Albistea entzun

ARKUPEAN

Denbora emanaz

Beñat Sarasola -

2014ko irailak 18

Zenbat denbora igaro behar da gertakari historiko bat arte gai bihur dadin? Zenbateko distantzia hartu behar da benetan jazotako gertakari dramatiko bat fikziora eramateko?

Udako irakurgaien artean AEBko bi idazleren nobela bana irakurri dut, Don Delillo-ren Falling man eta Jonathan Franzen-en Freedom. Lehenak 2001eko Dorre Bikien kontrako atentatua du hizpide eta 2007an argitaratu zen. Bigarrena, berriz, 2010ean eman zen argitara eta hamarkada hartako gertakari politiko nagusien inguruan harilkatzen da: Irailaren 11ko atentatuak, Irakeko inbasioa, 2008ko krisia eta abar. Ondo gogoan dut 2001ko atentatuok telebistaz ikusten ari nintzela, nire hamazazpi urteekin, honakoa bota nuela: «inflexio puntu historikoa izango da, eta sekulako eragina izango du arte eta literatura garaikidean». Aitak, nola ez, garai hartan beti egiten zidan moduan, kontra egin zidan, kontra egitearen egiteagatik: «ez du zertan». Hala, asmatu izanaren atseginaz —aski patetikoa, baiki— irakurri ohi ditut halakoak. Mendeku txikiaren plazer badaezpadakoaz.

Nire keria freudiarrak gora behera, baina, deigarria egiten zait zeinen azkar heltzen dioten fikziogile estatubatuarrek zinezko gertakariei. Pentsa dezakegu arrazoi komertzialak medio egiten dutela hori, eta neurri batean hala izango da ziur aski. Halako saiakera ugari ere nahiko eskasak izaten dira, gainera, Oliver Stone-ren World Trade Center filma kasu. Baina ez dut uste azalpena hain sinplea denik. Delillo, esaterako, autore prestigioduna da, mundu mailako idazleen artean lehen mailakotzat jotzen dena, eta ez du lehenengo aldia gisako gertakari baten inguruan idazten duena. Hor dugu Libra nobela esate batera, John F. Kennedy-ren hilketan dagoena oinarritua.

Gurean, ordea, denbora gehiago eskatu ohi dugu. Orain gutxiko jazoera bati buruz ari den film edo nobela bat argitaratzen bada, luze gabe okertuko dugu muturra, azkarregi dela pentsatuta. Laster estreinatuko da Borja Cobeaga-ren Negociador filma, Jesus Egiguren eta ETAren arteko negoziazioetan oinarritua, baina komedia bat izateaz gain —inork gutxik hartuko du aintzat gure errealitatea hobeto ulertzeko obra moduan—, salbuespena dugu. Beste salbuespen bat izan zen Jaime Rosales-en Tiro en la cabeza polemiko hura, zeina film aparta iruditu zitzaidan halako gai bat serioski lantzeko ausardia izan zuelako eta, batez ere, forma bikainki eman ziolako.

Gainontzean, gertuko errealitateak enbarazu egiten digu fikzioan. ETAren amaierak, agidanean, Ramon Saizarbitoria-ren Martutene moldatzea ekarri omen zuen. Mikel Antza-k distantziaren arrazoia erabili izan du Atzerri nobelan hainbat gai landu ez dituela justifikatzeko: «Literaturarenera iritsi baino lehen beste geltoki batzuk egin behar ditugu guztiok».

Azken boladan Lasa eta Zabali buruzkoek ikusi dute argia, tentu handiz bada ere. Hiru hamarkada pasa behar izan dira Harkaitz Canoren Twist nobela eta Zinemaldian estreinatuko den Pablo Malo-ren film berria, Lasa y Zabala, kalera zitezen —azken hau polemikarekin gainera, nola bestela—. Zenbait urte lehenago gai beraren inguruko nobela izan zuen eskuartean euskal idazle batek baina azkenean saiakera ustela suertatu zen. Gehiegizko gertutasunagatik ote?

Antzak arrazoi du akaso eta hobe dugu —fribolitatea ekiditearren— «denbora geldiari denbora eman», kantuak dioen bezala. Errezeloa dut, baina, zuhurtasun horiek guztiak ez ote diren gure baitako korapilo ez gutxiren adierazgarri, eta fikzioak, hain justu, ez ote lukeen horiek askatzen lagunduko. Zaila dela? Baiki, beti da errazagoa oinaztarrez eta ganboatarrez aritzea.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...