Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Gizartea SENDABIDE BILA KALENTURARENTZAT

Publizitatea

Gizartea

Klima aldaketa. COP21, Parisko goi bilera

SENDABIDE BILA KALENTURARENTZAT

Mundua Parisera begira dago gaurtik. Klima aldaketaren gaineko COP21 goi bilera hasiko da han, eta zientzialariek ezarritako bi graduko berotze orokorraren marra gorria ez gainditzeko zer egingo duten azaldu beharko dute estatuek. Kyotoko Protokoloa ordezkatzeko azken aukera izango da.
Infografia: BERRIA

2015-11-29 / Iñaki Petxarroman

Datuak daudenetik urterik beroena izango da aurten, orain arteko joerari eusten bazaio. Planetaren tenperatura gradu bat igo da 1885etik, eta klima aldaketa inor gutxik jartzen du zalantzan dagoeneko. Ez eta klima aldaketa hori gizakiek eragiten dutela ere.

Kyotoko Protokoloak erreferentziatzat jo zuen 1990. urtetik 2010era hiru hamarkada igaro dira, eta berotegi efektuko gasen isurketa %80 igo da denbora tarte horretan. Ondorioz, egoera larria da. Izan ere, egungo joerari eutsiz gero, munduaren tenperatura lau gradu artean berotuko litzateke mende amaierarako, eta horrek eragin ditzakeen ondorioak, aurreikusezinak ez ezik, oso larriak ere izan daitezkeela iragarri dute zientzialariek. Alde horretatik, NBEko klima aldaketarako gobernu arteko aditu taldeak (IPCC) eskatu die munduko agintariei dagozkien neurriak hartzeko munduko tenperatura bi gradu baino gehiago igo ez dadin. Bi graduko berotze batek ere ez ditu zientzialari guztiak asetzen, haietako askorentzat ez baita nahikoa, baina, edozein kasutan, ehunka zientzialarik adostutako kopurua da, betiere kontuan edukita gaur-gaurkoz kasik ezinezkoa izango litzatekeela bi gradu baino gutxiagoko berotze global bat eskatzea.

Herrialdeen konpromisoak

Munduko herrialde gehienek aurkeztu dizkiete COP21eko antolatzaileei zer konpromiso hartzeko asmoa daukaten arazoari aurre egiteko. Berotegi efektuko gas isurketek oraingo erritmoan jarraituz gero, 2030ean 60 milioi tona (60 gigatona) CO2 baliokide isuriko lirateke munduan, eta lau gradu inguru berotuko litzateke planetaren tenperatura 2100erako. Bileraren aurretik hartutako konpromisoak betez gero, sei gigatona gutxiago isuriko lituzkete herrialdeek 2030erako, baina bi graduko berotze global bat bermatzeko oraindik ere 12 gigatona gutxiago isuri beharko lituzkete, alegia 42 gigatona. Gaur egun, 50 gigatonaren bueltan ari dira isurtzen herrialdeak. Beraz, oraingoz hartutako konpromisoekin, hiru gradu berotuko litzateke planetaren tenperatura 2100 urterako.

Aurten Nature aldizkariak argitaratutako ikerketa baten arabera, bi graduko berotze globala bermatzeko munduko erregai fosilen erreserba asko eta asko dauden tokian utzi beharko lirateke. Hala, petrolio erreserben heren bat, gasaren erdia eta ikatzaren %80a ezin direla ustiatu ohartarazi du ikerketa horrek.

Bete beharreko ituna, zail

Parisen oso zaila izango da, ezinezkoa ez esateagatik, bete beharreko itun bat lortzea. Izan ere, akordio horrek herrialde guztien aldeko botoa beharko luke —195 estatu eta Europa—, eta hor traba nagusi bat dago: AEBen jarrera. Izan ere, AEBetako Konstituzioaren arabera, nazioarteko itunak babestu ahal izateko, Senatuaren bi herenen babesa behar da. Berriki egindako bozketa batean, Senatuak ezetsi egin ditu Barak Obama presidentearen asmoak herrialdeko enpresa elektrikoen isurketak murrizteko.

Aldi berean, petrolio ustiatzaile handiak diren herrialde batzuk ere ez dira bete beharreko ituna sinatzearen aldekoak —Saudi Arabia, Iran, Venezuela...— eta hazkunde aukera handia duten Txina eta Indiak ere ez dute horretarako urratsik egingo AEBek ez badituzte egiten.

95.000 milioi euro

Klima aldaketari buruzko goi bilera guztietan bezala, negoziazioetan adosteko punturik zailenetako bat izango da ea nork jarriko duen dirua baliabide gutxien dituzten eta klima aldaketaren astinduak gogorren pairatzen ari diren herrialdeak egokituz joan daitezkeen datorren egoera berrira. Kopenhageko 2009ko goi bileran onartu zen 95.000 milioi euro jarri behar zituztela herrialde aberastuek, baina oraingoz inor gutxik hartu nahi du bere gain faktura hori. Orain arte 4.000 milio bakarrik daude bermatuta, eta beste 30.000 bat milioi promestuta. Aste honetan, Japoniak iragarri du 10.000 milioi emango dituela. Baina hori adosten ez den artean zaila da herrialde pobretuek ezer ituntzea.

Atentatuek baldintzatuta

COP21 hau berriki Parisen Estatu Islamikoak egindako atentatuek eragindako egoerak baldintzatuko du. Hala, goi bilerari lotuta antolatuta zeuden bi manifestazio handiak —gaurkoa eta abenduaren 12koa— debekatu egin ditu Frantziako Gobernuak. Aldi berean, segurtasun plan handi bat ezarri du goi bileraren harian: 120.000 polizia, jendarme eta militarrek zainduko dute Paris, eta, bereziki, Frantziako hiriburura azaltzeko asmoa duten 143 estatuburu eta gobernuburu. Haietako gehienak, goi bileraren azken txanpan helduko dira, negoziazioen bukaerara.

Bilera ofizialaz gain, Klima 21 koalizioaren programa ere martxan egongo da Parisen. 130 sindikatu, elkarte eta gobernuz kanpoko erakundek osatzen dute koalizioa.

Publizitatea

Sortu kontua

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak