ARKUPEAN
Besarkada beroa Katalunian
Joan den igande kataluniarrean irudi adierazgarri aunitz izan zen, baina, guztien artean, eraman politiko itzeleko bat ikusi genuen: Artur Masen eta David Fernandezen arteko besarkada. Generalitateko lehendakari eta CDCko burua batetik eta CUPeko eleduna bertzetik. Bideoa ikusteko parada izan ez dutenek erraz aurkituko dute interneten; ikusi dutenek jakin badakite ez zela nolanahiko besarkada izan, intentsitatez eta emozioz beterikoa baizik.
Besarkada horretan bildu ziren bi kultura politiko zeharo ezberdin. Kataluniaren bi eredu sozial antitetiko. Merkatu ekonomia neoliberala eta berdintasunean oinarrituriko jendarte ez-kapitalista. Biak ala biak Kataluniaren erabakitzeko eskubidearen alde lerratuak. Biak ala biak Katalunia Europako Estatu bihurtzeko ahaleginari lotuak.
Bertzalde, igandean adierazpen aski argigarria egin zuen Masek. Espainiako fiskaltzak galdeketaren antolaketan laguntzea delitua ote zen aztertuko zuela erran zuenean, galdeketaren ardura oro berea zela erran zuen. Lehendakaria zela erantzulea. Hortaz, Espainiak desobedientziatzat jotzen bazuen ekimena, bazuela noren bila joan.
Artur Masen jarrera horrek, hein batean bederen, orrialde hauetan duela 15 egun idatzi genuena kolokan jarri dute. Izan ere, orduko hartan erraten genuen bere kultura politikoagatik ez ziola sekula desobedientziari ekinen. Igande honetakoa ez zen izan hasiera batean egin asmo zuten galdeketa. Ofizialtasunik gabeko ekitaldi mobilizatzailea bihurtu zuten, desobedientzia zuzenaren ondorioz Generalitatearen kontrola galtzeko arriskua murriztuz; baina desobedientzia puntua izan du, batez ere, Masen jarrera irmoak aditzera eman zuenagatik.
Espainiako Gobernuak bi argazkiren artean aukeratu zuen: Guardia Zibila hautestontziak kentzen ala jende ilarak hautestontzietara. Biak ziren bere interesen aurkakoak, baina bigarrenaren hautua egin zuen, merkeena izanen delakoan. Lehenengoak nazioarte asaldatuaren eta independentziazaletasunaren bertze gorakadaren ordaina zeukan. Bigarrenak nazioartean min egin dio, baina ez Guardia Zibilarenak eginen ziona bezain bertze.
2.305.000 pertsonak izena eta botoa eman zuten igandean Katalunian. Horietatik %81 independentziaren aldekoak izan ziren. Bertze %10ek autonomia zabalago baten aldeko erantzun gisa uler daitekeen «Estatua bai/Independentzia ez» erran zuen.
The New York Timesek atzoko editorialean zioenez, ekonomikoki Espainiako pastelaren zati handiago baten truke, kataluniar gehienak independentzia baztertzearen aldekoak lirateke. Batek daki nondik ateratzen dituen datu horiek komunikabide iparramerikarrak, baina horrekin batera deialdi zuzena egiten dio Espainiako Gobernuari arazoari irtenbide politikoa eman diezaion. Izan ere, editorialak argi uzten baitu Kataluniaren populazioaren independentzia nahia —gehiengoarena ala gutxiengoarena izanik ere—, arazotzat jotzen duela eta ez konponbide interesgarritzat.
Masen eta Fernandezen arteko besarkadaren garrantziaz jabetzeko, bertzalde, haien inguruan zeudenen txaloen intentsitateari eta aurpegien emozioari begiratu behar zaie. Irudi emozionantea izan zen, zalantzarik gabe. Politikoki emozionantea. Batzuek pornografia politikotzat jotzeko moduko besarkada beroa.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.