Transexualitatea. Haur eta nerabeak

DISFORIATIK EUFORIARA

Alaik zakila dauka, baina neska dela aldarrikatzen du. Alai bezala transexualitate egoeran dauden haur guztiak askatasunez bizi daitezen du helburu Chrysallis Euskal Herria elkarteak. Sendiek pubertaroan dute kezka nagusia: gorputz aldaketek egonezina eragitea saihestu nahi dute.
BERRIA

Maite Asensio Lozano -

2015eko ekainak 28
Badaude zakila duten neskak eta bulba duten mutilak. Baieztapen hori ezinbestekoa da, Aingeru Mayorren ustez, «duela gutxira arte pentsaezina zena pentsagarri bihurtzeko». Haurrentzat zein gurasoentzat. «Umeei beren identitatearekin konektatzeko aukera ematen die. Beren burua adierazteko modurik ez edukitzea oso gogorra baita». Martxoan jaiotako Chrysallis Euskal Herria elkarteko presidentea da; transexualitate egoeran dauden haur eta nerabeen gurasoak biltzen ditu taldeak. Hala du Mayorrek Alai alaba: zakila daukan neska bat da. 8 urte bete ditu ekainean, eta orain urtebete egin zuten trantsitoa. «Ingurukoei berretsi genien bazekitena: Alai neska bat dela. Eta ikusi duenetik mundu guztiak argi duela, askoz lasaiago bizi da».

2 urterekin hasi zen Alai eskatzen femeninoan trata zezaten: guapo ordez, guapa esan ziezaioten. «Hasieran pentsatu genuen erreferente guztiak emakumezkoak izatearen ondorio zela: ama, ahizpa, izeba, lehengusinak... Eta ni ere ez naiz oso maskulinoa. Ez genion trabarik jarri ahizpa zaharraren arropak janzteko». Aurki galdegin zuen soinekoekin kalera ateratzea; orduan hasi ziren gurasoak presioa nabaritzen: «Niri ez hainbeste, baina emazteari denetik esaten zioten. Negu batez, erabaki zuen gonarik edo soinekorik ezingo zela erabili, ez berak, ez alabek; jendearen epaiketekin nekatuta zegoen».

Sexologoak dira Alairen guraso biak; haientzat pentsatzekoa zen transexualitatea. «Baina horrek ez du esan nahi mingarria ez denik: kezka eta beldur asko ditugu». Ez zuten berehala onartu: «Teoria psikologiko batzuek diote haurren identitatea ez dela egonkortzen 7 urte bete arte; horregatik, guk, aurrerapausoak eman beharrean, itxarotea erabaki genuen, pentsatuta 7 urterekin definituko zela. Bi urtez, jendeari esan genion ez genekiela Alai neska ala mutila izango zen. Baina teoria horiek ez dute oinarririk: 2-3 urterekin haurrek argi dute beren sexu identitatea».

Galduta egon ohi dira gurasoak, Soraya Vega psikologoaren arabera: «Egoerak eskuetatik ihes egiten die askotan. Erreferente gutxi daude, eta emaitzak aurreikusteko gaitasun txikia dugu». Baina umeak ez dira arazo, erantsi duenez: «Oro har, problema familian, eskolan eta gizartean egoten da: generoaren zentzu bat inposatzen zaie haurrei, eta ez zaie libre jarduteko aukera askorik uzten. Gizon-emakume binomioak erabat baldintzatzen du genero aniztasuna normal-normal adierazi ahal izatea». Sendiek ziurtasunik eza sentitzen dutela dio Rosa Almirall ginekologoak, baina «formula magikorik» ez dagoela gaineratu du: «Ez dago transexualitatearen froga objektiborik, pertsonek adierazten dutenetik harago. Gure egitekoa da pertsona txiki horien eta gurasoen alboan egotea, ahalik eta erosoen senti daitezen».

Bartzelonako Transit zerbitzuan lan egiten dute Almirallek eta Vegak; 2012an sortua da, eta lehen mailako arreta zentro publiko batean dago. Ikuspegi aitzindaria eskaintzen dute: patologizaziotik aldendua. Izan ere, transexualitatea buru eritasuntzat dute osasun sistema gehienek: ebaluazio psikiatrikoa egiten diete transexualei, genero disforia diagnostikatu eta tratamendua abiatzeko. Almirallek, baina, ebaluazio psikiatrikorik ez egitea edo eskatzea erabaki zuen: «Ez dago transexualitatea buru nahasmendu gisara hartzeko eta disforia diagnostikatzeko exijitzen duen legerik. Protokolo medikoek beharrezkotzat joko balute ere, gomendioak dira; etikoki, horien gainetik daude pertsonen erabakitzeko ahalmena eta eskubidea». Horrek erabat aldatu du euren abiapuntua. Vega: «Uste dugu genero identitateetan aniztasuna dagoela; beraz, ez dugu nahasmendutzat hartzen, gizartean onartu gabeko aniztasun gisa baizik. Onarpenik ezak eragindako bizi gatazken gainean lan egiten dugu».

Baina zer aholkatu behar zaie sendiei? Transiteko kideentzat, haurren bilakaera errespetatzea da gakoa. Genero identitateak hainbat bide har ditzakeelako. Ume batek bere generoarekin ustez bat ez datorren jarduera bat egiteak ez du esan nahi transexuala denik, Vegaren arabera: «Kasu batzuetan, mutil batek soineko bat jantzi nahi du, baina mutil sentitzen jarraituko du. Beste batzuetan, ez. Ezin da jakin. Beraz, nahi duten bezala agertzen lagundu behar zaie».

Ildo horretan, Almirallek ohartarazi du generoari buruzko irakurketa asko sexistak direla; adibidez, futbola gustuko ez duten mutilek gatazka bat dutela esatea. «Generoa bizitzeko modu eta intentsitate asko daude, baina kontuan izan behar dugu trans batzuek eredu binarioenean kokatzen dutela beren burua». Erantsi du haur batzuengan ere ez dagoela genero malgurik: «Hasieratik argi dute beren identitatea, eta nabarmendu egiten dute: 2 urterekin irmo adierazten dute nor diren, eta 5ekin sentitzen duten generoan sozializatzen dira. Hor umeek dute ekimena, eta familiek alboan egon behar dute».

Eskolan ikusarazia

Transiteko kideen arabera, gurasoentzat une erabakigarria izaten da eskolarako jauzia: 5 eta 7 urte arteko haurrek etxean lorturikoa ikastetxean ere aplikatu nahi dutenean. Hain zuzen, eskolan izandako gatazka baten harira erabaki zuten Alairen gurasoek trantsitoa egitea. «Mutil zaharrago batek Alairi esan zion mutila zela zakila zeukalako», azaldu du Mayorrek. «Ahizpa hurbildu zen eztabaidara, eta mutilari esan zion: 'Zuk ezin baduzu pentsatu neska dela, ez pentsatu, baina ez ukatu, eta utzi bakean'». Erantzunak begiak ireki zizkien gurasoei: «Zertan ari ginen? Jendeari errespetua eskatzen genion, baina guk jarraitzen genuen berari buruz maskulinoan hitz egiten. Konturatu ginen Alaik hasieratik definitua zuela bere burua; guk aldatu behar genuela begirada. Hori izan zen lehen urratsa: lehen mutil bat ikusten genuen lekuan, neska bat ikusi behar genuen».

Orduan izan zuen lehen harremana Espainiako Chrysallis elkarteko arduradunekin, eta Euskal Herriko taldea antolatzen hasi zen. Antzeko egoeran zeuden familien arteko laguntza sare bat sortzea izan zen lehen helburua; besteak beste, ezagutza partekatzeko: «Txikikeriei buruzko zalantzak geneuzkan: non eros ditzakegu zakila duen neska batentzat erosoak diren kuleroak?».

Eguneroko oztopoen artean, haurren dokumentazio aldaketarena da elkartearen borroka zailenetakoa: agirietako izena eta sexua. Alairen nortasun agiriak dio mutila dela, jaiotza agiriak bezala. Espainiako legediaren arabera, ezingo du aldatu 18 urte bete arte. Mayorrek onartu du alabak izen neutroa edukitzea abantaila dela, baina sexuaren erreferentziak eragozpen handiak sortzen dizkie: «Aireportura banoa nire alabarekin, mutil bat dela adierazten duen dokumentu bat aurkeztuko dut; funtzionarioak esan ahal dit ez dagokiola berari, eta orduan Alairen kontu intimoen berri eman beharko diot. Sekulako eskubide urraketa da».

Nerabezaroa kezka nagusi

Baina haurren epe ertaineko etorkizunean dute gurasoek kezka nagusia: pubertaroan, gorputzean aldaketak gertatzen diren garaian. Umeak txikiak izan arren, horri buruz galdetzen diote Almiralli. «Medikuntzak, aukerak ematen dituenez, bide baterantz gidatzen ditu. Eta gurasoek, sarri, haurren sufrimendua saihesteko, esaten diete lasai egoteko, ez dituztela sexu ezaugarriak garatuko, blokeatzaileak daudelako, eta izango direla izan nahi duten gizonak edo emakumeak. Beraz, pubertaroa heltzean, gazteak ere larritu egiten dira, oso adi jarraitzen dituztelako aldaketa fisikoak».

Bi tratamendu mota daude. Batetik, hormona blokeatzaileak eman dakizkieke gaztetxoei pubertaroa hastean, 11-12 urterekin. Blokeatzaileek hormonazio naturala eteten dute, eta, ondorioz, ez dira bigarren mailako sexu ezaugarriak garatzen: bularrak, transexualitate egoeran dauden mutiletan —hilerokorik ere ez dute—; eta intxaurra, ahotsa edota bizarra transexualitate egoeran dauden nesketan. Bestetik, hormonazio gurutzatua har dezakete, 16 urtetik aurrera —legez pazienteei autonomia aitortzen zaien adina da—, desiratutako generoaren sexu ezaugarriak garatzeko.

Osasun arreta hori sare publikoan jasotzea bermatu nahi du Chrysallisek. «Pubertaroa gogorra da ia edonorentzat, baina gorputzaren aldaketak desio ez den norabidean gertatzen badira, are gogorragoa da», azaldu du Mayorrek. «Bizipen horietan asko dago jokoan. Nerabe bakoitzak erabaki behar du, baina hala nahi dutenek blokeatzaileak eta hormonak erabiltzeko aukera izan beharko lukete». Kezka du, halere, bi tratamenduen arteko epearekin: «Lau urte egin ditzakete haur gorputzarekin, inguruko lagunenak garatzen diren bitartean». Uste du ez duela zentzurik 16 urtera arte itxaroteak hormonazio gurutzatua abiatzeko: «Argi dute euren identitatea».

Halakorik oso herri gutxitan egiten dutela zehaztu du Rosa Almirallek, eta inon ez 15 urte bete aurretik. Zuhur jokatzearen aldekoa da bera; lasai hartzea gomendatu ohi die sendiei: «Oinarrizkoa da garapen fisikoaren prozesua nola doan ikustea: mutil biologiko batzuei oso berandu hazten zaie bizarra, eta neska biologiko batzuei bular gutxi ateratzen zaie. Hortaz, sarri, itxarotea komeni da, aztertzeko nolako eraldaketa fisikoa duten, eta nola sentitzen duten bilakaera hori». Pubertaroko aldaketekin eroso bizitzeko gai dira nerabe batzuk, baina jasangaitz egiten zaie beste batzuei. «Urrats bat gehiago edo gutxiago egiteko giltzarria sufrimendua izan behar da. Eta hori oso bestelakoa da prozesu bakoitzean. Haiek dute azken hitza».

Halere, gorputz autoestimua lantzeko beharra nabarmendu dute Transiteko kideek. Ariketa onuragarria litzateke gizarte osoarentzat, baina funtsezkoa da transexualentzat, Almirallen ustez: «Gustatuko litzaidake gehienek onartu ahal izatea beren garapen biologikoa; hartara, pertsona txiki horiek ez lukete euren sexu biologikoa ukatu beharko. Uste dut trans gizon edo emakume izateko heldutze prozesuan garrantzitsua dela jakitea zein den norbere sexu biologikoa, nahiz eta desiratua ez izan; nor diren eta non dauden ulertzen lagundu ahal die. Bestela, euren gorputzaren onarpena ez lantzeak samina eragingo die bizitzan».

Blokeatzaileek gazteen sexualitatean izan ditzaketen ondorioekin ere kezka agertu du: «Hormonazio naturalaren sentsazioak etetean, agian gazte horiek ez dute inoiz jakingo zein den bere sexualitatea; asko kezkatzen nau pertsona horiek beren gorputzez gozatzeko gai ez izateak».

Ongizatearen garrantzia

Mayorrek, ordea, Herbehereetako ikerketa bat aipatu du: «Blokeatzaileak erabiliz trantsitoa egin duten nerabeek edozein gazteren autoestimu eta bizi-kalitate maila bera dute». Ongizatearen garrantzia nabarmendu du: transexualitate egoeran dauden haur eta gazteentzat ezinbestekoa da onartuak izatea. «Ez da kontu estetikoa, hil ala bizikoa baizik».

11 sendik osatzen dute egun Chrysallis Euskal Herria. «Baina badakigu familia gehiago daudela egoera honetan», esan du. «Eta nolakoa izango da haur horien bizi-kalitatea? Heldu transexualen %43 bere buruaz beste egiten saiatu dira. Elkartearen helburua da errealitate hau sozializatzea, haur horiek ilunpetik ateratzeko, haurtzaro ukaturik izan ez dezaten, etorkizun hori saihesteko». Eta umeok irribarre egin dezaten: «Transexualitate egoerari disforia deitzen diote psikiatrek. Bitxia da: gure umeek disforia sufritzen dute, ezinegona, beren identitatea ukatzen zaienean; baina beren identitatean bizitzeko aukera ematen zaienean, disforiatik euforiara pasatzen dira, zorionera».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna