ARKUPEAN

Euskal identitatea

Jule Goikoetxea -

2014ko urriak 1

Ahotan da Eskoziarrek ez dutela identitatearen arabera bozkatu, klasearen arabera baizik. Eta hemen naukazue galdeketatik bi astera neure buruari galdezka zein emaitza atera zatekeen Eskoziak bere herritarrak ingeles langileria klasekoak izan balira. Neure buruari galdezka, zer ote da ba klasea identitatea ez bada eta zer ote da ba identitatea praktika sozial eta ekonomikoak ez badira.

Bitxia da identitatea, are bitxiagoa identitate kontzeptua azaldu ezin diren fenomenoen zaborrontzia bilakatzeko joera, baina bitxietan bitxienak identitatea praktika sozial, politiko eta ekonomiko bat dela sumatzen ez dituztenen zentzumen-organoak dira. Identitatea apaingarri esoteriko moduan ulertzen duten kuadrillak dira hemen nagusi, nahiz eta identitatea bi ezpaten arteko txinparta dela defendatzen dutenak ere nabarmenak diren. Gehiengoak identitatea haize mehe goiztiar mistikoarekin, ezohiko sinbologia folklorikoarekin eta soufflé-zko subjektibotasunarekin erlazionatzen duen arren. Horien ondorengotza da identitatearen ideia posmodernoa. Identitatea egunero aukeratzen den zerbait dela azpimarratzen dute hauek, supermerkatuan sartu eta esne gaingabetua, erdi gaingabetua edo sojazkoaren artean aukeratzean eraikitzen dugu gure identitatea, diote liberalenek, makrobiotikoak gaur eta belarjaleak etzi izateko eskubidean datza gure identitategintza, aldarrikatzen dute anarko-kapitalistek. Gaur galtzerdiak merkadiloan erosiko ditut eta bihar prakak Dolce Gabbanan, baina kontua ez da gaur merkadiloan ezkertiar ekologista antixenofobo antiklasista bat naizela eta bihar, Dolce Gabbanan, aberaskume posh karitatiboa teoria posmodernoak dioen moduan. Kontua da merkadiloko langileak ezin duela Dolce Gabbanan prakarik erosi. Beraz, ez, identitatea ez da aukeratzen. Eta, bai, eraikitakoa da, baina ez da esne gaingabetuaren eta erdi-gaingabetuaren artean aukeratzerakoan eraikitzen, ezta beganoa, behia edo belarjalea izan hautatzen denean ere. Identitatea kulturala da soziala eta ekonomikoa delako, ez bakarrik baizik eta halabeharrez, horregatik da beti politikoa, sozio-ekonomikoki eraikia delako.

Identitatearen bertsio esentzialistaren edo posmodernoaren ondorio dira fenomeno politikoen eta zehazki prozesu independentisten egungo interpretazio ofizialak. Lehenengo bertsioak identitatea azalaren kolorearekin berdintzen du. Bigarrenak Dolce Gabbanan erostean abian jartzen dugun identitategintza likidoarekin. Bi bertsioek ondorio komuna dute: identitatea eguneroko menderakuntza eta emantzipazio praktiketatik bereiztea. Identitatea despolitizatzea, alegia.

Bi bertsioek daramate kultura identitatearekin lotzera eta sozio-ekonomia politikarekin, euskal identitatea euskal sistema politikoetatik bereiztera, euskal identitatea gure produkzio eta ongizate erregimenetik, euskal sindikalgintzatik, enpresagintzatik, ekonomia sozialetik eta mobilizazio feminista eta oro har sozio-politikoetatik bereiztera, gure identitatea gure kapital ekonomiko, sozial eta politikotik deslotu eta gure eguneroko botere erlazio materialetatik alienatzera.

Kultura ez da soilik hizkuntza eta txistua. Kultura tradizioa da: tradizioa eten, haustu eta eraldatzeko dugun era. Horregatik da erabat politikoa, soziala eta ekonomikoa. Euskal identitatea ez genuke soilik euskal hizkuntza eta pare bat dantza motekin lotu behar, eta nahiz eta gure artean pentsamolde hau izan hedatuena, larria deritzot, horren larria non euskal egitura politiko eta sozio-ekonomikorik gabeko euskal identitatea existitu daitekeela pentsatzeraino iristen diren batzuek.

Horren larria, non Euskal esentzialismo garratzenetik hasi eta euskal posmodernismo mistikoenera iritsi gaitezkeen Euskal Estatutik pasa gabe.

Horren larria non batzuek euskaraz bizitzeko ez bada ez duten euskal estaturik nahi (dastatzeko menua nahi?), espainiar edo frantziar estatuan bizitzen jarraitu nahi dutela aditzera emanez, baina esan gabe.

Horren larria non batzuek identitatea eduki dezaketela uste duten identitatea sostengatzen duten egitura guztiak desagertuta ere.

Horren larria non euskaldun askok folklorikoki hiltzen jarraitu nahi duten, politikoki bizitzen hasi baino lehen.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Erizain bat, gazte bati txertoa ematen, Brasilen. Umeak txertatzeko ohiko kanpainetan jaitsiera nabaritzen hasi dira aurten ©FERNANDO BIZERRA JR / EFE

COVID-19aren uste ustelak

Mikel P. Ansa

COVID-19aren pandemia ukatzen duten joera batzuek indarra hartu dute uda honetan. Haiek zabaldutako uste batzuk zeinen okerrak diren azaldu dute Miren Basaras eta Guillermo Quindos mikrobiologoek artikulu sorta honetan.

PCR proba bat, Indian. Bigarren herrialde kaltetuena da hura. ©SANJEEV GUPTA / EFE

Milioi bat lagun baino gehiago hil ditu COVID-19ak

Iosu Alberdi

AEBetan erregistratu dute kasu eta heriotza gehien. Euskal Herriak munduko heriotza tasa handienetako bat du: 77 heriotza 100.000 biztanleko.

Konfinamendua ezarri zuten Azkoienen. ©Idoia Zabaleta / Foku

Hegoaldeko kasuen erdiak baino gehiago, Nafarroan

Uxue Rey Gorraiz

Beste 603 positibo zenbatu dituzte Hego Euskal Herrian; Nafarroan atzeman dituzte horietatik 318. Halaber, bi pertsona zendu dira birusaren ondorioz.

Maria Txibite, agerraldi batean. ©Jesus Diges / Efe

Txibitek esan du egoera «kontrolatuta» dagoela Nafarroan

Arantxa Iraola

Positibo «asko» izan arren konfinamendu orokorrik ezartzeko asmorik ez dutela adierazi du

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna