Albistea entzun

Sinfonia kooperatiboari nota kritikoa

Joseba Azkarraga Etxagibel - EHUko soziologia irakaslea

2018ko abenduak 23

Duela 20 urte inguru hasi nintzen Arrasateko kooperatibetan, bertako unibertsitatean, esperientzia kooperatiboa ikertzeko helburuz. Urteetan bilera kontaezinak lankidetzaz, lankidetzan. Gogoangarria suertatu zen lehenbiziko bileretako bat, Eroskiko buru batekin. Makina bat elefante sartuko zen fintasun handiagoarekin Elorrioko bulegoetan. Gaztetasunaren atrebentziarekin edo, plausta jarri genion mahai gainean «tokiko eta ekologiko» jokatzeko premia historikoa. Besteak beste. Mahaiaren bestaldekoa gero eta muturtuago. Ez nuke esango gurea purrustada sofistikatua izan zenik, ez zen izan aurrez prestaturiko segada gerrillaria. Eraikitzeko gogotik, natural aireratu genituen paradigma berri baten doinuak. Nota desafinatuak, bestaldeko belarri koitaduentzat.

Gure disonantzia lotsagabea ez zen inora helduko, noski. Gutxienez hamarkada bat igaro behar «tokiko eta ekologiko» kontsideratzen hasteko doinu afinatu, gizartean nola Eroskin. Bitartean, urterik erabakigarrienak joan ziren banaketa kooperatibarentzat: hautu espantsiboa, krisiak eztanda, zorretan itota. Gaur, neurtu guran dabil Fagor Etxetresnen itzalaren luzea, erregutuz ilunak irents ez dezan.

Arrasateko kooperatibak barrutik ikusita, handiagoak dira onak, argiak, aukerak. Baita txarrak, itzalak eta ezinak ere. Ongi etorri sinfonia kooperatibo mardulari. Su kooperatiboak tarteka erregaia behar du taldetasuna, kohesioa, komunitate sentipena bizkortzeko. Sarasuaren letrak merezi du irakurketa pausatua, lortu baitu kondentsatzea esperientziaren mamia.

Halere, sinfonia aurkeztu zen egun bertsuetan izan zen Mondragon Taldearen kongresua, zera erabakitzeko: aurrerantzean, besteen laguntza jaso ahal izateko, kooperatiba bakoitzak baliabide propioak indartu beharko ditu (errentagarritasuna, oreka finantzarioa eta zorrak ordaintzeko ahala). Zentzuzkoa da gutxiago poltsikoratzea eta erreserbak handitzea. Baina, Fagor Etxetresnen krisiaren ostean gaude, ez datoz garai errazak, eta baldintzapekoago bihurtu da elkartasuna. Gogoratu nuen fundatzaileetako batek aspaldi esan ziguna: taldea uste baino hauskorragoa da, batez ere Laboralak utzi behar izan zionetik itsasgarri funtzioari. «Zerk oztopa dezake taldetik alde egitea?», galdetzen zuen kola faltaz kezkaturik. Gogoetatik gutxira AMPOk eta Irizarrek alde egin zuten, dagoeneko sumatu zitekeenean 2008ko krisiaren handitasuna.

Errezeloa, beraz: sinfoniak ote dio «izan gaitezen talde» eta kongresuak «bai baina»? Elkarrekikotasuna baldintzatuago, harreman materialen ikuspegitik zoru nolabait lakarragoan, joskurak apurtzen direnerako hari gutxiago iragartzeaz batera, kooperatibak ote dabiltzan beroa sentitu eta kohesioa sortu guran eremu sinbolikoan, ukiezinen esparru etereoago eta estetikoagoan. Sozialdemokrazia hamarkadetan dabil halaxe: plano materialean neoliberalismoaren morroi bihurtu eta ezker proiektua legitimatu nahian plano sinboliko-kulturalean, eremu identitarioan, altxatuz matxismoaren, homofobiaren edo arrazakeriaren aurkako banderak. Nancy Fraserrek «neoliberalismo progresista»kontzeptuarekin jarri du ipurdi-bistan. Hots, kooperatibek behar dute mimoz zaindu eremu sinboliko-identitarioa, baina ez proiektuaren materialtasuna ahultzearen lagungarri.

Zein den proiektua mende honetarako, hortxe kontua. Egitura kapitalistekiko disonantea izan zen bere hastapenetan, planteatuz nork bere patroi behar zuela. Herritarrak jabe eta erabakitzaile. Funtsean, birbanaketa izan zen partituraren muina (zentzu handikoa, gabezia materialak eta desberdintasunek jotako gizartean). Disonantziak ez zuen aurrerago egin. Ez zen auzitan jarri aberastasuna etengabe handitzeko mantra modernoa. Barneratu zen giza premiak mugagabe biderkatzeko agindu sistemikoa. Teknologia fede bihurtu zen. Tarteka, gertuegi jarri da ohiko korporazio globalen mozkin arin eta handienaren logika letaletik... Alega daiteke nekez joka daitekeela sistemaren barruan sistemaren logikatik aparte. Ez da auzi erraza.

Sakonagotik begiratuta, Arrasateko kooperatibak kokatu ziren kapitalismoak bi mende lehenago inauguratutako produktibismoaren baitan, eta hortxe jarraitzen dute (gizarteak, oro har). Ez zen auzitan jarri industrialismoak eragindako haustura metabolikoa. Hau da, formula demokratikoagoekin bada ere, kooperatibekin berdin hautsiko da gizakia gizaki denetik praktikaturiko ekonomia zirkularra, prozesu ekonomikoa oinarrituz baliabide ez berriztagarrietan (erregai fosilak, tartean) eta irentsi ezinak diren hondakinen isurketan. Gehienez ere, goi-klasekoen handikeriaren aurrean, Arrasateko lehen belaunaldi bikain hark duintasunez aldarrikatu zuen lana, soiltasuna, aurreztea, sakrifizioa, autodiziplina eta kolektiboa, eta (auto)koakzio aszetiko horrek erraztu zuen kapitalaren formazioa eta garapen ekonomikoa. Xahutu ordez, berriro inbertituz.

Kooperatibagintza fosilista dei genezake. Arrasateko esperientzia berdin izan da azken 200 urte (fosilista) errepikaezinon emaitza, eta, ondorioz, etorkizunean berdin da bideraezina gaurko fisionomiarekin. Dagoeneko hasia baita material eta energia eskasiaren aroa, hemen daukagu, eta ondorioak nabarmentzen joango dira datozen urte eta hamarkadetan. Energia gutxiagoko mundua «tokikoagoa eta ekologikoagoa» izango da, orain halabeharrez. Alegia, berriztagarrietara jo beharko duena eta, ondorioz, ezingo diena eutsi egungo konplexutasunari eta globalizazio eredu zein mailari.

Munduak muzin egin zion Walter Benjaminen gomendioari, ez dira emergentzia frenoak zapaldu historiaren trena geldiarazteko, eta akorde produktibistek allegro garamatzate krisi askotarikoaren areagotzera. Hazkundearen oinarri biofisikoak ahitze bidean, gehiagora joango da sistema humanoen desegonkortzea, Jaka Horiz jantzita, migrazio masiboekin, pobretzearekin, jendea eskuinera muturtzeko tentazioekin, arma hotsekin. Arrasateko kooperatibak, hain intentsiboak izanik material eta energia kontsumoan, bete-betean daude mende honetako kolisio itzelaren gidoiaren menpe (euskal gizartea, oro har). Velázquez-en sinfonia entzuten ari naizela, bereziki etorkizunari loturiko pieza, ezin burutik kendu badariola halako itxaropen aingerutar, baikortasun akritiko edo espiritu modernista irabazle bat, gordinki urrutiko zaidana bizi dugun norabidearen eta desafioen larritasunetik.

Jakinik bizirik irautea dagoeneko balentria dela merkatu globalean, zilegi bekit gomendioa: kooperatibetan biderka dadila disonantziarako gogoa eta epe ertain-luzeko analisi estrategikoa. Eta abia dadila aro berrirako emergentzia plana (euskal gizartean, oro har). Kooperatibisten agenda okupatuetan, inportanteak aurrea har diezaiola urgenteari.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.