Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Iritzia Zaborraren garrantziaz

Publizitatea

Iritzia

ARKUPEAN

Zaborraren garrantziaz

 

2015-05-28 / Idurre Eskisabel

Hasieratik aitortuko dut: Nafarroako poza poz, penatuta nago igandeko hauteskundeek osterantzeko hego euskal herrietan utzitako emaitzekin. Eta gure herri honetan halakorik sinestea zail egiten bada ere, nire baitako garratzak ez dauka zerikusi berezirik alderdi jakin baten garaipen ikusgarriarekin, ez eta ere, zehazki, beste batek jasotako egurrarekin. Tira, jakina, ezinbestean du horrekin lotura, baina ez sigla jakin batzuei maitasun handirik diedalako, baizik eta joko alderdikoiaz haratago batzuen garaipenaren oinarrian eta besteen porrotaren muinean bi jendarte ereduren arteko borroka gertatu dela sinetsita nagoelako; are, iruditzen zaidalako talka horretan galtzaile atera dela herritarron arduran, jendeon elkartasunean, bestearen onarpenean eta guztiaren erdigunean bizitza esanahi osoz jarriko lukeen politikaren ikuspegia. Eta bereziki ditut gogoan gure Le Pen propioen Gasteiz eta Sestao, gure matxismoaren iceberg mutur Irun eta Hondarribia, eta, halaber, euskararen «inposizioaren» eta zaborren Gipuzkoa.

Izan ere, zaborren auzia egunerokotasunaren poltsa urdinean eta politikariei hain deseroso zaien domestikotasun xumearen lurrinarekin etorri arren, bi jendarte eredu horien talkaren adibide baita: herritar izatearen bi paradigma jartzen ditu aurrez aurre, ahariak nola topekarako prest. Ereduetako batean, komunitateko kide da herritarra, eta bere ardura da arazoen konponketan parte hartzea; hau da, egunero izango ditu zaborrak buruhauste, sukaldean zein kalean bizilagun. Egunero jabetu beharko du arazoaz eta egunero parte hartu beharko du problemaren kudeaketan, hots, politikan. Bestean, berriz, herritarra bezero da: zergak ordaintzen ditu, eta trukean arazoak konpontzen dizkio administrazioak; hots, zakarrak begi bistatik kenduko dizkio, ke bihurtuko. Kito arazoa. Alegia, herritartasunaren onurak erosi egiten dira, kontsumitu.

Agidanez, egia da arrainen memoria dugun animalia espeziea garela jende postmodernoa, hainbeste estimulu eta bizipen ustez distiratsuen gurpil zoroan zentzuzko kontakizun bat josteko ezgauza. Eta, horrenbestez, krisia izendatu diguten baliabideen eta eskubideen arpilatzetik irten garela saltzen ari zaizkigunez —eta, batik bat, fede itsuz erosi nahi dugunez—, ahaztu dugula administrazioek zeinen erraz abandonatu gaituzten herritar bezerook babesgabetasun gorrienera merkatuen eta kapital handien alde. Eta momentuan eros ditzakegun gozamenen bila ez dugula gogoratu nahi aukera baino ziurtasun duguna: urrutira gabe etorriko dela beste krisi bat, beste arpilatze bat, beste estutze bat, eta azkenekoak, beti, lehen baino gorriago uzten gaituela.

Gainera, askatasunaren izenean egin dugu herritar bezero izatearen aldeko hautua: inor ez dugulako nor aitortzen geure zaborrak, geure etxea, nola gobernatu behar ditugun agintzeko. Gainerakoan, obeditu besterik egiten ez dugun jende klase otzan eta bezatua gara: enpleguetan, hipoteken ordainketetan, ordena izendatu dutenaren menpe makurtzerakoan... Baina estetika sasi-progrearen taxutzaile den altzari multinazional ezagunaren salmentarako leloak dioen bezala, besterik da norberaren etxea: errepublika independentea; nork nahi duena egiteko eremua. Horra gure askatasuna: hipotekatutako lau hormen artean gotortzea, eta, aldamenekoa, bizilaguna, auzoa, bestea, hurkoa, ezezagun ez ezik etsai ere sumatzea. Edo, bestela, askatasuna da autoan blindatuta azeleragailua nahi beste sakatzea; edo autokarabanan oskolduta ibiltzea.

Eta egia da herritar bezero eredu horren garaipenaren alde jo eta su ibili direla hedabide nagusiak. Baina ez bakarrik Gipuzkoako azken legegintzaldiko agintarien aurkako sorgin ehizan, baizik eta sakonago: egunero-eguneroko albiste txikietan nabarmenduz marokoarrak oldarkorrak direla, errumaniarrak lapurrak, bizilagun irribarretsuak psikopata ezkutatzen duela barrenean... Sinetsarazi arte kidea mehatxu dela; elkartasuna suntsitu arte.

Akordatuko ote gara hurrengo naufragioan.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak