Albistea entzun

ARKUPEAN

Euskal Trantsizio Feminista

Jule Goikoetxea -

2014ko azaroak 26

Demokratizazioa erakundetze prozesu bat da, estatu ahalmenaren eta gizarte mobilizazioaren arteko dinamikaren ondorioa; diferentzia eta berdintasun batzuk (ez beste batzuk) sortu edo birsortzen dituena herria gobernatze prozesuan barneratzeko helburuarekin.

Gizartea osatzen duten diferentziak eta berdintasunak ezin dira aldez aurretik erabaki, gizartea ehuntzen duten botere harremanen araberakoak izango baitira. Berdintasun sozioekonomikoa sustatzea demokratizazioaren ezaugarritzat dugu, diferentzia sexualak sortzea, aldiz, patriarkatuaren ezaugarri, baina diferentzia sexualak patriarkatuarekin ez demokraziarekin lotzea borroka ideologikoaren (zentzuaren borroka) ondorio da. Berdintasun sozioekonomikoak aurrera egin duen eremuetan patriarkatua ahuldu da, berdintasun horrek epe ertainera berdintasun kulturala (formakuntza, kontaktuak, ikasketak) dakarrelako, eta, alderantziz. Horiek, aldi berean, berdintasun politikoa sustatzen dute gizonezkoen eta emakumezkoen artean, sexu-generoen arteko desberdintasunean oinarritzen den egitura soziala eta sistema politiko-ekonomikoa eraldatuz, epe luzera, eta, borroka ideologikoaren menpe beti.

Demokratizazioak kapital kulturala, ekonomikoa eta sinbolikoa (prestigioa) berdintzen ditu (nola lortzen duen da galdera) eta geroz eta kapitalen arteko desberdintasun handiagoa orduan eta sendoagoa patriarkatua eta kapitalismoa.

Horregatik doaz eskutik XXI. mendean feminismoa eta demokrazia.

Horregatik ez dugu herrigintza demokratikorik aitortuko emakume bezala sozializatu diren eta gurekin batera periferian dauden gorputz eta bizitza desprestigiatuen askapenik ekarriko ez duena. Askapenak esanahi anitz ditu, badakigu, oraingoz nahikoa da gorputz guztiek gaizkia egiteko aukera berdintsuak izatearekin.

Horretarako demokraziaren esanahi patriarkalak birplanteatu beharko ditugu. Adibidez, Gatazkaren konponbidea diskurtsoak pare bat kilo androzentrismo izerditu beharko ditu. Zer esanik ez Bakea eta elkarbizitzaren makro-errelato-mundu-ikuskerak.

Gatazka politikoa ez da bakarrik Estatuekin duguna. Politika ez da soilik alderdiek egiten dutena. Biolentzia politikoa ez dute gudariek bakarrik jasaten.

Gatazkaren Konponbidearen errelatoak ez du kontuan hartzen populazioaren erdiak baino (askoz ere) gehiagok egunero bizi dugun gatazka eta biolentzia politikoa. Eta guk ere konponbideak nahi ditugu.

Horretarako ez da bakegintzaz hitz egin behar, feminismoaz baizik. Bakea ez baita existitzen, feminismoa bai. Hori egin ezean Gatazka politikoa esaten dioguna konpontzean ez gara Bakean biziko edo, nahi bada, gure Bakeak eta Elkarbizitzak emakumeon bortxaketan, ustiaketan eta umiliazioan errotuta jarraituko du. Geure biolentzia geure bakea geure konponbidea geureak direlako, gizonen biolentzia bakea eta konponbidea, aldiz, guztiona. Gu partikularrak garelako, gizonak unibertsalak. Eta demokrazia ere unibertsala omen, hots, gizonena. Demokrazia unibertsala demokratizazio feminista bilakatzen ez badugu Euskal Demokraziaren periferian geratuko gara berriro ere.

Emakume gisa partikular, kolektibo, sektore edo zati izango gara berriro ere, inoiz ez osotasun. Inoiz ez Herri.

Eraikitzen ari garen Euskal Herrian ez dugu onartuko emakume izateagatik pairatzen ditugun egiturazko biolentziak oinarri hartuko ez dituen Bakerik, genero ikuspegirik ez duen Gatazkaren ezaugarritzerik, labur esanda, populazioaren gehiengoaren duintasuna eta ongizatea erdigunean ipintzen ez duen sistema, analisi, begirada eta proposamen politikorik ez dugu baietsiko.

Horretarako bilduko gara Ondarroan Abenduaren 13an, eztabaidatzeko, eraldatzeko, Euskal Herriko Trantsizio Feminista abiatzeko.

Hori da hurrengo urteetan Euskal Herriak historia politiko unibertsalari egingo dion ekarpena: estatugintza demokratiko feminista.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...