Albistea entzun

Generalitateak A-9ko planari eutsiko dio

Kataluniako Gobernuak A-9ko «herritarren parte hartze prozesua» defendatu du, eta esan du Madrilek ez duela debekatzeko ezer
Artur Mas, atzo, gobernuak eginiko bileran sartu aurretik.
Artur Mas, atzo, gobernuak eginiko bileran sartu aurretik. TONI GARRIGA / EFE

Adrian Garcia -

2014ko urriak 29

«Hautetsontziak kalera aterako ditugu A-9an». Generalitateak aurrera jarraituko du azaroaren 9ko plangintzarekin, nahiz eta Espainiako Gobernuak bertan behera uzteko tramiteak hasi. Kataluniako Gobernuko bozeramaile Francesc Homsen esanetan, Madrilek ezin du debekatu boluntarioetan oinarritzen den prozesu bat. «Ezin da debekatu egiten ez den zerbait». Espainiako Gobernuak txosten bat eskatu zion herenegun Estatu Kontseiluari, galdeketa legez kanpo uzteko. «Madrilek nahaste handia du», esan du Homsek. Haren hitzetan, hasierako kontsulta ordezkatzen duen proposamen berria legearen araberakoa da, «Generalitateak herritarren parte hartzea sustatzeko eskumenak dituelako».

Estatu Kontseiluak biharko bileran onartuko du A-9ko kontsulta alternatiboaren legezkotasunari buruzko txostena. Idatzi horrekin, Auzitegi Konstituzio nalaren aurrean inpugnatu nahi du Madrilek Kataluniako Gobernuak hasitako «herritarren parte hartze prozesua» antolatzeko ekintza oro. Rafael Catala Justizia ministroak azaldu duenez, funtzionarioei eta ikastetxeei emandako argibideak aztertzen ari dira. «Generalitateak ezin du onartu legez kontrakotzat jotako kontsulta baten baliokidea». Litekeena da ostiraleko ministro kontseiluan onartzea inpugnazioa.

Homsen arabera, Madrilen jarrera «guztiz zentzugabea» da. Azken hamabost egunetan Moncloa jauregitik egin dituzten adierazpenen bilakaeraz ohartarazi du. «Burla egiten zioten hasieran. Eta orain estatua mehatxatzen duen zerbait dela esaten dute». Bozeramailearen ustetan, inpugnazioak ez du aurrera egingo. «A-9an gertatuko dena debekatzea zuzenbide estatuaren eta demokraziaren kontra doa. XVI. edo XVII. mendeko agintzeko era da».

Babesaren truke, bozak

Kataluniako alderdi guztiek —PPCek eta Ciutadansek salbu— egin dute Madrilen erabakiaren aurka. «Gobernuak nahi duena inpugna dezake. Gure pentsamenduak eta ideologia legez kanpo uzteko gertu dagoela uste dut batzuetan», adierazi du ERCko idazkari nagusi Marta Rovirak. Katalunian erabakitzeko eskubidearen aldeko gehiengo sozial eta politiko argi bat dagoela gogoratu du Rovirak, eta Artur Masen gobernuari kataluniarren bozkatzeko eskubidea defenda dezala eskatu dio. «Bat, bi edo hiru inpugnaziorengatik ez dugu geratu behar. Agindu demokratikoa dugu, eta bozkatzeko eskubidea guztiaren gainetik dago».

Lehenbailehen hauteskundeetara deitzea nahi du ERCk. Pere Aragones diputatuak baldintza hori jarri dio Egonkortasun Akordioa egiteko. Akordio horrek ez luke 2015eko aurrekontuak babestea esan nahiko, baina bai luzapen bat ematea.

Gobernuaren balizko inpugnazioa dela eta, CUPek desobeditzeko deia egin du. Quim Arrufat diputatuak «estatu frankistaren» debekuei jaramonik ez egiteko exijitu dio gobernuari.

Joan Herrera ICVko koordinatzaile nazionalak gogor kritikatu du PP, galdeketa alternatiboa bertan behera uzten saiatzeagatik. «Frankismoaren oinordekoek ez dute erabakiko A-9an zer egingo dugun». Auzitegi Konstituzionalak legez kanpo utziz gero, ongi irudituko litzaioke gobernuak galdeketari eustea erabakiko balu. Baina ez dio hori egiteko eskatu. «Mobilizazioaren adierazpen forma guztiei eutsi behar diegu. Legez kanpo utz dezakete, baina mobilizazioak ezingo dituzte gelditu». Haatik, Herrerak ez du argitu A-9ko proposamen berrian parte hartuko duen edo ez. Joan Mena EUiAko diputatuak azaldu du koalizioa lan egiten ari dela A-9a «mobilizazio egun» handi bat izan dadin.

PSCren ustez, «okerra»

PSCk uste du «okerra» litzatekeela A-9ko parte-hartze prozesua inpugnatzea, eragin juridikorik ez duelako. Maurici Lucena alderdiko parlamentaria PSOEko Politika Ekintzako arduradun Patxi Lopezen hitzetatik urrundu da horrela. Izan ere, Kataluniako gizartea banatzeko tresnatzat jo du A-9ko kontsulta EAEko lehendakari ohiak.

Bestalde, PPCko buru Alizia Sanchez Camachok uste du «lege bermerik gabeko itxurakeria» dela, eta beraz gobernuak ezin duela «demokraziari burla egiten utzi». Ciutadansek ere txalotu egin du Espainako Gobernuaren erabakia.

Kontsultaren aldeko alderdiek ez dute plangintza moldatu, eta A-9ko euren prestaketekin jarraitzen dute. Boluntarioak lortzeko kanpainaren epea itxi du Generalitateak. 38.706 lagunek eman dute izena, espero zenaren bikoitza ia.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Gerald Darmanin Frantziako Barne ministroa eta Gilles Simeoni Korsikako gobernuburua elkarri eskua ematen, iragan uztailean, negoziazioen lehen bilkura amaitu ostean, Parisen ©CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE

Korsikako hautetsien eta Frantziako Gobernuaren arteko negoziazioak, oinarri bila

Ander Perez Zala

Darmaninek atzeratu egin du bihar uhartera egitekoa zuen bisita, «eztabaida bare baterako baldintzarik» ez dagoela argudiatuta. Protestak antolatu dituzten gazte mugimenduek aho batez eskatu dute elkarrizketak hausteko.

Autodeterminazioaren eta Amnistiaren Aldeko Akordio Sozialaren prentsaurrekoa, gaur, Bartzelonan. ©INTERSINDICAL

Kataluniako berrehun udalerri daude amnistiaren eta autodeterminazioaren alde

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Hirurehun erakundek eman diote babesa Autodeterminazioaren eta Amnistiaren Aldeko Akordio Sozialari, tartean alderdi politiko independentistak, zenbait sindikatu eta ikasle antolakunde.

Danimarkako lehen ministro Mette Frederiksen, gaur, Kopenhagen egindako agerraldian. ©Liselotte Sabroe / EFE

Danimarkako bozak azaroaren 1era aurreratu ditu lehen ministroak

Mikel O. Iribar

Gobernu sozialdemokrata babesten duten alderdiek behartuta hartu du erabakia Mette Frederiksenek.

Suhiltzaile batzuk, atzo, bonbardaketa batek Kharkiven (Ukraina) txikitutako lantegi batean lanean. ©SERGEY KOZLOV / EFE

Zelenskik berretsi du ez duela Putinekin negoziatzeko asmorik

Igor Susaeta

Errusiako goi ganberak Ukrainan partzialki okupatutako lurrak anexionatzeko itunak onartu ditu. Kremlinen mapek erakusten dute Moskuren indarrek segitzen dutela gerra frontean atzera egiten

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...