Noiz sortua: 2015-10-16 00:30:00

Soiltasunaren ifrentzua

Eguneroko arruntean oinarritutako 33 mikroipuinez osatu du 'Baionak ez daki' aurreneko liburua Bea Salaberrik
ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS

Mikel Lizarralde -

2015eko urriak 16

Pertsona bat lanerako bidean, beste bat gurasoei bisita egiten, haurrekin jolasean hau, kantuan hura, lagunak agurtzen bata, ezezagunei begira bestea... Eguneroko gertaera eta pasadizo arruntak, edozeini jazo ahal zaizkionak, bildu ditu Bea Salaberrik (Donamartiri, 1979) Baionak ez daki estreinako ipuin liburuan (Susa). «Gertaera hutsak, soilak, biziki arinak, korapilorik ez dutenak» dira ipuinotan kontatu dituenak, baina badute, irakurketa sakonago batean, beste alde bat ere, «ifrentzuan dagoena». «Ze bizipen diren, nola eragiten duten irakurlearengan. Nola kokatzen gaituen...».

33 ipuin dira guztira, oso laburrak denak. Badira orrialde pasatxoko luzera dutenak, eta luzeenek ez dituzte bost orrialdeak gainditzen. Narrazio hutsean baino gehiago, detaileetan jarri du begia egileak, ideiaren soiltasunean: «Irakurleari esentzia bat transmititzea biziki maite dut. Eroso sentitzen naiz hor. Ideia bat hartu, biluzi eta haren esentzia eman». Horretarako, hasierako asmoari «ezer ematen ez diona» kentzea izan da ipuinak idazteko erabili duen ariketa bat. «Poesiarekin lotzen dira, ez baitira garatuak. Mikroipuinak dira finean».

Euskaraz genero horretako ipuinak ez ditu irakurri, baina frantsesez nahiz gaztelaniaz, ordea, bai: Anna Gavalda, Phillippe Delerm, Sandra Cisneros... «Antzeko kontakizunak dira, poesiatik hurbil diren gauzak». Eta atzera begiratuta Charles Baudelaireren Le Spleen de Paris —edota Petits Poèmes en prose— (1869) ekarri du gogora generoaren hastapenak gogoratzerakoan. «Ez da ez poesia ez narrazioa».

Indibiduoa taldearen gain

Lehenengo pertsona erabili du idazleak 33 ipuinotan, eta hori izan liteke kontakizunak batzen dituen elementuetako bat. Ni hori, ordea, ez dago identifikatua liburuan: «Ni plurala da; ez autozentratua». Hain zuzen ere, narratzailea emakumea dela jakingo du irakurleak ipuinen batean; langilea dela beste batean... baina ez askoz gehiago. «Indibidualtasun handi bat dute pertsonaiek, eta, alde horretatik, azkenaldian hainbestetan aipatzen den Gu horretatik deslotzen dira. Onartu dituzte pentsatzen eta esaten dituztenak».

Hasiera batean ipuin soil eta solte gisa pentsatu bazituen ere, gerora, pertsonaien bizipenetan sakonduta,«mikro horri begiratuta», bestelako gai batzuk agertu zaizkio egileari. «Baionesaren kezkak izan daitezke». Baiones hori nolabait definitu ere egin du Salaberrik: «35 urte ditu, euskalduna da, kezka batzuk ditu, eta baita gogoeta batzuk ere. Eta gizarteko jokamolde batzuen nolabaiteko kritika ere egiten du».

«Hasierako asmoa» ez bazen ere, ipuinek malenkonia puntu bat dutela uste du idazleak, «malenkonia alai bat». «Dei egiten diete oroitzapenei, iraganari, emozio bat transmititzeko». Ez dute, ordea, iragan jakin baten erretraturik egiterik, ez eta iragan bat idealizatzen ere. «Begirada gazi-gozoa» dute, Salaberriren irudiz.

Lehen liburua du Baionak ez daki Bea Salaberrik, baina aurretik idatzi izan du hala Iparraldeko Hitza-n nola Han eta hemen blogean. Gorka Arrese Susa argitaletxeko arduradunak aitortu du ez zuela ezagutzen Salaberri, baina hark ipuin batzuk igorri zizkionean «liluratuta» gelditu zela, «idazkeraren ederragatik eta ohikoa ez den modu batez begiratzen dielako gauzei». Hasieran igorritako ipuin haiei beste batzuk gehitu dizkie idazleak, eta «lan biribila» egin.

Normalean, ipuin hitzaren atzean «gauza bitxiak, nabarmenak, trama konplexuak» ezkutatzen dira, Arreseren iritziz, «asmatutako fikzioak». Salaberrirenetan, berriz, ez. «Gutako norbaiten bizimoduaren parteak izan zitezkeen. Gorazarre egiten diote ipuinok egunoroko arruntari». Ezdeustasun horren atzean, baina, «mundu intimo eta sakon bat» ikusten du Arresek, eta baita «bizitzan portatzeko, jendartean ibiltzeko eta besteenganako begiratu bat azaltzeko ideologia karga handi bat».

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Ekainaren 6an eguneratua. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan zazpi lagun hil dira COVID-19 gaitzaren eraginez. Hamalau positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta gaixo bat ospitaleratu dute. Euskal Herrian 29.723 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.089 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Haur bat, konfinamenduan, etxean jolasten. / ©Iñigo Uriz, Foku

Astelehenetik ireki ahal izango dituzte haur eskolak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Irati Urdalleta Lete

Hiru herrialde horietako herritarrek hiruretan mugitzeko aukera izango dute. Ostalaritzan ez da gehienezko edukierarik egongo, eta barran zerbitzatzeko aukera ere izango dute. Diskotekek eta gaueko tabernek itxita jarraitu beharko dute. Hogei pertsona arte elkartu ahal izango da, bai etxean eta bai kalean.

Atzo Villabonan egin zuten bertso saiora sartzeko segurtasun neurriak. / ©Gorka Rubio, Foku

Alarma egoera amaitu ondoren ere maskarak erabiltzea beharrezkoa izango da Hego Euskal Herrian

Jon Ordoñez Garmendia

Ehun euro arteko isunak aurreikusten ditu Espainiako Gobernuak prestatu duen dekretuak, maskara erabiltzen ez dutenentzat. Urgentziazko kasuetan Osasun Ministerioak eskuduntzak bereganatzeko aukera izango du berriro.

Herritar batzuk Debako (Gipuzkoa) parke batean, elkarren arteko distanziak zainduz. ©GORKA RUBIO / FOKU

Araba, Bizkai eta Gipuzkoa artean ibili ahalko da astelehenetik aurrera

Jakes Goikoetxea

Espainiako Gobernuak jakinarazi du Hego Euskal Herria hirugarren fasera pasatzea onartu duela. Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak izurritearen kudeaketaren kontrol osoa berreskuratuko dute

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna