ARKUPEAN

Desobedientzia eta independentzia

Gaizka Aranguren -

2014ko urriak 14
Independentzia eta desobedientzia bertso berberaren errimak dira? Ezinbertzekoa al da une jakinen batean indarrean dagoen legea urratzea eta konfrontazio demokratikoa eremu politiko hutsaren joko-zelaira eramatea?

Kataluniari begira idatzita dago goiko lerroburua, baina burujabetzaren bidean abiatu nahi duen edozein herriren prozesuarendako balioko luke.

Independentziaren bidean desobedientzia ezinbertzeko urratsa da, bere menean zaituen egitura estatalari berari banantzea interesatzen ez bazaio bederen (Txekia eta Eslovakiaren arteko banaketa eredua salbuespena izan da horrelakoetan).

Hortaz, zertan da Kataluniakoa uneotan? Nork dio zeri beldur? Une honetara iritsiko zirela jakitun baziren —eta bertzerik pentsatzeak bertigo itzela sortzen du—, zergatik dago bloke subiranistan horrenbertze zalantza?

Estatu espainiarra, azkenean, borondate politiko demokratikoaren aitzinean otzan agertzeko bertze biderik izanen ez zuela uste zutenak dagoeneko beren ametsetik atera dira. Larriena da horietako batzuentzat amets egingarria amesgaizto bihurtu daitekeela gauetik goizera; izan ere, bere kultura politikoak ez dauka baliabiderik ez eta kemenik legez kanpo jarduteko.

Behin eta berriro aldarrikatuko dute legearen barnean egin nahi dituztela gauzak, eta legeek haien borondate politikoari buruzko kontsulta ahalbidetzen dutela. Eta Estatu guztiahaldunak erantzunen die Estatuaren legeen elastikotasuna Estatuaren botere judizialak interpretatzen duela Estatuaren mesedetan. Beti eta edonon. Estatua legeak baino lehenagotik dagoelako eta ez dagoelako lege-sistema eraginkorrik Estaturik gabe (edo hauen arteko hitzarmenik gabe).

Eta egoera honetan hauteskunde plebiszitarioetarako bidea egitekotan ziren batzuk, CiUkoak oro har eta CDCkoak bereziki, ohartu dira galbidera doazela alderdi egitura gisa, baldin eta bere izenarekin aurkezten baldin badira. Eta, ondorioz, hautagai zerrenda bakarra nahi omen dute ERCkoekin (Artur Mas buru lukeena, ziur aski), eta azken hauek pentsatzen dute bakoitza bere aldetik aurkeztuta…

Eta ANC aurkeztuko balitz? Une historikoa da, Carme Forcadellek aniztasuna ordezkatzen omen du, CUPek zaila luke kanpoan geratzea eta baita ICVk ere….

Burutazioak dira, bertzerik ez, baina dantzan ibiliko direnak egunotan. Argi dagoena da Masek ez diola Estatuari aukera ñimiñoena ere eman nahi legea urratzen ari dela erran dezan. Azaroaren 9rako deialdia behar bezala egiteko hartu beharreko erabaki batzuk eta eman beharreko urrats praktiko batzuk eginak behar zuten dagoeneko, eta ez ditu egin.

Inork erran dezake hobe dutela horrela, bertzenaz Generalitatearen beraren baliabideak kudeatzeko aukera ere galtzeko arriskua legokeelako; baina, noiz arte?

Noiz dator independentzia eta desobedientzia errimatuko dituen bertsoa? Ala inork uste du desobedientziaren beharrik ez dutela izanen kataluniarrek independentzia lortzeko?

Modu batean ala bertzean, kataluniarrei dagozkien erabakiak dira guztiak, eta onerako zein txarrerako, ildo batetik zein bertzetik, haien artean egosi eta bideratu beharrekoak. Kanpotik begira erraza da iritzia ematea.

Nolanahi ere, Kataluniako prozesua eredugarritzat jotzen dugunon aldetik komenigarria litzateke etxerako hartu beharreko ikasgaiak ongi barneratzea. Zorionez, ikusi ahal izan dugu noraino den eraginkorra jorratu duten bidea eta non agertzen hasi diren harresi potoloenak.

CDCko arduradun gorenak beldurrak jota daudela erratea gehiegikeriatzat joko du inork, baina sentsazio hori kentzea kosta egiten zait. Demagun kultura politiko kontua dela. Bai, demagun hori.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna
S: