Noiz sortua: 2016-06-23 00:30:00

ARKUPEAN

AHT gero eta ustelago

Garbiñe Ubeda -

2016ko ekainak 23

Gerrara ohitu zaitezke, baina gerra egon badago», zioen abesti sonatuak, eta halakoxe leloak laburbilduko luke hobekien gure egoera, AHTari begira jarrita. Eguneroko paisaiaren zati bilakatu zaizkigu lanak, eta batzuei, proiektuak erdiz erdi harrapatu dituenei nagusiki, kasik lore-ontziak balira bezala etxekotu zaizkie hondeamakinak, zuloak eta lokatza. Nekatu egin gaitu gaiak, hustu egin gaitu, hitzik gabe utzi, eta beste borroka berri batzuei eman diegu arreta, hau ez bezala berandu gabe irabaz litezkeen itxaropenean.

Gezurra badirudi ere, hamar urte joan dira lehen palakada eman zutenetik, eta orduko aurreikuspenik txarrenean baino okerrago gaude gaur egun. 2006ko hartan urrun ikusten zen 2010a, lanak ordurako amaituko zirela harroki esateko bezain urrun, baina 2012ra atzeratu behar izan zuten lehenik, 2016ra, 2018ra eta 2019ra gero, 2021era ondoren, eta azkenik Sine die.

Tramutan edo zatitan banatu zuten lan zibila —alegia zubiak, tunelak eta porlana—. Hamarkada osoan zati horietarik gutxi batzuk besterik ez dituzte amaitu. Beste hamasei zatitan, berriz, ezustekoak direla edo baimen arazoak direla, aurrera egin ezinik daude, eta halaxe jarraituko dute, zilborrari begira geldik, Madrilen gobernua osatu eta erabakiak hartzen hasi arte. Atzerapena, berez, aparteko okerra ere ez dela pentsa lezake inozoak, behar gorriagoetara bidera litezkeela harako izango ez diren diruak. Tamalez, paralizatzeak ere larrutik ordaintzen dira, lan kontratuei, gastu finkoei, makinen alokairuari eta segurtasunari berdin egin behar zaielako aurre. Estimazio ofizialen arabera, 2 milioi eurotik gora xahutzen da hilero, ezertxotara ere ez heltzeko.

Kalapiten segida luzea da. Hernani-Astigarraga zatiak urte eta erdi darama geldirik, baliabide ekonomikoak xurgatu eta xurgatu. Astigarraga-Irun zatian hirugarren linea egingo zaio egungo trenbideari, eta beraz, ez da lasterra izango. Bizkaiko zenbait gunetan hasi ere ez dira egin, besteak beste, alkateek baimenik ematen ez dietelako. Bilboko sarrerari dagozkion gorabeherak —geltokia non, besteak beste— erabakitzeke oraindik. Bergarako motroiloari heldu behar zioten enpresei kontratua eten zaie joan den astean, proiektua birformulatzearren (eta ondorioz, lizitazio berriek epea luzatuko dute eta aurrekontu oparoagoa eskatuko dute). Eusko Jaurlaritzak temati eusten dio gaiari, baina gogoak gogo, basamortua besterik ez zaio ageri bere eremutik harago: Nafarroako linea lozorroan, Gasteiztik behera zer esanik ez, eta Hendaiatik gora zer izango den pentsatzen ere ez dira jarriko 2032 arte. Lan zibila burutu ostean, noizbait burutuko bada behintzat, lardaskatu ere egin ez den arloari heldu beharko diote, burdin, trenbide-sare, elektrifikazio, seinaleztapen eta gainerakoari, eta batek daki zenbat diru eta zein epe beharko dituen horrek denak.

Gaur-gaurkoz, afera ez da AHT bai ala AHT ez, noiz eta zertarako demontre amaituko den baizik. Eta zein gain-kostu izango ote duen, zenbat puztuko den eta zenbat zero erantsi beharko zaizkion hasierako sei mila milioiko kalkuluari; zenbat belaunaldik ordaindu beharko duten. Eta behinola goi mailako teknologia izan zena zer izango ote den normal xamar funtzionatzeko moduan jartzen dutenean (demagun, datorren hamarkadan). Eta ez ote den erlikia zaharkitua izango, dagoeneko tren azkarragoak, merkeagoak, orografiara errazago egokitzen direnak eta ekologikoagoak ere badirela kontuan hartuta. Noraino eutsiko ote zaion proiektuari, AHTaren feudoan, alegia Frantzian ere, defizitarioa dela jakin badakigunean. Inork barkamenik eskatuko ote duen handinahikeria eta eldarnio hutsa den nahaspila honengatik.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Maiatzaren 29an eguneratua, 19:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan lau pertsona hil dira COVID-19 gaitzaren eraginez, 22 positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta bi gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Herrian 29.107 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.056 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Lanbide arduratuko da errenta berria banatzeaz. ©JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Iritsi da bizitzeko gutxieneko diru sarrera, muturreko pobrezia murrizteko

Irune Lasa

Espainiako Gobernuak diru saria onartu du, eta ekainean bertan hasiko da ordaintzen. Hegoaldean, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak kudeatuko dute

Haur bat, jolas parke baten ondoan, Zarautzen. / ©Gorka Rubio, Foku

Espainiako Gobernuak eguneko udalekuak baimenduko ditu hirugarren fasean

Jon Ordoñez Garmendia

70 urtetik gorakoentzako ordutegiak desagertu egingo dira. Gehienez hogei pertsona elkartu ahal izango dira, baina ezingo da probintziatik atera oraindik.

Donostiako Zurriola hondartza, atzo. ©Gorka Rubio / FOKU.

Murgak dio ezin direla errepikatu hondartzetan ikusi diren irudiak

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Jendea ez pilatzeko eta hondartzak modu «dinamikoan» erabiltzeko eskatu du Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak. Era berean, galdegin du aisialdirako bada ez erabiltzea garraio publikoa «jende asko dagoenean».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna