Albistea entzun

Treva Lindsey. Genero ikasketetako irakasle eta ikerlaria

«Nire ahotsa entzun dezaket orain»

Emakume, genero eta sexualitate ikasketetako irakaslea da Ohio State unibertsitatean (AEB), eta hip hoparen inguruko genero azterketak egin ditu.
ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS

Idoia Davila Uzkudun -

2016ko uztailak 14 - Donostia

Generoaren gaiari heldu dio hirugarren egunean Kantu Inprobisatuaren Nazioarteko Topaketak. Feminismoari eta bat-batekotasunari buruz aritu ziren atzo hizlariak, eta hip hop mugimenduan zentratu zen Treva Lindsey ikerlaria. Hitzaldian, hip hop feministaren historia azaldu zuen, eta azpimarratu haren existentziaren arrazoiak eta garrantzia.

Zer biltzen du hip hop terminoak?

Terminoaren sorrera ez da oso argia. New Yorkeko Bronx auzoan 1970eko hamarkadan hasitako musika kultura da. Hurrengo hamarkadan ezarri zen grafiti eta DJekin, eta horri deitu zitzaion hip hop.

Nola inprobisatzen da genero horretan?

Lehenik, MCa daukagu, eta horrek hitza erabiltzen du inprobisatzeko; rap inprobisazioetan burura datorkiona esaten du, momentuan bertan. Breakdance-an gorputzarekin inprobisatzen da; mugimenduen bitartez jarraitzen zaio musikari, eta ez dakizu DJak zer joko duen, bat-batekoa da. DJak, bestalde, soinu desberdinak eratzen ditu publikoa nola sentitzen den kontuan hartuta. Grafiti artistek ere bat-batean sortzen dituzte obrak, imajinatzen dituzten bitartean margotzen dituzte.

Estudioetan lan egiten duten artistek ere badakite inprobisatzen?

Bai! Gehienek badakite. Hip hop-ean onarpena izateko garrantzitsua da inprobisatzen jakitea, momentuan zer sor dezakezun ikustea.

Arma politiko gisa erabiltzen da inprobisazioa?

Gaur egun, jendea politikarekin erlazionatutako arazoei buruz hitz egiteko ari da erabiltzen inprobisazioa. Metodo hori erabiltzen dute bidegabekeriei buruz hitz egiteko eta mezua zabaltzeko.

Eginkizun garrantzitsua izan du Black Lives Matter mugimenduan?

Eragin handia izan du; ez dut gogoratzen mitinik non ez den egon inolako inprobisazio saiorik. Bat-batean kantuan hasi izan dira, eta, ondoren, sare sozialetara zabaldu izan da protesta.

Zeri egin nahi dio aurre hip hop feministak?

Gauzak aldatu nahi dira bai hip hop barruan eta bai kanpoan; emakumeak herri kulturan nola ikusten diren aldatu nahi da, euren ahotsak entzunarazi nahi dira. Oro har, ikusgaitasun handiagoa lortu nahi da emakumeentzat.

Garrantzitsua da errepresentazio hori zuriak ez diren emakumeentzat?

Erabat garrantzitsua da sormen handia duten emakumeak ikusezinak izan ez daitezen, iritzi berriak entzun eta sortu ahal izateko.

Zalantzan jarri du feminismoak hip hop tradizionala?

Ez da asko aldatu, baina gauzak gehitu dizkio. Emakumeak gizonak bezala mintzo ahal dira, edo beraiek nahi duten bezala. Orain, beraz, mugimenduko emakumeak ez dira emakume gisa ikusten, baizik eta pertsona gisa, eurak diren modukoak, generoa kontuan izan gabe. Horrek aurrera egiten jarraituko du.

Zer gehitu diote emakumeek generoari?

Orain irudikatuago sentitzen naiz, nire ahotsa gehiago entzun dezaket.

Internetek ere aldatu du zerbait?

Noski, gaur egun artista asko aurki daitezke Interneten; ez duzu derrigor entzun behar telebistan edo irratian dagoena, sare sozialak erabil ditzakezu. Bereziki emakumeek hartu dute presentzia sarean, eta, gainera, orain ordenagailutik sor daiteke musika, eta artistek ez dute estudio baten beharra.

Uste duzu rapa oraindik sexista dela?

Bai, jakina! Diru asko mugitzen da rapean, baina geroz eta gizon, emakume, transgenero eta transexual gehiago ari dira azaltzen sexismoaren kontra. Baina mugimendu hori ez da soilik rapean gertatu; musikaren munduan, orokorrean, sexismo handia aurkitu daiteke, eta hip hopa ez da desberdina.

Zein dira gustatzen zaizkizun artista feminista batzuk?

Rapsody artista bikaina da. Janelle Monae oso gustuko dut rapa egiten duenean, eta Nicki Minaj ere artista ona iruditzen zait, nahiko eztabaidagarria den arren. Missy Elliott, Jean Grae... Artista asko aipa ditzaket, oso artista onak daude mundu guztian zehar.

Bertsolaritza feminista dela iruditzen zaizu?

Potentziala badu hori lortzeko. Emakume asko daude dagoeneko parte hartzen eta bertako ohiturak apurtzen. Ia edozein musikak dauka feminista izateko potentziala. Emakumeen ahots asko entzun ditut topaketa honetan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Aristides Hernandez 'Ares' eta Joseba Sarrionandia, gaur, Donostian, 'Munduari bira eman zion ontzia' liburua eskuan dutela. ©Maialen Andres / Foku

Joseba Sarrionandiak 'Munduari bira eman zion ontzia' liburua kaleratu du

Andoni Imaz

Idazlearen nahia da gazteek Euskal Herriko historiari buruzko gogoetak irakurtzea, euskaraz, Elkanoren mundu bira abiapuntu hartuta. Ares marrazkilari kubatarrak sortu ditu liburuko irudiak, eta Pamielak atera du.

<b>Errobiko festibaleko zuzendari artistikoa, Julen Axiari, eta, laguntzaile arduraduna, Xavier Desmartis atzo.</b> ©BOB EDME

Hutsetik berrabiatzeko boza

Ainize Madariaga

Errobiko festibalak kantua izango du protagonista aurten. Uztailaren 21etik 24ra eginen dute

Aukeran dantza konpainia, zirkuituan parte hartuko duenetako bat. ©Aukeran

Kaleko arteen zirkuitua egingo dute Bilbon datorren astetik aurrera

Erredakzioa

Eszena Kalera zirkuituak zirkua, clowna, dantza, magia, musika eta kale antzerkia bilduko ditu. Irailera bitartean, 63 ekitaldi egingo dituzte

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...