ARKUPEAN

Erdiari, guztiaren erdia

Amaia Espinosa -

2016ko martxoak 8

Ehungintzan zebilen emakume talde batek lana utzi eta New Yorkeko kaleetara irtetea erabaki zuen. 1857ko martxoaren 8a zen. Haiekin piztu zen emakumeen eskubideen aldeko mugimendua, baina 1908ko beste martxoaren 8an, nagusi baten haserre eta bortizkeriak Cotton tailerrari sua eman eta ehun eta hogeita hamar emakume langile erail zituenean hasi zen benetako bidea. Esaten dute egun horretan ehun morea ehuntzen zebiltzala, eta morea da harrezkero Martxoaren 8a, Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna ospatzeko ezarritako kolorea. Aldarrikapen unibertsala bihurtutako egunak ez du justifikaziorako arrazoirik galdu, zeren, orain dela ehun urte bezala, gaur egun ere munduko emakumeek jasaten dituzten ezberdintasunak nabariak baitira; toki batzuetan beste batzuetan baino larriagoak, jakina, baina present. Ez dago lekurik munduan non genero arraila desagertua dagoen. Gurea, 140 herrialdetatik, 21.a da, eta nahiz eta krisiarekin arraila txikitu egin den, ikerketek diote sumatzen ari den errekuperazioarekin berriro handitzen ari dela; hori ere andreek egiten duten lan motaren adibide argia da. Hala ere, inork ez dio pasatzen utziko egun morearen protagonista izateari. Igeltsero, ikerlari, politiko, intelektual, aktore, kirolari, apaiz, rabino zein imana izan, denek laudatuko dute eguna. Eta bihar? Exijitzaileek gaitzetsiko dituzte inguruan egindako gustu txarreko txisteak? Isilaraziko dituzte emakume senaz trufatzen direnak? Lankideen berdintasunagatik matxinatuko dira? Ezezkoan nago, hein handi batean gaur egingo diren adierazpen more sentikorrak, grinadun salaketak, fikziozko haserreak zein bozgorailuko aldarrikapenak ez baitira biharamunean birmoldatuko diren ondo ikasitako postureoak besterik.

Aste frenetikoa joan zaiguna, letra larriz idazten diren izenak josia. Boterea, politika eta erabakia euren esku omen dutenek aukera eskaini digute eztabaidak eta adierazpen sutsuak, elkarren arteko mokokak eta musuak, loreak, txaloak eta txistuak bertatik bertara jarraitzeko. Eta denak ala denak, eskuin zein ezkerrekoak, gorbatadun, rastadun, Ternuadun zein bildutako maukadunak... Gizonezkoak, arruntasuneko irudi arruntak. Haien inguruan edo aldamenean, nolanahi ere, emakumeak ikusi, ikusi ditugu; oraingoan titia ematen ez, baina bai babesten, txalotzen, besarkatzen eta sostengua eta laguntza ematen, baina enperadoreen protokoloak markatzen duen modura, beti pauso bat atzerago. Onartezina, beraz, alderdiek islatzen duten emakumeon ahalduntze aldarrikapena hain zuria izatea. Onartezina, gizonek eratzen dituzten diskurtsoetan, emakumeok diskurtsoetan markatzen diren helburuak besterik ez izatea. Onartezina, era berean, sinestarazi nahi izatea daudenak onenak direlako daudela eta ez daudenak, berriz, merezi ez dutelako; gizonen batek asmatutako printzipio okerra, zalantza barik, zeren berbak eta keinuak gorabehera, emakumeok gizakion erdia baikara eta, Lagardek esaten duen moduan, nahi dugun gauza bakarra, zernahi den ere, guztiaren erdia da, hala tokatzen zaigulako; sari zein zigorretarako.

Emakume langilearen eguna, beraz, gizon batek jasotzen duen soldata jaso ahal izateko ia laurogei egun gehiago lan egin behar duten emakumeen eguna, baldintza eskasek eta ezegonkortasunak eskuak lotuak dituzten emakumeen eguna. Gaur gizarteari berdintasunaz beteko zaio ahoa, baina bihar irensteko zaila izango du, seguru asko. Halere, esan behar dut ez diedala gizarteak egiten dituen deiei fede handirik. Gero eta sinetsiago nago emakumeok fedea emakumeongan jarri behar dugula, geure indarrean sinestu behar dugula, geuk hartu behar ditugula gureganako erabakiak; hitzetatik eginkizunetara pasatu beharra dugula. Teresa Avilakoak duela 500 urte gaurkotasun osoz zioen bezala: «Emakumea, ideia bat baduzu, egizu! Errazagoa baitzaigu barkamena eskatzea, baimena eskatzea baino».

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

 ©BERRIA

COVID-19aren uste ustelak

Mikel P. Ansa

COVID-19aren pandemia ukatzen duten joera batzuek indarra hartu dute uda honetan. Haiek zabaldutako uste batzuk zeinen okerrak diren azaldu dute Miren Basaras eta Guillermo Quindos mikrobiologoek artikulu sorta honetan. Gaur, koronabirusaren larritasuna.

Santos Indurain Osasun kontseilariaren agerraldia, artxiboko irudi batean. ©Jesus Diges, EFE

Nafarroako egoera «egonkortzen» ari dela esan du gobernuak

Uxue Rey Gorraiz

Azken egunean, 223 positibo atzeman dituzte foru erkidegoan. Kutsatuen kopuruak behera egin du bigarren egunez jarraian.

EHUko ikasle batzuk, artxiboko irudian ©Luis Jauregialtzo / Foku

EHUk espedientea ireki dio irakasle bati, eskolak maskararik gabe ematen zituelakoan

Irati Urdalleta Lete

Farmazia Fakultateko irakasleak positibo eman du PCR proban. Hamabost eguneko epean ebatziko dute espedientea.

PCR probak, Gurutzetako ospitalean. ©Luis Jauregialtzo

Ia ehun kasu gutxiago atzeman dituzte egun bakarrean

Uxue Rey Gorraiz

Azken egunean, 608 kasu detektatu dituzte Hego Euskal Herrian. Positiboek behera egin dute Nafarroan, Bizkaian eta Araban; Gipuzkoan ugaritu egin dira.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna