Albistea entzun

AEBetako hauteskundeak. Eta orain zer?

Iragarri ezinezko presidentea

Ustekabekoa izan da Trumpen garaipena, eta halakoa da hura ere. Barne politikan, bat dator oro har errepublikanoekin, baina atzerri gaietan galdera ugari ekarri ditu.
Hagan (Herbehereak) AEBetako emaitzei adi zeudenen irudi bat. Europan, oro har, zuhurtziaz hartu dute Trumpen garaipena.
Hagan (Herbehereak) AEBetako emaitzei adi zeudenen irudi bat. Europan, oro har, zuhurtziaz hartu dute Trumpen garaipena. LEX VAN LIESHOUT / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Samara Velte -

2016ko azaroak 10

Garaipenaren berri jakin osteko lehen hitzaldian, nabarmen apaldu du tonua Donald Trumpek. Adiskidetzeaz mintzatu da, «herrialdea berreraikitzeko». Kanpaina amaitu da, eta orain politikaren ordua dator. Alderdi Errepublikanoak gutxienez bi urte dauzka nahieran gobernatzeko, berak kontrolatzen baititu presidentetza eta kongresua. 2018an berrituko dituzte legebiltzarreko bi ganberak; bitartean, alderdiaren barruko tentsioak kudeatzen asmatu beharko dute errepublikanoek.

Izan ere, presidentea ez da alderdiko kide ortodoxoena: egun batean sutsuki defendatzen duena aise bazter dezake hurrengoan. Barne auzi gehienetan bat dator errepublikanoen ildo nagusiarekin, eta Barack Obamaren marka daramaten erreformak desegin nahi ditu. Osasunean, esaterako, bertan behera utzi asmo du asegurua izateko betebeharra, eta sistema publikoaren estaldura murriztu; osasun zerbitzua jaso nahi duenak enpresa pribatuetara jo beharko du ia beti.

Gobernu berriaren lehenbiziko urratsa Auzitegi Gorenean hutsik dagoen eserlekua betetzea izango da, ziurrenik. Antonin Scalia epailea otsailean hil zen, eta errepublikanoek blokeatu egin dute harrezkero Obamaren hautagaia; auzitegiko beste bi kidek 80 urte baino gehiago dauzkate, eta litekeena da errepublikanoek izendatzea haien ordezkoak ere. Auzitegiak hainbat gai polemikoren inguruan deliberatzen du, besteak beste, armen auzian eta ugalketa eskubideen inguruan. Trumpek ez du oso argi azaldu abortu legeak aldatuko ote dituen, baina Planned Parenthood sareari diru laguntzak mozteko asmoa babesten du.

Talka handiena immigrazio gaietan izango dute errepublikanoek. Trumpek zalaparta handiarekin iragarri du «zero tolerantziazko politika», baina ikusteko dago haren adierazpen hiperbolikoetatik zer den egingarria: paperik gabeko etorkin guztiak nekez sartu ahalko ditu atxilotze zentroetan deportatu arte. Errepublikano pragmatikoek, oro har, nahiago dute immigrazioaren auziari zuhurtzia handiagoz heldu.

Munduak ezagutuko du

Atzerriak ustekabean jaso du Trumpen garaipena. Galdera ugari eragin ditu haren kanpo politikak; alde batetik, presidentea bere adierazpen xenofoboengatik delako ezaguna; eta, bestetik, ez duelako argitu zein den bere plana Sirian, Iraken eta Yemenen zabalik dauzkan gatazketarako. Kanpo auzietako estratega errepublikano nagusiek bizkarra eman diote publikoki; ikusteko dago nor izendatuko duen Estatu idazkari, hark hartuko baitizkio diplomazia lan gehienak.

Kanpainan, Trumpek arinkeriaz hitz egin du atzerriaz. NATOrekiko konpromisoa zalantzan jar litekeela esan du, eta Ukraina, «funtsean, europarren arazo bat» dela; alderdikide askok eskuak burura eraman dituzte horregatik. Errusiako Gobernuarekin ere kontraesanezko jarrera erakutsi du orain artean. Alde batetik, lore ugari izan ditu Vladimir Putinentzat hedabideetan, baina, bestetik, Errusiaren hegazkin militarrak «botatzeko» mehatxua egin du AEBetakoetara hurbiltzen badira.

Errusiako presidenteak ere argi adierazi du nahiago duela Trump, Hillary Clinton baino. Bazekien hautagai demokratarengandik zer espero zezakeen: atzerri politika erasokorra, Libia eta Siriako esku hartzeak zorrotz defendatzen zituenez gero. Trumpekin aiseago moldatuko delakoan dago orain Kremlin; azken batean, ez dira oso lengoaia desberdinetan mintzo bi magnateak.

Beste herrialde batzuk ez daude inondik inora Trumpekin flirtean ibiltzeko. Iranek, ezer baino lehen, iragarri du akordio nuklearra bere horretan mantenduko dela; eskaintza bat baino gehiago, exijentzia bat izan da ia. Kubak «herrialdea eta tropak trebatzeko» ariketa militarrak iragarri ditu hurrengo asterako. Eta Europako Batasuneko gobernu nagusiek ere zuhurtziaz erreakzionatu dute: oro har kontserbadoreak izanagatik, aurreikusi ezinezkotzat daukate Trump. Haren inpultsibotasunak kezka eragiten du Bruselan. Mundua orain hasiko da Trump ezagutzen. Eta Trump, ziurrenik, mundua.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Rano Raraku sumendiaren magalean dauden moaiak kiskali ditu suak. ©Rapa Nuiko Udala

Moai eskultura erraldoiak kaltetu ditu suak Pazko Uhartean

Edu Latzanguren

«Moaiak erabat kiskalita daude», adierazi dute adituek. Suak erosioa eragin die, kristalizatu eta apurtu duelako haien kanpoko geruza. Dozenaka daude kaltetuta.

Ales Bialiatski ©ANDERS WIKLUND / EFE

Ales Bialiatskik, Errusiako Memorial erakundeak eta Ukrainako Askatasun Zibilen Zentroak jaso dute Bakearen Nobel saria

Mikel O. Iribar

«Giza eskubideen alde aritzeagatik eta boterearen gehiegikerien aurka egindako ahalegin bereziagatik» saritu ditu Osloko Nobel Institutuak.

50 zentimoko txanpon berria, Charles III.aren aurpegiarekin. ©TOM HARRISON / EFE

Commonwealtharen etorkizuna jomugan

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Erresuma Batuko Elizabeth II.aren heriotzak Commonwealtha aldatu du. Charles III.a hamabost herrialdetako erregea da, eta horietako lauk errepublika bihurtzeko prozesua abiatu dute. Jamaikak, Antigua eta Barbudak, Saint Vincent eta Grenadinek eta Belizek«independentzia osoa» lortu nahi dute.

 ©ROSALEA HAMILTON

«Jamaikan arrasto handia utzi du iragan kolonialak»

M. Elkoroberezibar Beloki

Aberastasunaren banaketa desorekatua Jamaikaren iragan kolonialaren ondorio da, Hamiltonen ustez. Errepublikaren eta demokrazia zuzenaren aldekoa da abokatua.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...