ARKUPEAN

Ezkerraren krisia

Jule Goikoetxea -

2015eko abenduak 16
Frantziar nazioak bere subiranotasuna galdu du, eta hiritarren botere publikoa esku goseti gutxitan gelditu da pribatizazioak direla eta. Europar Batasunean hiritar frantsesek ez dute ezer negoziatzeko gaitasunik, eta nazioartean zuten prestigio eta eragina zeharo murriztu da. Hiritar frantsesek lan duinak edukitzeko eskubidea dute eta errefuxiatu uholdea estatu frantziarrak eta, oro har, Europak, eragin dute. Hau da Mariane Le Pen eskuin muturreko Fronte Nazionaleko alderdi-buruaren diskurtsoa, Europar Legebiltzarrean, François Hollande lotsatu eta mututuaren aurrean eta komunean ezkutatutako europar ezkertiarren izenean. Demokrazia boterean birbanaketan oinarritzen da, esan zuen Le Penek. Badakigu europar ezkerrak lau belaunaldi daramatzala azken honek esaten, baina estatua biolentzia makineria gaitzesgarria dela zioen jarraian eta gero nazioak desegin behar direla eta demokrazia hiritartasunean oinarritu klaserik, naziorik eta estaturik gabeko gizartea lortu nahi bagenuen. Berdin marxistak, sozialistak, anarkistak edo komunistak (90eko hamarkadan desagertuak), kontuan izanik sozialistek eta Gaullistek aspaldi egin zutela neoliberalismoaren alde. Unibertsitarioek ezkerraren multikulturalismoa bozkatzen duten bitartean, langileriak Fronte Nazionalaren laïcité-a (katolikoa, baina laïcité-a) bozkatzen dute. Fronte Nazionala langileria pobreenaren (%28), nekazarien (%37), autonomoen, langabetuen eta gazteen artean bozkatuena da, hezkuntza eta diru sarrera maila baxuena dutenen artean nagusia. Unibertsitarioek bakarrik uler dezaketelako nola birbanatu boterea estaturik, subiranotasunik eta naziorik gabe (ironia on).

Kurioski, estatuari eta subiranotasunari dagokienez, Le Penen diskurtsoa akademian egiten diren analisiekin bat dator: herriak ez du jada burujabetasunik, eta estatu subiranotasuna berreskuratu ezean arnasa pribatizatuko digute. Ezkerreko akademiak hori dio, Europa osoan, baina ezkerreko alderdiak ez dira hori esateko gai (independentzia prozesu batean murgildurik ez daudenak).

Alemaniako, Ingalaterrako, Frantziako, Italiako, Espainiako… ezkerreko alderdiak (sozio-liberalak ez dira kategoria honetan sartzen) ez dira diskurtsiboki herri subiranotasuna Le Penen indarrarekin defendatzeko gai, herri subiranotasunaren defentsak mugen defentsa dakarrelako eta ezkerrari mugak ez zaizkio gustatzen (neoliberalei bezalaxe), horregatik nahi dute estatuaren desagerpena, batetik, mugak desagerrarazteko, bigarrenik, estatuak sortzen dituelako haien iritziz klase ekonomikoen arteko ezberdintasunak. Ezkerrak ezin dituenez mugak defendatu, ezin du herri subiranotasuna nazioarekin lotu nazioaren defentsa mugen arabera egiten delako (nazioa nazio izateko mugak behar dituelako) eta, bestetik, balio marxista internazionalistekin osagarria ez delako (hori izan da azken mendeko diskurtsoa independentzia prozesu batean ez dauden ezkerreko alderdien eta herrien kasuan).

Europar ezkerrak ezin du herri subiranotasuna defendatu Le Penen indar berdinarekin estatu-nazioak gaitzetsi dituztelako haien diskurtsoan azken bost belaunaldietan (gutxienez), kontuan izan gabe orain arte birbanatu den botere eskasa beren nazio-estatuak birbanatu duela. Nola defendatu zure demokrazia, demokrazia osatzen duten elementu funtsezkoenak errefusatuz?, galdetzen du Le Penek. Nola esango dio ezkerrak jendeari Europar Batasuna lobby finantzario bat dela, eta Europar Legebiltzarra balio ez duten politikarientzako Lanbide II bat dela, lau belaunaldi batasunaren bake ustela eta demokrazia oligarkikoa defendatzen egon eta gero? Demokrazia egon dadin, zioen europar ezkerrak, estatuek eta nazioek indarra galdu behar dute, bestela nazio bakoitzak bere interesak defendatuko ditu eta ezingo da batasunik lortu. Baina, nola ez du ba herri batek bere herria defendatuko? Hori izan da ezkerraren obsesioa azken hamarkadetan (frantziar ezkerra izanik Europako estatistena eta ia nazionalistena, atera kontuak): estatua deabrutu dute, ez zuten naziorik, ez mugarik, ez estatu subiranotasunik nahi. Klaserik gabeko gizarte globala nahi zuten.

Jan dezala orain frantziar, britainiar, italiar eta espainiar ezkerrak subiranotasunik, estaturik eta naziorik gabeko txatxi-piruleta global eta unibertsitario hau. Guk ez baitugu egingo.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna