Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Mundua Trumpen fiskal nagusia itaundu dute Senatuan, arrazismoaren itzalpean

Publizitatea

Mundua

Trumpen fiskal nagusia itaundu dute Senatuan, arrazismoaren itzalpean

. Sessionsek fiskal nagusi izateko deklaratu du, eta migratzaileen aurka egin du. Trump prentsa agerraldia egitekoa da gaur. AEBetako trantsizio gatazkatsua azken fasean sartu da
Argazkia: JIM LO SCALZO / EFE

2017-01-11 / Adrian Garcia

Ezohiko hautagaia zen Donald Trump errepublikanoa, eta ezohiko trantsizioa ari da izaten Etxe Zuriko botere aldaketa. Kanpainan erabilitako jokamoldea baretuko zuela aurreikusi zuten hainbat analistak, eta urtarrilaren 20a iritsi ahala presidente itxura hartzen hasiko zela. Baina haren agintaldia zalantzaz josi dute presidente hautatuaren portaerak eta Twitter sare sozialean zabaldu dituen mezuek: Barack Obamarekin zuzenean egin du talka hainbatetan, konpainia handiei mehatxu egin die, burtsak astindu ditu, Txinarekiko harreman diplomatikoa kaltetu du, eta auzitan jarri ditu zerbitzu sekretuen txostenak. Trantsizioa azken fasean sartu da, eta atzo hasi zen Senatua Trumpek izendaturiko goi kargudunak aztertzen; Jeff Sessions fiskal nagusia kargua hartzeko itaundu zuten senatariek, eta 30 urteko ibilbide «arrazista eta intolerantea» egotzi diote.

Edonola ere, demokratek aukera gutxi dituzte izendapenak baztertzeko, gutxiengo baitira Kongresuan. Eta izan, badituzte arrazoiak horretarako. Segregazioaren garaian hegoaldean hazi zen Sessions, eta ugariak dira haren jarrera arrazistak; beltzak gutxietsi izan ditu jendaurrean, eta Klu Klux Klani buruzko txantxak egin. 1980eko hamarkadan Alabamako fiskal federala zenean hauteskunde iruzurra egitea leporatu zien afro-amerikarren boto eskubidea bermatu nahi zuten ekintzaileei.

Bulegoetan ez ezik, kalean ere gatazkatsua izaten ari da botere aldaketa, eta Senatua ez da salbuespena izan. Manifestariek —horietako batzuk, Klu Klux Klaneko kidez jantzita— eten egin dute Sessionsen hitzaldia, «Trumpik, AEB faxistarik ez, Ku Klux Klanik ez» oihupean.

Presidente berriarekiko independente itxura ematen saiatu da Sessions, eta kontrabotere gisa jarduteko prest agertu da, Trumpek «botere gehiegikeria» egingo balu. Errepublikanoaren kanpainako hainbat proposamen ukatu ditu hurrengo fiskal nagusiak: musulmanei herrialdean sartzen debekatzearen aurka dago, eta Hillary Clinton demokraten presidentegaia ez ikertzeko konpromisoa hartu du. Halere, gogor egin du migratzaileen aurka, AEBetako herritarren soldatak txikitzen eta lan aukerak gutxitzen dituztela salatuta. Haatik, arrazista izatea ukatu du, eta ziurtatu du inoiz ez duela loturarik izan Klu Klux Klan talde arrazistarekin.

Gaur, estatu idazkaria

Gaur, Estatu idazkari izendatutako Rex Tillersonen txanda izango da. Haren izendapenak ere hautsak harrotu ditu: Exxon Mobil petrolio enpresako kontseilari ordezkari ohia da. Halere, kezka gehien eragin duena da Vladimir Putin Errusiako presidentearekin duen harreman berezia. Petrolio enpresaren presentzia zabaldu zuen Errusian, eta Obamak Moskuri zigorrak jarri zizkionean Ukrainako gerra dela eta, aurka agertu zen Tillerson. 2013an, Adiskidetasunaren Domina eman zion Putinek.

Trumpek izendatutako goi kargudunak itauntzen jarraituko du Senatuak hurrengo egunetan. John Kelly jeneralak Segurtasun Departamentuko zuzendari izateko galbahea pasatu beharko du, eta Mike Pompeo kongresistak, CIAko zuzendaria izateko.

Errepublikanoen Kongresuko gehiengoak kargudunen itaunketa tramite huts bat bihurtuta ere, Trumpek lan handia du egiteko Etxe Zurian sartu aurretik. Enpresa sare erraldoi baten jabe da, eta, nahiz eta ondasun horiek guztiak baztertu, zaila izango du interes talka saihestea. Bostehun enpresa baino gehiago daude Trump sendiari lotuta, eta, aldi berean, enpresa horiek atzerrian inbertsioak dituzte, Indian, Filipinetan, Turkian eta AEBek interes diplomatiko delikatuak dituzten beste herrialdeetan. Jared Kushner suhiak ere albo batera utzi beharko ditu bere negozio milioidunak, Trumpek aholkulari gisa hartu baitu. Hain zuzen, gaur emango du prentsaurrekoa magnateak, interes talken auziak azaltzeko. Uztailetik prentsaren aurrean azalpenak ematen dituen lehen aldia izango da.

Obamaren azkena

Obama, berriz, atzo gauean ematekoa zen azken hitzaldia presidente gisa. Josh Earnest Etxe Zuriko bozeramaileak diskurtsoaren nondik norakoak aurreratu ditu. Agintariak azken zortzi urteetan lortutakoa nabarmenduko du, «herri guztiari» bidalitako mezu batean. Baina AEBek aurre egin behar dieten erronkak ere izango ditu mintzagai, eta horiei heltzeko beharrezkoak diren «balioak». Chicagon eman du hitzaldia, bere ibilbide politikoa hasi eta familia sortu zuen hirian.

Publizitatea

Sortu kontua

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak