko egin den bidea, Hegoaldetik begiratuta behintzat. Duela bost hilabete Luhusoko atxiloketekin plazaratu eta hilaren 8an burutu zen prozesua, berriz, txapela kentzekoa; ez bakarrik lortu dutenagatik, baita egiteko moduarengatik eta, batez ere, egitasmo horren inguruan joera ezberdinetako jendea bildu eta inplikatzeagatik ere.

Aberriari laztana izenondoa ezartzea tokiz kanpokoa gertatzen zait. Aberri hitza bera ere ez zait erosoa egiten hitzetik hortzera erabiltzeko. Ene aberri laztana ahapetik besterik ez dut kantatzen —oso gogokoa dut melodia malenkoniatsu hori—, dagokion egunean (egia esan, sekula ez nuen ikasi lehen ahapaldiko hitzak besterik). Eta, hala ere, Aberri Eguna ospatzen segitzea espero dut; Pazko igandean edo adostutako beste egunen batean. Nonahi, Hegoaldean nahiz Iparraldean; demagun, Uztaritzen bertan. Eta ahal balitz, Idoia Mendia ere bertan dela, esaterako, Frédérique Espagnacekin batera.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak