Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Iritzia Mendebaldearen autokritika premia

Publizitatea

Iritzia

ARKUPEAN

Mendebaldearen autokritika premia

 

2015-11-19 / Patxi Zabaleta

Joan den asteko Pariseko atentatu izugarrien ondoren, egunkari gehienek beren orrialde nagusiak egoeraren garraztasunari eman dizkiote. Erreakzioak, gehienetan zoritxarrez, indarrez erantzutearen ildotik doaz, eta Frantzia bera, Hollanderen gobernu sozialistarekin indarra erabiltzearen jarreran, gidari moduan azaltzen zaigu.

Epe luze eta ertainera, ordea, indarrarekin erantzuteak ez du aterabidea ekarriko, baizik eta akzio-erreakzio dialektika eraikiko. Askoz ere eraginkorragoak dira luzarora maiz musulmanen artetik egiten diren bake osorako deiak.

Uste dut indarra erabiltzea baino askoz ere eraginkorragoa dela bakezaletasunaren eta giza eskubideen aldarrikapenak azpimarratzea. Horregatik, pozgarria da gero eta gehiagotan entzutea herritar musulmanei Koranen ez dagoela indarkeriaren justifikaziorik eta guda santua deitutakoaren deiadarrak ondoreneko okerkeriak izan zirela. Euskal Herrian, eta bereziki Nafarroako erriberan, banu-qasitarrak agindu zuten mendeetan bakezaleak eta juduekiko eskuzabalak eta babesleak izan ziren, eta adibide hori gure-geurea da, Paris gure-geurea zaigun bezalaxe.

Mendebalde osoak, eta bereziki Europak, erantzukizun zuzena daukagu Arabiarren Udaberriak porrot egin izanarekin, eta Al Qaeda edo Estatu Isamikoa bezalako egiturak eraiki izanarekin.

Beste garai bateko esapidea parafraseatuz, baiezta genezake ISIS, Estadu Islamikoa Europaren putakumea dela.

Zentzu berean, mendebaldeak autokritika sakona egin beharra dauka nolabaiteko zilegitasuna eduki nahi badu bakezko etorkizunaren egituraketan. Mendebaldeak, eta bereziki Europak, erantzukizun zuzenak ditu Afrikako iparraldean eta ekialde hurbilean eman diren bilakaera politikoetan, Irakeko bi gerra edo guduetatik hasita.

Mendebaldeak ez du bere babesa eta laguntzak emateko giza eskubideen eta demokraziaren errespetua eskatzen, eta hortik datoz oraingo desorekak. Monarkia absolutistak eta apartheid-ak egiten dituzten sistemak babesten dituen bitartean mendebaldeak, eta bereziki Europak, ez daukate behar den zilegitasunik. Horregatik bihurtu da ezinbestekoa mendebaldearen autokritika sakona eta gordina.

Duela aste batzuk Britainia Handiko agintaria izandako Tony Blairrek eman zuen beharrezkoa den autokritikaren lehen printza bat. Justifikazioa kentzen zion bera protagonista izandako Irakeko gerrari, eta lotu egiten zuen gerra honen eragina gaur egungo Estatu Islamikoarekin.

Zoritxarrez, garai baten Blair jaunaren kidea izandako buruzagi zeltiberoa, hau da, Aznar jauna, berehala atera da esanez ez duela Irakeko gerrari buruzko inolako damurik. Tamalgarria.

Azken finean, mendebaldeak, eta bereziki Europak, zilegitasunen bat izan nahi badugu, herrialde musulmanen aurrean lehenik eta behin elkartasuna adierazi beharko genuke immigranteekin.

Kontuan izanez Venezuelak, 25 milioi biztanlerekin, Kolonbiako 5 milioi seiehun mila errefuxiatu hartu dituela eskubide guztiak aitortuz, zertan ari da Europa negu gorrian ate-joka heldu zaizkion horiekin. Eta bigarrenik, giza eskubideez eta demokraziaz hitz egin beharko genuke herrialde musulmanetan feminismoaz, demokraziaz eta aurrerapenaz arduratzen diren horiei guztiei babesa eskainiz.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak