Noiz sortua: 2016-12-04 00:30:00

Hautsez betetako paradisua

Adituek diotenez, hautsak berebiziko garrantzia izan zuen Saharako basamortuaren sorreran. Lorategi oparo bat zen garai batean, baina klima aldatuta, idortu egin zen.
Hauts fronte bat Sahararen gainean, Nazioarteko Espazio Estaziotik ikusita.
Hauts fronte bat Sahararen gainean, Nazioarteko Espazio Estaziotik ikusita. ALEXANDER GERST / NASA

Juanma Gallego -

2016ko abenduak 4

Basamortu latza eta idorra da gaur egungo Sahara, baina gauzak ez dira beti horrela izan. Zientzialariek aspalditik dakite duela milurteko batzuk oso bestelako paisaia zegoela han, eta gizakiak gai izan zirela lorategi horren abantailak profitatzeko. Baina, orain dela 5.000 urte inguru, gauzak okertzen hasi ziren, eta berde koloreko paradisuak hauskararantz jo zuen pixkanaka. Han bizi zirenek inguru berrietara egokitzeko beharra izan zuten, nahitaez.

Science Advances aldizkarian argitaratutako ikerketa batek klima aldaketa hori hobeto ulertzeko parada eman die klimatologoei. Zehazki, Saharako hautsak azken milurtekoetan Ipar Afrikako prezipitazioetan zer rol bete duen aztertu dute adituek. Eskuratu dituzten datuen arabera, duela 16.000 urte, azken Izotz Aroaren amaieran, inoiz baino hauts gehiago zegoen, gaur egun dagoena halako bi. Duela 11.000 eta 5.000 urte arteko aldian, berriz, gaur dagoen hautsaren erdia zegoen. Zeru oskarbiak eguzki argi gehiago pasatzeko bidea eman zuen, eta horrek, berriz, ozeanoaren tenperaturen gorakada ekarri zuen. Beroago egonda, ozeanoak ur lurrun gehiago sortu zuen, eta, horrekin batera, montzoi handiagoak izan ziren. Soka luze horren muturrean bizitzan blai eginda zegoen Sahara berdea topatu dute zientzialariek. Ondoren, hauts kopurua berriro igo eta basamortua nagusitu zen.

Egin dituzten kalkuluen arabera, Ozeano Atlantikoaren azaleko tenperatura 0,15 gradu igo zen. Horrenbesteko eragina izan dezake, ordea, hain tenperatura alde txikiak? Baiezkoan dago Massachusettseko Teknologia Institutuko paleoklimatologo David McGee. Ikerketan parte hartu duen adituaren esanetan, tropikoetako itsasoaren azalean diren tenperatura alde txikiek haizearen patroiak aldatzeko ahalmena dute. «Beraz, Ipar Atlantikoko tropikoetan izandako berotze txiki hori nahikoa izan zitekeen haize patroiak aldatzeko eta udako montzoian zehar Ipar Afrikara eramandako ur lurrunaren igoera sortzeko».

Ikerketa abiatzeko, duela 25 urte Bahama uharteetan bildutako sedimentuak aztertu dituzte. Ikerketak iraganeko zein etorkizuneko klima aldaketak hobeto ulertzeko bidea emango duela uste du McGeek. «Klima iragartzeko ereduak probatzeko, klimatologoek ikusi behar dute ea eredu horiek iraganean izandako aldaketak zehaztasunez erreproduzitzeko gai ote diren».

Enric Terradellas meteorologoaren arabera, atmosferan diren partikulek lotura estua dute eguraldiarekin eta klimarekin. Barcelona Dust Forecast Center erakundeko zuzendaria da Terradellas, Munduko Meteorologia Erakundeak hautsaren inguruko iragarpenak egiteko aitortuta duen mota honetako gune bakarra.

Hautsa ari du

Adituaren esanetan, atmosferan dauden partikulen %40 inguru hauts minerala da. Bi motatako eragina sortzen dute. «Batetik, Eguzkitik jasotzen dugun energia zein Lurretik espaziora bueltan doana arautzen dute. Era horretan, partikulek energiaren zati bat xurgatzen dute eta beste zati bat islatzen dute. Bestetik, hodeien eraketan ere eragina dute, eta horrek prezipitazio ereduak aldatzeko ahalmena dauka», argitu du adituak.

Europarako, Ipar Afrikarako eta Ekialde Hurbilerako aurreikuspenak egiten dituzte Bartzelonan. «Europan, normalean, ez dago arazorik, baina zenbait herrialdetan arazo larriak eragiten ditu hautsak. Afrikan, meningitis izurriteek milaka lagun jotzen dituzte urtero. Ekialde Hurbilean, hautsak bereziki Iranen sortzen ditu arazo gehienak. Laku eta akuifero asko lehortu dira, eta ondoren gelditzen den sedimentua oso arriskutsua izan daiteke haizeak barreiatzen duenean», ohartarazi du Terradellasek.

Populazio egonkorra

Iraganean hain inguru egokia izanda, normala da gizaki asko bizi izana. Andoni Saenz de Buruaga Euskal Herriko Unibertsitateko arkeologoak urteak daramatza Sahararen iragana ikertzen eta, aldi beran, gaur egun han bizi diren biztanleekiko elkartasun ekintzak sustatzen. Kultursahar.org elkartearen bidez aurrera eraman dituzte eginkizun ugari. Mendebaldeko Saharan dagoen Tiris izeneko eskualdea arakatzen dute bereziki.

«Badakigu jende asko bizi izan zela Mendebaldeko Saharan duela 8.000 eta 3.000 urte arteko aldian», esan du Saenz de Buruagak. Holozenoa da adituek ongien ezagutzen duten aroa, hau da, duela 11.500 urte inguru, azken glaziazioaren ostean abiatu zen aro epela. «Euriteak izan zirela egiaztatu dugu. Horren lekuko dira, adibidez, antzinako lekuetan bizi izan ziren gasteropodoen oskolak».

Garai horren hasieran Saharan bizi izan ziren populazioen inguruko aztarna gutxi gelditu dira; tartean, oinatz marka bakan batzuk. Duela 8.000-5.000 urteko aztarnei so, berriz, giza presentziaren datu gehiago eskuratu dituzte. «Zeramika eta hilobiak agertu dira, eta, oro har, abeltzaintzan oinarritutako ekonomiaren aztarnak. Garai horretan, tenperaturek pixkanaka gora egin zuten, eta hezetasuna gutxitu zen. Gero eta lehorte gehiago izan ziren».

Lehen saharar horiek abeltzaintzan oinarritu zuten beren bizimodua, baina ehiza eta arrantzarekin osatu zuten. «Zenbait lakutan janaria eskuratzeko aukera izan zuten. Oskolak azaldu dira aztarnategietan, eta margolanetan ere arrainak azaltzen dira». Baina nekazaritza ez zen jarduera ohikoa Saharan. «Izatekotan, noizean behingoa izango litzateke. Gaur egungo nomadek ere antzeko jardueran dihardute, euriteak direnean».

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Maiatzaren 29an eguneratua, 19:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan bost pertsona hil dira COVID-19 gaitzaren eraginez, hamabi positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta hiru gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Herrian 29.287 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.066 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Arantzazu (Oñati, Gipuzkoa), larunbatean. ©Marisol Ramirez / Foku

Hego Euskal Herria, azken faserako prestatzen

Berria

EAE datorren astelehenean hirugarren fasera pasatzeko eskatuko dio gaur Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak Espainiako Gobernuari, eta Nafarroa «normaltasun berrira iristeko neurriak» onartzeko prest dagoela esan du Maria Txibite presidenteak

Iñigo Urkullu eta Nekane Murga, goizeko bileran. ©/ Irekia

Ekainaren 8an hirugarren fasera igarotzeko eskatuko du gaur Jaurlaritzak

Jon O. Urain

Nafarroako Gobernuak «oso balorazio positiboa» egin du erkidegoek konfinamendua leuntzeko hirugarren fasea kudeatzeko aukeraz.

Aitor Esteban eta Salvador Illa, Kongresuan. / ©Ballesteros, EFE

Erkidegoek kudeatuko dute hirugarren fasea

Jon Ordoñez Garmendia

Alarma egoera luzatzeko akordioa egin dute Espainiako Gobernuak eta EAJk, eta horren truke Urkulluk eta Txibitek hartu, kendu, moldatu eta ezarriko dituzte alarma egoeratik ateratzeko neurriak hirugarren fasean Hego Euskal Herrian. ERCrekin ere egin du akordioa Madrilek. Jaurlaritzak bihar eskatuko du ekainaren 8an hirugarren fasean sartzea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna