benat sarasola
ARKUPEAN

Frankofilia

2014ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Nire aita, nerabe pelmazo bat jasan behar izateaz gain, frankofiloa izan da beti, haren belaunaldiko donostiar (eta inguruko) ez gutxi bezala. Ezagun da, haren gaztaroan Frantzia kulturaren sinonimo zen, 68ko Paris hura, Georges Brassens, François Truffaut, Brigitte Bardot eta enparauak. Papá cuéntame otra vez. Denboraren igarotzearekin, baina, Louis Althusser-ek emaztea erail zuen, Roland Barthes kamioneta batek harrapatuta zendu zen, Daniel Cohn-Benditek Afganistango inbasioa babestu zuen, Carla Bruni eskuinarekin maitemindu zen, eta frankofiloei zerbait hautsi zitzaiekean bihotzean, KRA.

Aita etorri zitzaidan aurreko batean, bada, Babelia-n argitaratutako ¡Vive la France! artikuluari buruz hizketan. Nobel saria bi frantziarri, Patrick Modiano (literatura) eta Jean Tirole-ri (ekonomia), eman ondoren argitaratua zen. Thomas Piketty ekonomialariaren fenomenoa ere aipatzen zen bide batez, Le Capital au XXIème siècle liburuarekin mundu zabaleko ekonomia eta ez ekonomia aditu eta ez adituak dantzan ipini berri dituena. Artikulua frantziar kulturaren balizko berpizkunde batez ziharduen, urtetako nora eza eta gainbeheraren ondoren (Michel Houllebecq-ek hain ongi irudikatu izan duena) berriz ere grandeur garaiak etorri ote diren galdegiten. Eszeptiko irakurri zuen testua frankofiloa bainoago anglofiloa (artikuluaren amaieran ikusiko den moduan) den honek. Izan ere, musika ezaguna da, azken urteotan sarritan entzun izan duguna. Literaturan, esaterako, gisa guztietako argudioak irakurri ditugu frantziar literatura oraindik ere lehen lerroan kokatzen dela justifikatzeko: Jonathan Littel-en Les Bienveillantes nobelaren famatzea, Pascale Casanova-ren tesiak…

Badago, aitzitik, frantsesengandik zer ikasia. Bizitza maitasunak eta gerrak osatzen badute, kulturak eta naturak, izan nahi dugunak eta garenak, frantziarrak beti izan dira maisuak lehenengoan. Lander Garroren Gerra txikia nobelan irakurri dugu: «frantsesek maitasun kontuetan asko dakite, baina gerra kontuetan batere ez». Balizko jakintza hori barreiatu zuten lau haizetara Chanson française-a medio. Maitasunean maisu izateak ez du esan nahi, ordea, dena Edith Piaf-en La vie en rose edo Amélie filma lakoa denik.

Gogoan hartu Jacques Brel-en Ne me quitte pas zirraragarri hori, non gizaki amildu bat ikusten dugun bere maiteari abandona ez dezan erregutuz. Ramon Saizarbitoriak —frankofiloa hura ere, ezagun denez— bere obran behin baino gehiagotan erabili izan duen eszena da: gizonak, bere onetik aterata, ez abandonatzeko eskatzen dio andreari. «Ez nazazu abandonatu», ne me quitte pas. Maskulinitatearen umiliazio handienetako bat; ez abandonatua izatea, baizik eta abandonatua ez izateko erregu egitea, ez negar egitea, baizik eta inoren aurrean egitea negar. Agindu ezin direnak ere agintzen dizkio Brelek maiteari, lurra aitzurtuko duela hil ondoren ere, laztanaren gorputza argi-urrez estaltzeko. Susmoa dugu, baina, joan direla promesen garaiak, beranduegi dela jadanik.

Leo Ferre-k berresten digu susmoa Avec le temps abestian. Denborarekin dena dela joaten: ahanzten dira ahotsak, pasioak, urdintzen zaizu ilea, alferrik galdu diren urteak zaizkizu igarotzen paretik. Azkeneko lerro zaurgarri bezain zurgarriak dioen moduan, denborarekin, ez dugu gehiago maitatzen.

Azkenean ohartzen gara, bada, maitasuna eta gerra ez direla hain ezberdinak ere, frantsesak, ziur aski, ez direla hain maitale onak ez eta hain gerlari kaskarrak. Maitasunean, gerran bezalaxe, haren aditu izateak ez baizaitu oinazetik libratzen. Galde biezaiote bestela Paul Weston-i.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.