Albistea entzun

ARKUPEAN

Mozorroen zomorroak

Karlos Aizpurua Etxarte -

2017ko urtarrilak 21

Tarrapatan! Tarrapatan! Aritu nintzaien atzo donostiarrei, oihu eginez, tarrapatan! Pozaldiz! Tarrapatan! Inauteriak datoz! Tarrapatan! Ez zen pozaldirik biziko, ordea, 1813ko abuztu odoltsuan, tarrapatan! Napoleonen tropek hiritik hanka egin, tarrapatan! Eta ingeles zein portugaldar tropak piztien gisan sartu zirenean, tarrapatan! Dena su, tarrapatan! Dena arpilatze, tarrapatan! Dena bortxaketa, tarrapatan! Tarrapatan!

Inauteriak datoz bai. Bihar izango da maskaraden lehendabiziko barrikada Ezpeizen, Zuberoan prefosta! Gorriak elegante ariko dira dantzan, zamaltzaina buru. Beltzak, lizun eta malestruk, bazterrak nahasten. Xorrotxak koblakari, buruz ikasitako bertsetak kantatzen. Bertsetak bederen Matalazen lengoaian. Gainerako funtzio, promena eta aperitifako solasak ez dakit. Tira, ez nuke jakin nahi. Maskara huts bada euskara, ez gara, ez gire.

Oiartzungo ihoteak ere galarazi zituen Patxi zaharrak. Eten zen katea. 90eko hamarkadan, ordea, ihoteak berpizteari ekin zion talde batek eta horri esker bada ihoterik Oiartzunen. Ez da gutxi. Sorgin eta intxixu; musika, dantza, suzko aker. Ezin uka mitologia kutsua darionik, ezta Arditurriko usainik duenik. Eta espektakularra bada izan. Baina sustrairik sumatzen ez diodanez, ez nau naturarekin zilborresten. Tradizio guztiak noizbait asmatuko ziren bai; baina ez.

Espektakularrenak hirietakoak, of course. Luxuzko desfile, jantzi liluragarri, turismo egarri. Desberdinak izateko aukera dugula sinetsarazi nahi diguten arren, berdin nahi gaituzte inauterietan ere, artaldeko, Inditex-eko. Zarako maskara huts zara. Izan errege Momo, printzesa, mono. Eta berriz kalkulatuko dute inauterien balioa hiriko hotelen okupazioaren arabera.

Iturenen joaldunak dira protagonistak, tolon! Joarea astindu beharra dago, tolon! Lurra iratzartzeko, tolon! Zergatik aritzen dira orduan Herri Urrats edo antzeko jaietan? Tolon! Kultura folklorizatzen gabiltza Tolon! Tolon! Joareak egiteko erre omen zuen San Kristobal Iturengo arotzak, Erramun Joakinek. Geroztik Iturendik urrun dabiltza kobrezko santuak. Elizaren logika ezarri baino lehen, inauteriz ospatzen zena urte zaharraren bukaera eta berriaren hasiera zen. Miel Otxin, Zanpantzar eta enparauak horregatik erretzen ei ziren; urte zaharreko zikinkeria garbitzeko. Erdi Aroan, Elizak inauterien datak aldatu zituen. Eta inauteriak ere bai; gertatzen ziren gehiegikeriak aitzakia hartuta lege estuak ezarriz. Horregatik satirizatu izan da Eliza inauterietan; edo egin dira joareak, Kristobal Tolon urtuta.

Azken urteotan Donibane Garaziko inauterian loriatu naiz. Lehenik Santibaten, neguko inauterian. «Santibatek, andere, aurthen bezala gero're, Santibatek igortzen gaitu xingarketa gu ere». Gero Libertimenduan, primaderako inauterian: bolantak (ordena), zirtzilak (kaosa) eta bertsolariak dira hor aritzen. Bolanten eta zirtzilen jokoa epaitzen dute bertsolariek, juje rolean aritzen baitira libertimenduan, benetako plazan, ez BECnetakoan.

Garaziko Inauteriaren zentzua ikertzen eta transmititzen lan gaitza egina du Antton Lukuk. Lukuren hitzetan, antzerkia ez da boteretik heldu, hura zirikatzetik baizik. Ez dator akademia batetik ere, herritik baizik. Horixe da libertimenduan ageri dena. Eskualdeko gazteei eskatzen zaien zerga da libertimendua, ekintzen bidez ordaintzen dutena: antzeztuz, bertsotan edo dantzan arituz. Entseguetan trebatu ondotik herriko plazan erakutsi ohi dute haien balioa: sormenean, antolakuntza mailan zein elkarrekin aritzeko ahalean. Hamaika garaztarrek euskalgintzako masterra egina dute inauteriaren karietara, direnaz mozorrotuta.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...