Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Kirola Amaiera krudela

Publizitatea

Kirola

Amaiera krudela

Usain Boltek min hartu du 4x100 metroko txandakako azken zuzengunean, eta erretiratu egin da. Londresen agerian geratu da bere gainbehera, baina etorkizunean inor gutxi gogoratuko da horrekin, bere balentriekin baizik
Usain Bolt, agur esaten, atzo, Londresko Olinpiar estadioan, txandakakoan lehiatu ondoren.
Argazkia: FRANCK ROBICHON / EFE

2017-08-13 / Julen Etxeberria

Handienek handi izan nahi dute uzterakoan ere. Goi-goian egonda esan nahi izaten dute agur. Halaxe egin nahi zuen ere Usain Boltek. Inoizko atleta onenak koska gorenetik jaitsi gabe hartu nahi zuen erretiroa. Dena zegoen prest Londresko Munduko Txapelketa jamaikarraren hamaikagarren erakustaldiaren lekuko izan zedin. Baina Bolt jada ez da Bolt, ez behintzat, batean bai eta bestean ere bai arerioak lotsagarri utzi eta kronometroa dardarka jartzen zuen Bolt. Atleta itzela da, baina eman du eman beharrekoa.

Londresen oso agerikoa izan da Bolten gainbehera. Ez du irabazi ez 100 metrokoan, ez txandakakoan. Aurrenekoan, brontzearekin konformatu behar izan zuen, eta atzo, txandakakoan ez zuen amaitu. Min hartu zuen azken zuzengunean, eta erretiratu egin zen. Erresuma Batuak irabazi zuen, ezustean, AEBen aurretik.

Amaiera krudela izan du Boltek. Zilarrezko domina bat bakarrik eskuratu du azken txapelketan. Bakarrik, bai, Olinpiar Jokoetan eta Munduko Txapelketan urrezko hemeretzi domina zintzilikatu dituen batentzat sari benetan eskasa baita hori. Inoiz ez zuen horren uzta apala bildu.

Baina ez litzateke justua izango Bolt Londresen egindakoagatik bakarrik epaitzea. Etorkizunean inor gutxi gogoratuko da azken txapelketan erakutsitako ezinarekin. Haren ibilbidean egindako makina bat balentriengatik gogoratuko da jendea harekin. Historia egin baitu, eta legenda bilakatu. Gozamen hutsa izan da hura lehiatzen ikustea. Haren agurrarekin atletismoak asko galduko du. Ikusteko dago zenbat beharko den hutsune hori estaltzeko. Kostatuko da, sakona baita utziko duen arrastoa. 9,58 eta 19,19; zazpi zenbaki horiek betirako egongo dira atletismoaren liburuetan letra larriz idatzita. Ez harritu betierekoak bilakatzea.

Farahren erronka, ustela

Agurren eguna izan zen atzokoa, Mo Farah ere azken aldiz lehiatu baitzen pistan, hemendik aurrera maratoian ariko baita. Amestutako agurra nahi zuen etxeko atletak, 10.000 metrokoan egin bezala, 5.000 metrokoan ere urrezko domina irabazita. Azken lau txapelketa handietan eginda zuen balentria hori. Atzo, ordea, Muktar Edris etiopiarrak zapuztu egin zuen haren agurra. 23 urteko atleta gazteak ezustea eman zuen, eta mutu utzi Londresko olinpiar estadioa. Farahek zilarrarekin konformatu behar izan zuen.

Tori Bowie eta Allyson Felix estatubatuarrak izan ziren eguneko beste izarrak. AEBetako laukoteak irabazi egin zuen txandakakoa, eta horri esker, Bowiek bigarren urrea du, 100 metrokoan nagusitu ostean. Felixek, berriz, urrea gehitu dio 400 metrokoen brontzeari. Hamabost domina ditu jada Munduko Txapelketan, Boltek adina. Gaur hamaseigarrena lor dezake, 4x400 metrokoa irabaziz gero. Helburua betez gero, bakarrik geratuko litzateke domina gehien dituztenen artean. Haren herrikide Phyllis Francisek, berriz, bigarren urrea lor dezake, 400 metrokoa irabazi ondoren.

Bowie, Felix eta Francisez gain, Almaz Ayana eta Caster Semenya ere nabarmenduko dira gaur, agurrean. Etiopiarrak 5.000 metroko urrea gehitu nahi dio 10.000koari, eta hegoafrikarrak 800 metroko urrea 1.500eko brontzeari.

Publizitatea

Sortu kontua
Julen Etxeberria Julen Etxeberria

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak