Pastor
DARWIN ETA GU

Ametsak

2017ko apirilaren 29a
00:00
Entzun

Wilko Johnson artista ingelesa emazteari buruzko oso amets biziak izaten hasi zen hura minbiziz hil eta gero, duela hamabi urte. Ametsak bitxiak zirela adierazi dio Die Zeit astekari alemaniarrari Dr. Feelgood rock taldeko gitarra-jotzaile eta konpositoreak —Game of thrones seriean ere agertu da—. Izan ere, ametsetan argi zuen emaztea ez zegoela bizirik, irudi horiek ilusioa baino ez zirela: «Orduan emaztea ametsetan ikusten nuen, eta banekien hura ez zegoela gehiago hor, benetan, errealitatean. Eta horrela are gehiago gozatzen nuen ametsaz». Musikariaren ustez, errealitatea ostentzen ez duten ametsak dira gozagarrienak: «Amets onenak hauek dira: ametsetan ari zarela konturatzen zarenak».

Emaztearekin ametsetan hasi eta zortzi urtera gaixotu zen Johnson. Minbizia diagnostikatu zioten. Bizirik irauteko aukerarik ez zegoela jakinarazi zioten. Hala ere, kale egin zuten pronostiko guztiek, eta bizirik irten zen. Aktoreak ez du zehaztu zeren ondorioz, zeri esker eman zion buelta etorkizun hurbileko patuari. Johnson bizirik dago, eta emaztea bizirik du ametsetan. Ametsaren bidea ez baita arrazoiaren legea.

Nork bere bidea du, bikotean edo bakarka. Aste honetan hedatu da Ingalaterrako senar-emazteen heriotzaren kasua. Frank eta Joyce Dodd elkarren ondoan hil dira, egun berean, Kent eskualdeko Dartford herriko ospitale batean. Emazteak 97 urte zituen; senarrak, 96. The Daily Telegraph egunkariaren arabera, gizonak bihotzeko arazoak zituen, eta ospitalera eraman zuten artatzeko. Senarra egunero bisitatzen hasi zen Joyce Dodd, harik eta hura ere gaixotu zen arte. Alaba batek hedabideari adierazi dionez, gurasoak ospitaleko solairu desberdinetan zeuden. Hilurren zeudela ohartuta, biak gela berean elkartzeko proposatu zieten erietxeko arduradunek senideei. Horrela elkarri eskutik heltzeko aukera izango zuten biek azkeneko aldiz. Eta halaxe egin zuten. Bikotea apirilaren 8an hil zen.

Frank eta Joyce Dodd senar-emazteek nerabeak zirela ezagutu zuten elkar, eta 19 urte zituztela ezkondu. Bost seme-alaba izan zituzten, hamabi biloba, hamar birbiloba eta bi hereniloba. Bikoteak 77 urte pasatu zituen elkarrekin. Hamaika egun gozo izango ziren tartean, baita une mingotsik ere. Oroz gainetik maitasuna gailendu zela azaldu du alabak, aita eta ama guztiz diferenteak —«like chalk and cheese»— baziren ere. Dodd senar-emazteek elkarrekin esan zioten agur bizitzari. Mendearen hiru laurden baino gehiago egon ziren batera. Erraz esaten da.

Bartzelonako herri bateko lagun baten aitona-amonak egun berean hil ziren, baina denborak bereizita. Gozoa zen Josefa. Sufritua, atsegina. Senarra ere gisakoa oso, eta gaixo txar samarra, zenbait gizonen antzera. Jose gaixotu egin zen eta hor izan zuen Pepeta ondoan, gau eta egun, lagun. Harik eta hura ere eritu zen arte. Gernu infekzioa izan, eta berehala zendu zen andrea. 70 urte eman zituzten elkarrekin. «Geure denboran gehiegi aguantatzen genuen. Orain, gutxiegi», esan zidan Pepeta-k bisitan joan nintzaien batean, biloba dibortziatu berriaren egoerari buruz hizketan. «Què hi farem!», bukatu zuen, irribarrea ilundu gabe.

Emaztea hil ondoren kontu bakarra zerabilen Josek buruan. Harekin kutxa berean lurperatzea. Hori egin ahal izateko legez behar den gutxieneko denboran eutsi behar zion bereari, baina: emaztea hil eta bost urte eta egun bat pasatuta elkartu ahal zituzten, lehenago ez. Asmo hori izan zuen bizirik segitzeko hauspoa. Zenbat aldiz ez zuen egun horrekin ametsik egingo. Andrearen heriotzatik bost urte bete ziren goizean ez zen esnatu. Ametsa bete zuen. Haren bihotzak ez zuen egun bat bera gehiago pasatu nahi izan bihotzaren ondora joateko.

Txikitan, Bartzelonako herri hartako lagunaren aitona-amonen etxeko patioan jolasten ginen, udako arratsalde luzeetan. Tarteka, Pepeta guregana hurbiltzen zen eta txokolatea ematen zigun, eguzkiak gure umetako amets gardenak laztantzen zituen bitartean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.