Amaia Espinosa.
ARKUPEAN

Hotza

2017ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Hau hotza! Karibeko irla batean biziko bagina legez... Egunotako berriketaldietarako gaia; hotza, euria, elurra..., baina, baina, hain arrotza egiten zaigu eguratsa? Egia da aspalditik ez ditugula izan gure artean zero azpikoak hain sarri; halere, uste dut sasoia kontuan izanda, hau dela tokatzen dena. Niri hauekin burura datozkidanak gazte eta umearoko negu hotz eta zuriak dira. Hamaikatxo ospel pasatuak gaude gure kalefazio gabeko etxeetan. Eta ohera eramaten genituen ur beroko poltsak? Eta pasillora irteteko ikarak sortutako sukaldeko txapa ondoko solasaldi luzeak? Glaziar arokoak. Gauza da aste honetarako itzelak iragarri dizkigutela. Arropa egokia ipintzeko, beharrezkoa denean baino ez irteteko eta irteten badugu kontuz ibiltzeko errepideetan, eta... Ondoen, ahal izanez gero, bero-berotan etxean egoteko aholkatzen digute.

Dena den, uste dut, irratiko esatari bati entzun diodan bezala, elurra urtu orduko eguraldia ez dela berria izango, ez behintzat paraje hauetatik. Baina oraindik orain, lekua dauka albistegietan, Europa osoa elurpean, Asian hotza eta izotza, Ameriketako Hego zein Ipar aldean elur tonak eta milaka animalia hotzak hilik janari faltarengatik. Eta komunikabide guztietan, hitzak eta irudiak betetzen, gaiaren inguruko zenbait istripu, gertaera eta bitxikeria. Bat-batean, emandakoen artean eta beste edozein ondorio bat bailitzan, ilara marroixka bat agertzen zaigu zuriaren gainean; gizonak dira, elkarren ondoan, hotzak burdinurturik, katilu bero baten zain. Ez daukatela nora joan diote, sua egin beharrean aurkitzen direla eta sua egiteko eskura daukatena erre behar dutela; ondorioz, sortutako ke pozoitsu eta itogarriak ingurua eta bizia lausotzen die, halere hotza baino hobea omen. Zero azpiko 20 gradutan, 7.500 pertsona baino gehiago harrapatuta daude Serbian, eta 2.000 gaztetik gora (gurean oraindik umeak ) hiriko erdiguneko eraikin abandonatuetan metaturik; «pozik lagun artean eta barruan gaudelako» irribarre batekin. Hainbat dira dagoeneko Serbia eta Bulgarian hildakoak eta milaka Grezian ia egoera berberetan daudenak; eguneko eguraldiko berrian. Ama!

Naturaren indarra, aldaezina. Eta gizakiari egindako iraina? Aldatzerik ez? Zorigaitzaren indarrak gainezka egin digulakoan nago eta elur gainean zein Mediterraneoaren ur epelen azpian miseriak ez du atseginik hartzen. Eta badakizue? Miseria gordinagoa egiten zait zorakeria horrek, krisialdi humanitario gordin horrek, umeen aurpegia daukala jakitean. 2016an, ia 30.000 umek zeharkatu omen dute Mediterraneoa, eta %90bakarrik daude. Bakarrik; Serbian, Grezian eta Europa osoan zehar dabiltzanak moduan. Etorkizuneko zutabeek ezin dute lupetzezko oinarririk izan. Ez, eraiki beharko genukeen denon etxea behera etortzea nahi ez badugu behintzat. Horregatik, ezinbestekoa da giza eskubideen urraketaren kontrako konpromiso sendoa. Eta gizakiaren duintasunaren aldeko jardun honetan denok bagara beharrezko, are gehiago erabaki politikoen erantzule diren gobernu eta boterea duten erakundeak.

Haizea nolako hautsak harrotzen dabilen ikusita, ordea, ez naiz oso baikorra. Demokraziaren paradigmatik datozkigun harresien iragarpenek, brexit-ak, estatu eta politikarien arteko akordio ezak, emakumeen osotasunaren kontrako erabaki politikoak, justiziaren injustiziak, moralaren zaindarien immoralitateak eta abar lotsagarriek ez dut uste lagunduko digutenik. Kasurako, Espainiako Erregeak Saudi Arabian, garrantzien hurrenkera dela eta Giza Eskubideen alde aurreikusitako elkarrizketa eta konpromisoak (baleude) bertan behera uztearena. Basamortuko hotza, arima izozten duten horietakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.